KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Kataluniaren aldeko mezuak ugaritzen ari dira nazioartean

Hainbat izan dira nazioartetik Madrilen jarrera gaitzetsi duten ahotsak. Besteak beste, Erresuma Batuko parlamentuko hogei ordezkarik adierazi dute Espainiako Estatuaren jarrera "demokraziarentzako iraingarria" dela.

Erresuma Batuko parlamentuko artxiboko irudia.
Erresuma Batuko parlamentuko artxiboko irudia.

Gorka Berasategi Otamendi -

2017ko irailak 21

Erresuma Batuko parlamentuko talde guztietako hogei ordezkarik sinatu dute Madrilen jokabidea gaitzesten duen oharra. Gogor kritikatu dute urriaren 1eko erreferemduma eragozteko saiakera, eta horretarako azken egunetan Espainiako Estatuak hartu dituen neurriak. Salatu dutenez, erreferenduma "zigor, kargu kriminal eta Espainiako Estatuaren ekintza zuzenaren bidez eragozten edo geldiarazten saiatzea demokraziarekiko iraina da". Jarrera horrek gainera, Katalunia eta Madrilen arteko harremanak arriskuan jartzen dituela ohartarazi dute.

Alderdi guztietako ordezkariek dei egin diote Espainiako Gobernuari urriaren 1eko erreferenduma baimentzera. "Kataluniako independentziaren aurka daudenen jokabide demokratikoa litzateke haien iritziaren aldeko kanpaina egitea". Erresuma Batuak Eskoziako erreferendumarekin hala egin zuela gogorarazi du.

Parlamentariek onartzen dute haien arteko iritzi kontrajarriak dituztela Kataluniak Espainian jarraitu beharko lukeen ala estatu independente izan beharko lukeen aztertzerakoan, baina, nabarmendu dutenez, guztiak daude ados "auzia Kataluniako herriak erabaki beharko lukeela era demokratiko eta baketsuan".

Era berean, Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek errespetua eskatu du Kataluniaren autodeterminazio eskubidearentzako. Eskoziako parlamentuan adierazi du autodeterminazio eskubidea "nazioarteko printzipio garrantzitsua" dela.

Sturgeonek ere adibide gisa aurkeztu du Londresek eta Edinburgok 2014an lortutako akordioa; Eskozian erreferenduma egiteko lortu zen adostasuna, alegia. "Erabat zilegia da Espainia Kataluniaren independentziaren aurka agertzea. Guztioi kezkatzen gaituena da estatu batek ukatzea herri batek bere borondatea demokratikoki adierazteko duen eskubidea".

Estoniako bost parlamentarik elkarrizketa eskatu diote Espainiako Gobernuari, Kataluniarentzako errespetuan oinarrituko den irtenbide baketsua lortzeko. ohartarazi dutenez, "demokratikoki aukeratutako ordezkarien kontra" "ebazpen zigortzaile masiboak" ezartzeak ez du emaitza onik ekarriko. Gaineratu dute jokabide horrek elkarrizketarako gaitasun gabezia uzten duela agerian eta ez dela zuzenbide estatu batengandik espero daitekeena.

Sinatzaileen artean dira Estoniako Gobernua gidatzen duen Zentroko Alderdiko bi parlamentari.

Sardinian, botopaperak inprimitzearen alde

Sardiniako Lurralde Kontseiluak ahobatez onartu du alderdi subiranisten eta Forza Italiako ordezkari batzuen eta Alderdi Demokratikoaren proposamena: Sandiniako Gobernuak Kataluniako Gobernuari eskaini diezaiola botopaperak eta gainerako hauteskunde materiala inprimatu eta gordetzeko aukera, urriaren 1eko erreferenduma egin ahal izan dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna