KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Lleidako 31 udaletxetan sartu da Guardia Zibila dokumentazio bila

Erreferendumari babesa adierazten dion dokumentazioa eta urriaren 1ean boza emateko utzi asmo dituzten aretoei buruz galdegin dute poliziek. Bestalde, Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Mossos d'Esquadra gaur arratsaldean bildu dira; lehenengo bilera izango da fiskaltzak Perez De los Cobos koronela polizien koordinatzaile izendatu duenetik, urriaren 1eko erreferenduma eragozteko lanetarako. Fiskalak mossoei agindua eman die, bozkalekuetako arduradunak identifikatu ditzaten eta bozkatzeko materialik aurkitzen badute atxiki dezaten.

Gorka Berasategi Otamendi -

2017ko irailak 25

*Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Mossos d'Esquadraren arteko bilera egin dute arratsaldean Bartzelonan. Mossoek eskaria eraman dute bilerara, polizia indarren arteko koordinazio batzordea osatzeko, Guardia Zibilaren mende egon ez daitezen. Aldiz, fiskalak agindu zehatzak eman dizkie mossoei, urriaren 1eko galdeketaren aurka egin dezaten.

*Erreferendumari buruzko webguneen kopiak egitea egotzita, hamabost lagunek deklaratu dute goizean Espainiako Poliziaren hainbat komisariatan. Horiez aparte, auzitegietan deklaratzen jarraitu dute hainbat alkatek, galdeketarako lekuak utziko zituztela adierazteagatik jasotako zitazioen ondorioz.

*Artur Mas presidente ohiari 5,25 milioi euroko fiantza bat ezarri dio Kataluniako Kontu Auzitegiak, 2014ko azaroaren 9ko galdeketan izan zuen arduragatik. Hamar egun utzi dizkio ordaintzeko.

*Lleidako fiskaltzak 31 udali eskatu die erreferendumari babesa adierazten dioten dokumentazioa bidaltzeko, baita urriaren 1ean hautesleku gisa erabiltzeko utzi asmo ditue aretoei buruzko xehetasunak ere. Guardia Zibila joan da udal horietara.

Zuzeneko kontakizuna

20:18
2017-09-25

Manifestazioa larunbatean, Gure Esku Dago-k deituta

Gure Esku Dago-k manifestaziora deitu du larunbaterako. Bihar emango dituzte xehetasunak, Bilboko Euskaduna jauregian egingo duten prentsaurrekoan, 17:00etan. Mobilizazioarekin bat egiten duten eragile sozial eta politikoetako "erreferentziazko ordezkariek" ere parte hartuko dute agerraldian.

Irailaren 16an mobilizazio jendetsua egin zuten Bilbon. Besteak best, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta ELA eta LABeko buruzagiek babestu eta parte hartu zuten.

Jokin Sagarzazu

Jokin Sagarzazu

20:11
2017-09-25

Udalbiltzako hautetsien "elkartasun aktiboa"

"Kataluniari eta kataluniarrei" babesa agertzeko, Udalbiltzako hautetsiak Donostiako Miramar jauregian bildu dira eta jakinarazi dute erakundeko 100 kide izango direla Katalunian urriaren 1ean, han egitekoa den erreferendumean, nazioarteko bisitari gisa, "bozketa eguna ikuskatzeko, kataluniarrek bozkatzeko duten eskubidea babesteko, eta, behar izanez gero, egin beharreko salaketa egiteko".

Komunikabideen aurrean eginiko agerraldian Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak alboan izan ditu erakundeko kide ugari eta Eudald Calvo Argentonako alkatea (CUP alderdikoa) eta AMI Kataluniako Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko lehendakariordea. Elkarte horren "eskutik" izango dira Udalbiltzakoak Katalunian.

Eudald Calvo: "Katalanek bozkatzeko eskubidea bermatua izango dute igande honetan, eta bozkatzea dagoeneko garaipen bat izango da".

Jokin Sagarzazu

Jokin Sagarzazu

19:28
2017-09-25

Bozkalekuen eta haien arduradunen aurka egiteko agindua eman die fiskalak mossoei

Bukatu dute polizien koordinazio bilera. Ara egunkariak jakitera eman duenez, fiskaltzak hainbat agindu eman dizkie, zehazki, mossoei: bozkalekuetara joateko arduradunei jakinaraztera, eta hauteskundeetarako materialik aurkituz gero, atxikitzeko. Bozkalekuetako arduradunak identifikatzeko agindu zehatza eman dio fiskalak Josep Lluis Trapero mossoen buruari. Fiskaltzak, gainera, eskoletako zuzendariei eskatu die, berriro, bozkalekurik ez irekitzeko urriaren 1ean.

Lehen aldia da mossoei gisa honetako eginkizun zehatz bat eman dietena. Orain arte, polizia indarren arteko koordinazioan parte hartu dute; normalean, Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak egindako operazioetan segurtasuna mantentzeaz arduratu dira, baina ez dute zuzenean esku hartu erreferendumaren aurkako operazioetan. Fiskalak, hortaz, koska bat estutu du haien funtzioa.

Mossoek, hain justu, jakinarazi dute eskari bat eraman dutela bilerara: polizia indarren arteko koordinazio batzordearekin jarraitzea, orain arte egin duten bezala, Guardia Zibilaren aginduetara egon ez daitezen.

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren egoitzan egin dute bilera, lehen aldiz Diego Perez de los Cobos komandantearen aginduetara. Kanpoan, dozena batzuk herritar elkartu dira, eta L'Estaca kantatu dute bilerako parte hartzaileak atera direnean.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

18:31
2017-09-25

Trapero ez da bilerara joan

Josep Lluis Trapero mossoen burua ez da joan Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren buruekin zuen bilerara, eta ordezkari bat bidali du, Ferran Lopez komisarioa. Bilera joan diren beste polizia buruak Sebastian Trapote Espainiako Poliziarena, Andres Gozalo Guardia Zibilarena eta Evelio Vazquez Bartzelonako Udaltzaingoarena izan dira.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

17:31
2017-09-25

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da Espainiako Polizia, Guardia Zibil eta Kataluniako Mossos d'Esquadra-ren arteko "koordinazio" bilera. Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelak "koordinatuko" ditu hiru polizia horiek, eta, ondorioz, berak izango du mossoen agintea. Jose Luis Maza Espainiako Estatuko fiskalak esan du Josep Lluis Trapero mossoen buruak agindu horiek ez betetzeak ondorioak izango dituela. Sicme mossoen arduradunen sindikatuak babes osoa agertu dio Traperori.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:59
2017-09-25

Larunbatean Ipar Kataluniako 129 udalek Hegoaldean pairatzen ari diren "jazarpena" salatu zuten. Adierazpen batean herri katalanak demokratikoki adierazteko duen eskubidea aldarrikatu zuten. Okzitaniera eta Katalana Bultzatzeko Komunen Arteko Sindikatuaren (SIOCCAT) bitartez adierazi zuten babesa. 129 udalerri horiek biltzen ditu elkarte horrek.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:50
2017-09-25

ANCk ostiralean 20:00etan itxiko du kanpaina, Montjuicen, eta emaitzak Katalunia Plazatik jarraituko dituzte erreferendumaren aldekoek, arratsaldetik.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:47
2017-09-25

Nolabait esan daiteke Espainiako estatuaren egituren dardarizoa eragin duen lurrikarak Arenys de Munten izan zuela epizentroa. Han hasi zen askatzen zenbait urtez bildutako tentsioa. Amagoia Mujika BERRIAko berriemaile berezietako bat Arenys de Munteko alkatearekin egon da.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:44
2017-09-25

Hamalau lagunek deklaratu behar izan dute erreferendumaren webgunearen kopiak egiteagatik, Bartzelonan, Gironan eta Tarragonan. Gehienak 19 eta 22 urte arteko gazteak dira eta ez deklaratzeko eskubidea baliatu dute auzitegian. Aske geratu dira. Lluis Montabes 19 urteko informatika ingeniaritza ikasleak esan du bera ez dela hacker bat, eta egin duena adierazpen askatasunarengatik egin duela. Guztiek argudiatu dute euren datu errealak erabiliz egin zituztela webgune ofizialaren kopiak. Desobedienetzia, prebarikatzioa eta dirua bidegabe erabiltzea leporatu diete.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:03
2017-09-25

Guardia Zibileko ofizialen elkarte batek salaketa jarri dio Catalunya Radioko saio bati

Monica Terribas kazetariak gidatzen duen El Mati de Catalunya Radio saioa salatu du Guardia Zibileko Ofizialen Batasuna elkarteak, "ordena publikoaren kontrako" jokabidea izan duela arguiatuta. Gaurdia Zibilaren ustez, legez kontra jardun zuen saioak, entzuleei eskatu segurtasun indarrak non zeuden adierazteko eskatu zienean.

"El Mati de Radio Catalunya saioaren gisako jokabideak guztiz arduragabeak dira, operazioen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen dutelako", adierazi du elkarteak ohar bidez. Gisa horretako jokabideak "terrorista, narkotrafikatzaile eta gaizkileen mesederako" izan daitekeela gaineratu du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:20
2017-09-25

Hauxe da Vernedaneko polizia komisaldegi pareko giroa. Erreferendumaren webgunearen bikoiztearekin lotuta, deklaratzera deitutakoei babesa emateko elkarretaratzea egiten ari dira. Jon Olano Urain BERRIAko kazetariaren bideoa:

13:47
2017-09-25

Guardia Zibila hainbat udaletara sartu da dokumentazio eske

Olianako udaletxean sartu da Guardia Zibila goizeko lehen orduan, eta udaletxeko idazkariari erreferendumari babesa adierazi zaion dokumentazioa galdegin dio. Olianakoaz gain, Almacelleseko, Alpicateko, Tarregako, Bellpuigeko, Guissonako eta Aitonako udaletxetara ere joan da Guardia Zibila.

Lleidako fiskaltzak 31 udaletxeri agindu die erreferendumari babesa adierazten dien dokumentazioa bidaltzeko. Urriaren 1ean erreferendumerako udalek utzi asmo dituzten aretoen zerrenda ere bidaltzeko agindu die.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:21
2017-09-25

Gure Esku Dagok Kataluniako erreferendumari buruzko bideoa argitaratu du. Bideoko protagonista Juanmi da, eta ziurtatu du ez dela bozkatzera joango. Zergatik azaldu du. Hona bideoa:

 

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:07
2017-09-25

Mazak ohartarazi du Puigdemont atxilotzeko aukera "irekita" dagoela

Jose Manuel Maza Espainiako Fiskal Nagusiak ohartarazi du Carles Puigdemont Kataluniako presidentea atxilotzeko aukera "irekita" dagoela, baina unea ez du "egoki" jo.

Horrez gain, Mossos d'Esquadra polizia kataluniarraren buru Josep Lluis Traperori buruz esan du, fiskaltzaren agindu bati uko egiteak "ondorioak" izango lituzkeela.

Traperok esana du ez dagoela ados Katalunian poliziak koordinatzeko fiskaltzak hartu duen erabakiarekin. Agindu horrek ezarri duenez, erreferenduma eragozteko poliziek hartu beharreko neurrien koordinazio ardura Diego Perez De los Cobos Guardia Zibileko koronelaren gain gelditu da, eta, beraz, Espainiako Barne Ministerioaren esku.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:59
2017-09-25

CUPeko Benet Salellas diputatuak mossoei eskatu die desobeditu dezatela, erreferendumeko hautetsontziak erretiratzeko agindua jasotzen badute.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:38
2017-09-25

Erreferendumari buruzko webgunearen kopien ugaritzearekin zerikusia izan dezaketelakoan, 13 lagun ari dira deklaratzen Espainiako Poliziaren hiru komisaldegitan. Jon Olano Urain Vernedakoan da. Azken ordukoen berri ematen ari da bertatik.

12:34
2017-09-25

Guardia Zibilak erreferendumarekin lotutako informazioa eskatu die 31 udaletxeri

Fiskaltzaren aginduz, 31 udaletxeri informazioa eskatu die Guardia Zibilak urriaren 1eko erreferendumarekin lotuta. Erreferendumari babesa agertzen dioten agirien kopia galdegin die udaletxeetako idazkariei. Horrez gain, udaletxeek erreferendumerako utzi asmo dituzte eraikin edo areto publikoei buruzko xehetasunak ere eskatu ditu.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:04
2017-09-25

Erreferendumaren aldeko alkate gehiago daude deituta gaurko fiskaltzaren aurrean deklaratzera.

Jon Olano Urain BERRIAko kazetaria Bartzelonatik ari da Kataluniaren berri ematen.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:48
2017-09-25

Botopaperak inprimatzeko taldea sortu dute

Impressors per la democracia taldea sortu dute hainbat inprimategi eta herritarrek, erreferendumerako botopaperak inprimatu eta herritarren esku jartzeko asmoz. Garraiolariei ere antolatzeko deia luzatu diete, botopaperak Katalunia osoan banatzeko.

Webgunea ireki dute.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:42
2017-09-25

Guardia Zibila Olianako udaletxean sartu da

Erreferendumarekin lotutako informazio bila sartu da Guardia Zibila Olianako udaletxean. Miquel Sala alkatea izan zen urriaren 1eko erreferendumarengatik fiskaltzaren aurrera deklaratzera deitutako lehenengo alkatea.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:33
2017-09-25

Masek eta A-9ko auzipetuek 5,2 milioi euroko bermea ordaindu beharko dute

Artur Mas Kataluniako presidente ohiak, Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiek, eta 2014ko azaroaren 9ko galdeketarengatik azipetutako gainerakoek 5,2 milioi euroko bermea ordaindu beharko dute, Kontu Auzitegiak jakinarazi duenez.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:09
2017-09-25

EAJk Kataluniarentzako "irtenbide politikoa" galdegin dio PPri, aurrekontuez hitz egiteko

Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen taldeko bozeramaileak Kataluniarentzako "irtenbide politikoa" galdegin dio Espainiako Gobernuari, estatuko aurrekontuei buruz hitz egiten hasi ahal izateko. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, halakorik ezean, ez da gaiari heltzeko "baldintza nahikorik" egongo.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:44
2017-09-25

Mas, Ortega eta Rigauri 5 milioi euroko bermea ezarriko dieten argitzera, Kontu Epaitegira

Artur Mas Kataluniako presidente ohiari, eta Joana Ortega eta Irene Rigau kontseilari ohiei 5 milioi euroko bermea ezarriko dieten argitzera joango dira gaur haien abokatuak, Kontu Epaitegira.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:34
2017-09-25

13 lagunek deklaratuko dute gaur erreferendumaren webguneekin lotuta

Fiskaltzak 13 lagun deitu ditu deklaratzera, erreferendumari buruzko informazioa zabaltzeko webguneen kopiekin zerikusia izan dezeketelakoan. Espainiako Poliziaren hainbat egoitzatan deklaratuko dute. Gehienak 19 eta 22 urte arteko gazteak dira.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:29
2017-09-25

Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Mossoak bilduko dira arratsaldean

Urriaren 1eko erreferenduma eragozteko eginkizunen koordinazioa Guardia Zibileko koronel Diego Perez de los Cobosek bere gain hartu ostean egingo dute gaurko bilera.

Bihar berriz bilduko dira hiru indar polizialak, Kataluniako Fiskaltza Nagusian. Bilera horretan, Trapero Mossos d'Esquadraren buruak Kataluniako Gobernuaren zerbitzu juridikoetako txostena aurkeztea espero da, Espainiako Gobernuak Kataluniako poliziaren kontrola hartzeari buruz.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna