Kataluniako erreferenduma

Guardia Zibilak 2,5 milioi botopaper konfiskatu ditu

Botopaperez gain, lau milioi kartazal konfiskatu ditu. Igualadako industrialde batean egin duen operazioan, 100 hautetsontzi ere atzeman ditu, baina enpresako arduradunek azaldu diote ez dutela erreferendumarekin zerikusirik, Bartzelona futbol taldearen hauteskundeetan erabili zirela.

BERRIA

Berria -

2017ko irailak 28

*Guardia Zibilak bi milioi eta erdi botopaper eta lau milioi kartazal konfiskatu ditu, Igualadako enpresa batean.

*NBEko giza eskubideen alorreko bi adituk kezka agertu dute Espainiak erreferendumaren aurka hartu dituen neurriekiko. Oinarrizko giza eskubideak errespetatzeko beharra duela ohartarazi diote Madrili.

*Eguerditan bildu da Segurtasun Batzordea, iganderako hartu beharreko segurtasun neurriez hitz egiteko. Mossoek elkarbizitza jarriko dute guztiaren gainetik, Form Kataluniako Barne kontseilariak jakinarazi duenez.

*Goizean hasi dute unibertsitateetan deitutako bi eguneko greba. Ostiralean astebete beteko du Bartzelonako Unibertsitateko ikasleek erreferendumaren alde hasitako kanpaldiak.

*Euskal Herrian ere manifestazioak egin dituzte gazteek eta ikasleek, Ernaik antolatuta. Sindikatu abertzaleek ere egin dituzte elkarretaratzeak. Eusko Legebiltzarrak, berriz, EH Bilduren eta EAJren botoekin, babesa agertu dio galdeketari.

*Omniumek salatu du Guardia Zibilak erreferendumarekin lotutako 140 webgune itxi dituela azken orduetan; gehienak, baina, itxi eta gutxira zabaldu dituzte beste helbide batekin.

*Alkateek kereila aurkeztu dute Espainiako fiskal nagusiaren kontra.

Zuzeneko kontakizuna

20:24
2017-09-28

Bartzelonako Ateneoan gaur arratsaldean antolatu duten eztabaida politikoa jarraitu du Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko berriemaile bereziak.

19:28
2017-09-28

Hautetsontziak Bartzelona futbol taldearenak ziren

Europa Press agentziaren arabera, Guardia Zibilak 100 hautetsontzi atzeman ditu Igualadan, baina ez ditu konfiskatu. Enpresak Guardia Zibilari azaldu dio hautetsontziak Bartzelona futbol taldearen hauteskundeetan erabili zirela, eta ez dutela inolako harremanik urriaren 1eko erreferendumarekin.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:07
2017-09-28

Igualadako alkateak gezurtatu egin du Guardia Zibilak hautetsontziak atzeman dituenik

Mar Castells Igualadako alkateak gezurtatu egin du Guardia Zibilak gaur arratsaldean Igualadan egin duen operazioan hautetsontziak atzeman dituenik. Polizia militarrak bi milioi eta erdi botopaper eta lau milioi kartazal konfiskatu ditu.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:42
2017-09-28

Guardia Zibilak hautetsontziak eta botopaperak konfiskatu ditu, Igualadan

Lehen informazioen arabera, 100 hautetsontzi inguru eta bi milioi eta erdi botopaper konfiskatu ditu Guardia Zibilak Igualadako enpresa batean. Berehala, informazio gehiago.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:29
2017-09-28

Arran gazte elkarteak Kataluniako Fiskatza Nagusia zigilatu du, protesta keinu gisa.

"Faxismo izurritea atzeman da Fiskaltzan" adierazi dute elkartearen Twitter kontuan. "Herriaren ahotsa zigilatu nahi dute; herriak haiek zigilatu ditu".

18:21
2017-09-28

PP "gai guztiei buruz" hitz egiteko prest agertu da, PSOEk Espainiako Kongresuan estatuaren lurraldetasun eredua eztabaidatzeko eratzea proposatu duen batzordean. Gai guztiei buruz, bi izan ezik: "Espainiako batasunaren haustura" eta Katalunian erreferenduma egiteko aukera.

17:42
2017-09-28

Sareetan eztabaida piztu du PPk zabaldu duen bideo batek. Hispanofobia izena du.

 

16:52
2017-09-28

NBE-ko bi adituk kezka agertu dute Espainiak erreferendumaren aurka hartu dituen neurriekiko

NBEren Giza Eskubideen kontseiluko bi aditu independente arduratuta agertu dira Espainiako Estatuak Kataluniako erreferenduma eragozteko hartu dituen neurriekin, eta Espainiari galdegin diote neurri horiek ez ditzatela urratu oinarrizko eskubideak.

David Kaye eta Alfred de Zayas giza eskubideen alorreko bi adituk ohartarazi dutenez, "ikusten ari garen neurriak oso kezkagarriak dira, norbanakoen oinarrizko giza eskubideak urratzen dituztela dirudielako, informazio publikoaren jarioa eta eztabaida ireki baten aukera murriztuz, demokrazia espainiarra une kritikoan denean".

Erreferenduaren legezkotasuna edozein dela ere, bi adituek ohartarazi dute Espainiako Estatuak gizarte demokratikoei dagozkien oinarrizko eskubideak errespetatzera behartuta dagoela.

Espainiako Gobernuak milaka polizia eta guardia zibil Kataluniara bidali izanaren aurka agertu dira, halaber. "Kezkatuta gaude agindu horrek eta hari laguntzen dion erretorikak tentsioa eta ezinegon soziala handitzeko aukerarekin".

Hurrengo egunetan izango diren "protesta baketsuen aurrean", edozein moldeko indarkeria eragoztera eta "moderazioz" jardutera deitu dituzte "alde guztiak".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:23
2017-09-28

Kataluniako erreferendumarekin lotutako bost manifestazio deitu dituzte Madrilen

Madrilen Kataluniako erreferendumaren aldeko hiru manifestazio egingo dira asteburuan, eta beste bi, kontra.

Denetan handiena, igandean espero da. Coordinadora 25S-k deitu du Puerta del Solen, 19:00etan, "erabakitzeko eskubidearen alde". 2012an Espainiako kongresua inguratzeko mobilizazioaren harira eratu zen elkarteak salatu duenez, Espainiako Estatuak ez dio era demokratikoan erantzun Kataluniak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko egindako eskariari, Espainiako Estatua "ez delako demokratikoa". Aldiz "erregimen autoritario eta neofranquista" izatea leporatu diote.

Bihar, ostirala, "Kataluniako erregimen separatistaren kontra" deitu du manifestazioa Hazte Oir elkarteak. Larunbatean, bi manifestazio izango dira. Bata, herritar talde batek deituta, Lavapies auzoan, "Erabakitzeko eskubidearen, demoraziaren eta askatasunen alde". Auzo eta ordu berean ekitaldia deitu du Madrildarrak Erabakitzeko Eskubidearen Alde elkarteak, "Madrilek Katalunia besarkatzen du" lelopean. Larunbateko beste mobilizazioa, ULIS elkarteak deitu du —Baturik Libre Berdintasunean eta Solidarioren siglak, gaztelaniaz—. Kataluniako herritarrak espainiarrak direla aldarrikatuko dute, Blanquerna zentro kataluniarraren aurrean.

Azkenik, igande goizean, mobilizazioa deitu du Libres alderdi politikoak, "Kataluinaren independentzia deklarazio aldebakarrekoaren kontra", Madrilgo Plaza Nagusian.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

16:02
2017-09-28

Kataluniako Barne kontseilari Joaquim Fornek "buruargi" jokatzeko eskatu die herritarrei eta Kataluniako Gobernuari, urriaren 1eko erreferendumean mossoak "atakan" ez jartzeko.

"Saihestu egin behar dugu. Poliziak badu berez dagokion egitekoa, bete beharko duena, baina ezin dugu eztabaidaren erdigune bihurtu, batzuk nahiko luketen gisa, haiek desgastatzeko", adierazi du Fornek.

Barne kontseilariak ziurtatu duenez, mossoek agindu judizialak betetzeko hartuko dituzten neurriak "moldatu" egingo dituzte, proportzionaltasun printzipioa betetzeko, "milaka pertsona haien iritzi politikoa adierazteko kalera irtengo diren unean".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:51
2017-09-28

Artur Mas Kataluniako presidente ohiak eta Joana Ortega, Irene Rigau eta Francesc Homs Kataluniako kontseilari ohiek urriaren 16ra arteko epea izango dute 5,2 milioi euroko bermea ordaintzeko. Kontu Auzitegiak ezarri die bermea, 2014ko azaroaren 9ko galdeketarako diru publikoa erabiltzeagatik.

14:58
2017-09-28

Alkateek kereila aurkeztu dute Espainiako fiskal nagusiaren kontra

Espainiako fiskal nagusi Jose Manuel Mazak haren eskumenak gainditu dituela iritzita, kereila aurkeztu dute AMI Independentziaren aldeko Udalen Elkarteak eta Kataluniako Udalen Elkarteak, Auzitegi Gorenean. Mazari alkateak bortxatu eta mehatxatzea leporatzen diote udal elkarteek.

Neus Lloveras AMIko presidentearen esanetan, fiskala "alkateak izutu nahian ari da, haiek deklaratzera deituz". Mazak bere eskumenak gainditu dituela argudiatu du Lloverasek, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiak hala baieztatu duela deritzo, erreferendumaren gaineko ikerketaren ardura bere gain hartzeko hartu duen erabakiarekin.

Lloverasek herritarrei dei egin die urriaren 1ean bozkatzera, eta emaitza "zilegi" izango dela aurreratu du, "hain zuzen, bozkatzera joango den jendetzarengatik".

Erreferendumaren egunean udaltzaingoak izango duen eginkizunari buruz adierazi du alkateek izango dutela "azken hitza".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:57
2017-09-28

Junts pel Si urriaren 2ra begira jarri da, eta datorren astean Legebiltzarrean landu beharreko gai ordenaz hitz egiteko, legebiltzarreko bozeramaileen mahaia hilaren 2an elkartzeko eskatu du. Han erabaki beharko lukete aurrerantzean zein urrats jarraitu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:18
2017-09-28

Elkarbizitza jarriko dute guztiaren aurretik mossoek igandean. Hala esan du Joaquim Forn Barne Kontseilariak Segurtasun Batzordeko bileratik atera denean. Epailearen agindua ere ebidentzia bat dela eta mossoei hori betetzea dagokiela onartu du, baina, elkarbizitza horren aurretik dagoela uste duenez, hori zaintzen ahaleginduko da Generalitatea igandean.

Bileran irizpide hori gailentu dadin saitu dira, eta bakoitzaren eskumenak argi uzteko ahalegina egin dute. Igandean saritzea dagokion polizia mossoak direla ohartarazi du, eta haiek elkarbizitza zaintzeko irizpideari jarraituz arituko direla argi utzi. Hala ere, epailearen agindua betetzen ere saiatuko dira, mossoei egitea dagokielako, baina, elkarbizitza jarriko dute aurretik. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak gauza bera egiteko itxaropena azaldu gainera Fornek, bileratik atera denean: "Irizpide berberak ditugu".

Ez dira denak gauza bera esaten atera bileratik. "Aginte judizialari men egin behar zaiola" eta erreferendumerako asmoetan atzera egiteko eskatu dio Gobernuari Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasuneko Estatu Idazkariak bileran. Handik atera denean esan du Puigdemontek jakinarazi diola ez duela atzera egingo. Hala ere, ez dela egingo erreferendumik berretsi du Nietok: "Legalitatearen defentsa, zuzenbide estatuaren babesa eta elkarbizitza baketsua" ezarrituko dituela.

Palau de Pedralbesen egin dute bilera, Bartzelonan. Puigdemontek deitu zuen, eta han izan dira, bi horiez gain, besteak beste, Josep Lluís Trapero Mossos d'Esquadraren burua, Enric Millo Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta Diego Perez de los Cobos Espainiako Segurtasun idazkaritzako zuzendaria.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:20
2017-09-28

Suitzako diputatu talde baten gutuna

Suitzako 11 diputatuk idatzia bidali diote Espainiako gobernuburuari "zentzatu" dadin eta Kataluniako autodeterminazi eskubidea errespeta dezan eskatuz.

12:11
2017-09-28

Espainiako bandera erraldoia, "batasunaren alde"

Madrilgo erkidegoko presidente Cristina Cifuentesek Espainiako bandera erraldoi bat zabaldu du Correosek Madrilen duen egoitza nagusian, "Konstituzioaren, Zuzenbide Estatuaren, batasunaren, demokraziaren eta elkarbizitzaren alde".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:44
2017-09-28

Gehiengo sindikalak deituta, manifestazioa egin dute Bilbon erreferendumari babesa emateko.

Gotzon Hermosilla

Gotzon Hermosilla

11:11
2017-09-28

Generalitateko Hezkuntza kontseilari Clara Ponsatik erantzun die eskoletako zuzendariei esanez, igandean gertatzen dena gertatzen dela ere, eurek ez dutela justiziaren aurrean erantzun beharrik izango. "Kataluniako fiskal nagusiaren aginduak ez datoz bat zuzenbidearekin, eta helegitea jarriko diegu".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:05
2017-09-28

Kataluniako Hezkuntza Publikoko Zuzendarien Elkarteko kideek eskatu diote Generalitateari ez dezala beren gain jarri asteburu honetan eskoletako ateak zabaltzeko erantzukizuna, horretarako kargugabetu behar baditu ere.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

10:46
2017-09-28

Martxelo Otamendi ere Bartzelonan da, erreferendumaren nondik norakoak kontatzen.

09:45
2017-09-28

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aginduz segurtasun indarrak hautetsontziak dauden udaletako aretoak zaintzen ari dira, inork bertatik atera ez ditzan. Zenbait iturriren arabera, Guardia Zibila ere zaintza lanetan parte hartzen ari da.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

09:42
2017-09-28

Ada Colau Bartzelonako alkateak gutuna bidali die Europako 30 alkateri, Kataluniako herritarren eskubideak kolokan daudela jakinarazi eta auzia Europako Batzordera eramateko eskatzeko.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna