KURDISTAN

Parte hartze handia izan du Irakeko Kurdistango erreferendumak

Etziko jakinaraztekoak dira emaitza ofizialak. Bagdadek mugara tropak bidaltzeko agindu du.

Emakume kurdu bat bozkatzen, gaur, independentzia ereferendumean.
Emakume kurdu bat bozkatzen, gaur, independentzia ereferendumean. MOHAMED MESSARA / EFE

Mikel Rodriguez -

2017ko irailak 26

Kurdistanen independentziari buruzko erreferendumeko bozketa amaitu da. 8:00etan zabaldu dituzte hautetsontziak, eta 18:00ak arte zuten bozkatzeko aukera  —17:00 Euskal Herrian— erreferendumera deituta zeuden 5,3 milioi herritarrek, baina ordubetez luzatu dute epea. 18:00etarako %78k emana zuten botoa, Kurdistango erreferenduma antolatu duen batzordearen arabera. Jon Iñarritu EH Bilduren senataria han da. Baita Mikel Burzako EAJko Kanpo Harremanetarako arduraduna ere.

 

Galdeketa Iraken menpeko zazpi lurralde kurduetan egin dute: lurralde autonomoko Dohuk, Erbil, Suleimaniya eta Halabjan, eta Irakek Kurdistango lurralde gisa aitortzen ez dituen Kirkuk, Diyala eta Niniven.

Kurdistango lurralde autonomoko gobernuaren eta Irakeko exekutiboaren arteko harremana gaiztotuta dago. Hala ere, Massud Barzani presidente kurduak elkarrizketarako deia luzatu zion atzo Bagdadi. Argi utzi zuen, baina, ez zela 2005ean sinatu zuten konstituziora itzuliko.

Irakeko Gobernuak, bestalde, mugetako kontrola eta aireportuetakoa haren esku uzteko galdegin zion Kurdistangoari.

Irakeko Parlamentuak gobernuari eskatu dio Kurdistanera tropak bidali ditzala. Horrez gain, Irakek Kurdistango lurralde autonomoarekin duen muga ixteko galdegin dio. Kirkuken 18:00etatik aurrera etxeratze agindua ezarri dute —han ez dute luzatu bozkatzeko epea—, eta Nexmeldin Karim gobernadoreak herritarrei lasaitasuna eskatu die Bagdadek tropak bidaltzeko agindua eman duela eta.

Turkiak bestalde, petrolio esportazioak etetearekin egin dio mehatxu Kurdistani. "Guk daukagu [petrolio hodiaren] giltza. Ixten badugu, amaitu da", adierazi du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Iraken menpeko Kurdistandik Turkiarako ibilgailuen sarrera etenda dagoela jakinarazi du, eta muga guztiz itxiko duela iragarri du. Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak esku hartzeko mehatxua ere egin du, gutxiengo turkmenak "erasoak jasaten baditu". Kirkuken biztanle asko etnia horretakoak dira, eta Irakeko Fronte Turkmenak boikoterako deia egina zuen gaurko. 

Iranek babesa adierazi dio Bagdadi. Hassan Rohani Irango presidenteak adierazi du "Iraken batasun nazionalaren kontrako edozein mugumendu" gaitzesten duela. Ohartarazi duenez, Irakeko konstituzioa urratzea "legez kontrako" jarduna da.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna