Kurdistan

Hego Kurdistango erreferenduma bertan behera uzteko agindu du Irakeko Auzitegi Gorenak

Astebete barrurako deitu dituzte bozkatzera Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko eta Kirkuk probintziako herritarrak. Irakeko dio konstituzioaren aurkakoa dela galdeketa, baina, ostiralean, eskualde autonomoko parlamentuko 111 diputatuetatik 65ek alde bozkatu zuten.

Erreferendumaren aldekoak, Erbil hirian, irailaren 9an, kanpainaren hasiera ospatzen. /
Erreferendumaren aldekoak, Erbil hirian, irailaren 9an, kanpainaren hasiera ospatzen. / GAILAN HAJI/EFE

Berria -

2017ko irailak 18

Astebete baino ez da geratzen Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko independentziari buruzko erreferendumerako, eta hori atzeratzeko saio guztiak alferrikakoak izan dira orain arte. Ordea, gaur bertan, eta bi parlamentarik ezarritako helegiteari buruzko azken erabakia hartu bitartean, erreferenduma bertan behera uzteko agindu du Irakeko Auzitegi Gorenak. Epaileen erabakia ontzat eman, eta erreferendumak "ondorio arriskutsuak" ekar ditzakeela ohartarazi du Irakeko lehen ministro Haider Al Abadik.

Aurretik, Erreferendumerako Kontseilu Gorenak atzera bota du Nazio Batuen Erakundeak, AEBek eta Erresuma Batuak galdeketa atzeratzeko egin duten eskaera. Kontseilu Gorenak argudiatu du atzeratzeko eskaerak ez dituela betetzen kurduen nahiak. "Erreferendumaren prozesuak jarraitu egingo du, orain arte aurkeztutako proposamenek ez dituztelako gure herria asetzeko eta konbentzitzeko bermeak".

Erreferendumaren Kontseilu Gorenean Masud Barzani Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentea, alderdi kurdu nagusiak, Nechirvan Barzani Kurdistango lehen ministroa eta Nexmedin Karim Kirkukeko gobernadore ohia daude. Bart gauean egin duten bileraren ondorengo agerraldian esan dute erreferendumaren egutegian aldaketarik ez dela egongo, eta nazioarteko erakundeekin harremanetan jarraituko dutela, "arduraz", estatu kurdu bat lortzeko. Ikusteko dago zer jarrera hartzen duten epaitegien aginduaren aurrean.

Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko Parlamentuak ostiralean onartu zuen irailaren 25ean independentziari buruz galdetzea. Parlamentua osatzen duten 111 diputatuetatik 65ek erreferendumaren alde bozkatu zuten. Irakeko Gobernua galdeketaren kontra dago, konstituzioaren aurka eta herrialdearen interesen aurkakoa delakoan, eta Irakeko Parlamentuak irailaren 12an erreferendumaren aurka bozkatu zuen. Gainera, pasa den ostegunean Nexmedin Karim Kirkukeko gobernadorea kargugabetu egin zuen Irakeko Parlamentuak erreferendumaren alde egoteagatik. Kirkuk ez da eskualde autonomoaren parte, baina, Irakeko Konstituzioaren arabera, erreferendum bat egin beharra dago hango biztanleek Irakeko Kurdistanen sartu nahi duten erabakitzeko, horrek estatus berezia baitu.

Nazioartea, nagusiki, kontra

Joan den astean egin zioten Barzaniri erreferenduma atzeratzeko eskaera. AEBetako, Erresuma Batuko eta NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariekin bildu zen Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentea. Horiek erreferenduma ez gauzatzeko proposamen bat aurkeztu zioten. Presidenteak adierazi zuen eskaintza aztertuko duela, baina bermeak eskatuz Irakeko Kurdistango herriarentzat: "Ez dugu onartuko erreferenduma atzeratzea helburu duen proposamenik, Kurdistan independente bat lortzeko berme ofizialik eskaintzen ez badigute". Barzanik, gainera, azpimarratu zuen haientzat "alternatibarik onena" autodeterminazio eskubidea gauzatzea dela.

Nazioartea, nagusiki, erreferendumaren aurka agertu da. Arabiar Ligako Atzerri ministroek "ilegaltzat" jo dute, eta "Iraken osotasuna" defendatu. Arabiar Ligaren ustez, erreferendumak arriskuan jartzen du Iraken eta inguruko estatuen segurtasuna. Kritika gogorrenak, ordea, Turkiatik iritsi zaizkie. Hango Atzerri Ministerioak adierazi du erreferendumaren ideiarekin jarraituz gero "garesti" ordaindu beharko dutela. Era berean, Irakeko Parlamentuak erreferendumaren aurka hartutako erabakia txalotu du. Irakeko Kurdistanek Turkiaren bidez esportatzen du petrolioaren gehiengoa egun, eta Turkiako enpresen merkatu garrantzitsua da.

Israel da era agerikoenean erreferendumaren alde egin duen estatu bakarra. Hala adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak: "Estatu propio bat lortzeko Kurdistanek duen zilegizko ahalegina babesten dugu".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna