Industria

Ingemarren proiektu berriak 35 lanpostu salbatuko ditu

Usurbilgo marmol lantegiko 70 beharginak kaleratzeko dosierra aurkeztu zuen zuzendaritzak orain hilabete batzuk, baina akordioa lortu dute erdiek lanean jarrai dezaten.

Ingemarreko langileen agerraldi bat, orain hilabete batzuk.
Ingemarreko langileen agerraldi bat, orain hilabete batzuk. IDOIA ZABALETA /ARGAZKI PRESS

Xabier Martin -

2017ko irailak 15

Usurbilgo (Gipuzkoa) Ingemarrek albiste onak eman ditu ezustean. Planta itxi eta lantalde osoa (70 langile) kaleratu zuen zuzendaritzak aurreko hilean. Ez zen espero inolako berpizterik, harik eta langileek proiektu berri batean hasteko akordioa erdietsi duten arte. "Benetako industria proiektua da; makinerian eta produktuan egin beharreko inbertsioak zehazturik daude, eta jarraituko duten langileei ez zaizkie baldintzak aldatuko", azaldu ELA sindikatuak.

Urte hasieran Ingemar hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta ekainean aurkeztu zuten beharginen kontratuak hausteko erregulazioa. Kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu zen. "Hala ere, eta presio sindikal eta juridikoaren ondorioz, negoziazio-bide berriak urratu ziren, eta azkenean akordioa lortu da", dio ELAren oharrak. Itun horren arabera, lantalde erdiari pizgarriak emango dizkiete enpresatik joateko, "baja ez-traumatikoak" izango direla dio sindikatuak. 30 egun lan egindako urte bakoitzeko kalte ordaina izango dute enplegua uzten dutenek. Gainontzekoek lanean jarraituko dute, prozesu guztia hasi aurretik zituzten lan baldintzak galdu gabe.

Itxaropena galduta

"Langileek urteak daramatzate borrokan, Ingemar Taldeak industria-proiektu bat Usurbilen finkatu dezan. Urte horietan guztietan ekintza ugari antolatu dira, elkarretaratzeak, bilerak, biltzarrak, eta 150etik gora greba-egun", dio ELA sindikatuak. "Aldi gogorrak" bizi behar izan dituztela kontatu dute langileek; "batzuetan ez zegoen batere itxaropenik taldeak Usurbilgo lantegiaren aldeko apustua egiteko". Azkenean, ordea, eta enplegu erdia galdu den arren, albiste onak iritsi dira itxitzat jotzen zen enpresatik.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna