Albistea entzun

KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Bilboko kaleak gainezka, Euskal Herriak ere erabaki nahi duela aldarrikatu du Gure Esku Dago-k

Kataluniako erreferendumari babesa agertu diote manifestariek, eta "demokrazia" galdegin dute. Ez, ordea, Kataluniarentzat bakarrik; baita Euskal Herriarentzat ere. Herritar plataformak adierazi duenez, Euskal Herrian badaude baldintzak erabakitze bideari ekiteko, eta elkarlanerako deia egin du, norabide horretan urratsak egiteko.

Bilboko Autonomia kalea jendez gainezka, gaurko manifestazioan.
Bilboko Autonomia kalea jendez gainezka, gaurko manifestazioan. Javier Zorrilla / EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2017ko irailak 16 07:12

Bilboko Autonomia kalea txiki utzi du Gure Esku Dago-ren manifestazioak. Kataluniako erreferendumari babesa adierazteko deitu du manifestaziora herritar plataformak gaurko, eta jendeak gogotsu erantzun dio deialdiari. Milaka lagun elkartu dira, eta manifestazioaren ibilbidea bete egin dute, erabat.

Katalunia eta Euskal Herriaren arteko lotura nabarmentzen zuten keinuak izan dira ibilbide osoan: ikurrinak eta senyerak elkarrekin, "gaur Katalunia, bihar Euskal Herria" zioen kartela, "independentzia" eta "votarem" oihuak. Keinu adierazgarrienetakoa, akaso, manifestariek behin baino gehiagotan L'Estaca abestia euskaraz abestu dutenekoa.

Manifestazioak Casilla plazatik hasi eta Bilboko udaletxera arteko ibilbidea egin du. Amaieran adierazpena irakurri dute Gure Esku Dago-ko bozeramaileek, lau hizkuntzatan. Azaldu dutenez, Kataluniari elkartasuna adierazteko deitu dute mobilizazioa, bere "etorkizuna erabakitzera doan une historiko honetan", eta babestu egin dute urriaren 1ean erreferenduma egiteko asmoa. "Ozen esan behar da: erreferenduma demokrazia da, etorkizuna erabakitzeko bozkatzea demokrazia da".

Katalunian erreferenduma antolatzeko abian den ekinaldiari babesa adieraztean gain, ordea, Euskal Herrian ere bide berari ekitea galdedin dute. "Bideak bide, guk ere gure buruaren jabe izan nahi dugu. Euskaldunok gure aukera landu behar dugu". Hala, elkarlanari ekiteko deia luzatu dute. "Ez dira begira egoteko garaiak, lanerako eta sormenerako garaiak baizik. Etorkizuna gure esku dago".

Deialdiarekin bat egin duten eragileetako ordezkariak ere izan dira manifestazioan. EAJko kideak, EH Bildukoak, ELAkoak, LABekoak eta Independentistak sarekoak, besteak beste. Haiek ere adierazpenak egin dituzte, manifestazioa hasi aurretik. Hala, Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak kataluniaren erabakitzeko eskubidea defendatu du. "Katalunia nazioa da. Eskubide politikoak ditu. Erabakitzeko eskubidea du, zilegitasun osoz". Aldiz, EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek Espainiako Estatuaren jokabidea salatu du. "Espainiako estatua ez da estatu demokratiko bat. Hori ari da erakusten egunotan". LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk nabarmendu du Kataluniaren eta Euskal Herriaren egoerak badituztela kontuan hartzeko antzekotasunak: "Katalunia eta Euskal Herria, aldeak alde, biok bizi gara estatu antidemokratiko baten menpe". Azkenik, Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak gizartearen mobilizazioari eman dio garrantzia. "Katalunian prozesua herriak jarri zuen martxan eta erakundeetara eraman da".

BERRIAk zuzeneko kontaketa egin du. Iñigo Astiz-ek manifestazio barrutik eman du mobilizazioaren berri. Horrela kontatu dugu:

 

Zuzeneko kontakizuna

19:04

Gure Esku Dago: "Guk ere gure buruaren jabe izan nahi dugu"

Amaierako ekitaldian Gure Esku Dago-ko bozermaileek irakurri duten adierazpenaren laburepena:

"Denon artean erakutsi dugu herri solidario bat garela, erakutsi dugu elkartasuna gure nortasunaren zati bat dela".

"Hemen gaude Kataluniako herriari gure babesa eskaintzeko, etorkizuna erabakitzera doan une historiko honetan".

"Ozen esan behar da: erreferenduma demokrazia da, etorkizuna erabakitzeko bozkatzea demokrazia da".

"Jazarpen judizial guztien gainetik, Kataluniako lagunok, gure begirunea eta babesa dauzkazue, estem amb vosaltres".

"Urriaren 1eko erreferendumak gure babes osoa du, Kataluniako herritarren gehiengoaren borondatearen emaitza delako".

"Bideak bide, guk ere gure buruaren jabe izan nahi dugu. Euskaldunok gure aukera landu behar dugu".

"Ez dira begira egoteko garaiak, lanerako eta sormenerako garaiak baizik. Etorkizuna gure esku dago. Goazen ba!".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:54

Gure Esku Dago manifestazioaren amaierako adierazpenean:

"Gaur herri solidarioa garela erakutsi dugu. Kataluniari babesa emateko gaude hemen, hain justu, bere etorkizuna erabakitzera doanean. Ez da begira gelditzeko unea; elkarrekin batera bidea egitekoa, baizik; konfiantza sareak eratzeko elkarlanean aritzekoa eta sortzaile izatekoa".

"Argi eta garbi esan beharra daukagu: erreferenduma demokrazia da. Etorkizuna erabakitzeko bozkatzea demokrazia da".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:42

Jendetza bildu da Bilboko kaleetan

Bilboko Autonomia kalea txiki utzi du Gure Esku Dagoren manifestazioak. Milaka pertsona bildu dira Kataluniako erreferenduma babestera, "demokrazia" aldarri.

Ikurrinak, senyerak, bozkatzearen aldeko kartelak eta botopaperak ere ikusi ahal izan dira ibilbidean. Independentziaren aldeko ohiuak izan dira eta erreferendumaren aldekoak. "Votarem", entzun ahal izan da behin baino gehiagotan.

Manifestazioa Bilboko udaletxearen parera iritxi da eta amaierako adierazpena irakurtzen ari dira une hauetan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:37

Eragileen adierazpenak manifestazioa hasi aurretik

Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak kataluniaren erabakitzeko eskubidea defendatu du. "Katalunia nazioa da. Eskubide politikoak ditu. Erabakitzeko eskubidea du, zilegitasun osoz".

EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek, berriz, Espainiako Estatuaren jokabidea salatu du. "Espainiako estatua ez da estatu demokratiko bat. Hori ari da erakusten egunotan".

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Kataluniaren eta Euskal Herriaren egoerak antzekotasunak dituela nabarmendu du: "Katalunia eta Euskal Herria, aldeak alde, biok bizi gara estatu antidemokratiko baten menpe".

Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak gizartearen mobilizazioari eman dio garrantzia. "Katalunian prozesua herriak jarri zuen martxan eta erakundeetara eraman da"

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:24

Gure Esku Dago "Euskal Herrian ere badaude baldintzak erabakitze bidean hasteko"

Gure Esku Dagok Kataluniako erreferenduma defendatu du eta kataluniarrek erabakitzearen alde hasi duten bidea Euskal Herrian abiatzea aldarrikatu du. "Euskal Herrian ere badaude baldintzak erabakitze bidean hasteko", adierazi du Zelai Nikolas herritar plataformako bozeramaileak. Erabakitzea "normala" izango den demokrazia ereduaren alde agertu da.

Anjel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramaileak, berriz, Espainiako Estatuak erreferenduma oztopatzeko agertu duen jarrera kritikatu du. "Ez du bat egiten XXI. mendeko demokraziarekin".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iheslariak, 2013ko ekainean Miarritzen egindako ekitaldian. Han iragarri zuten sorterrira itzultzeko borondatea. ©GAIZKA IROZ /LE JOURNAL

BAINA BIHOTZAK DIO

Gotzon Hermosilla

Azken bost hamarkadetan, euskal iheslariena errealitate ezkutu eta ezezaguna izan da askorentzat. Mundu osoan barreiaturik egon ostean, aspaldi honetan sorterrirako bidea hartu dute haietako askok; hala ere, oraindik badaude zenbait oztopo, guztien etxeratzea galarazten ari direnak.

Iheslariak, 2013ko ekainean Miarritzen egindako ekitaldian. Han iragarri zuten sorterrira itzultzeko borondatea. ©GAIZKA IROZ /LE JOURNAL

Errefuxiatuen alderik humanoenaren bila

Ainhoa Larretxea Agirre

Sei errefuxiaturen historiak bilduko ditu 'Kaxa Hutsak' webdokak. Iheslarien alde humanora jo nahi izan dute, iheslari izateak bakoitzarentzat zer erran nahi duen adierazteko. Josu Larizen esperientzia biltzen duena dago ikusgai.
Jon Irazola, Itziar Imatz, Pello Gantxegi eta Arantxa Sasiain, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. ©JON URBE / FOKU

Ā«Hainbeste urtez egon naiz paperik gabe, Damoklesen ezpata gaineanĀ»

Jon O. Urain

Sarekadetan alde eginikoek Ā«zorteaĀ» izan dutela; Ā«justiziatik ihesiĀ» joan zirela; hor zehar Ā«askeĀ» ibili direla. Hamaika uste ustel daude iheslari eta deportatuen inguruan, eta, mito horiek desegiteko, kolektibo horren kontrako Ā«armategi administratibo eta errepresiboaĀ» ikusarazi nahi dute Jon Irazolak, Itziar Imatzek, Pello Gantxegik eta Arantxa Sasiainek.
Herritar bat botoa ematen, 2019ko udal bozetan. ©Idoia Zabaleta / FOKU

Koronabirusak blaitu ditu agintaldiak

Jone Arruabarrena

Koronabirusak ezinbestean markatu du herrietako udal taldeen erritmoa azken bi urteotan. Agintaldien balantze bat egiteko asmoz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Hitzek herrialde bakoitzeko zenbait herritako alkateak elkarrizketatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna