KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

NBEko Giza Eskubideen Goi Agintaria kexu agertu da Espainiaren jokabidearekin

NBEren Giza Eskubideen Kontseiluko bi aditu independentek osatutako txostenak kezka adierazi du Espainiako Estatuak Kataluniako erreferenduma eragozteko hartu dituen neurriengatik, eta adituek Espainiari galdegin diote ez ditzala urratu oinarrizko eskubideak. NEBren Goi Agintariak prentsa ohar bidez zabaldu du adituen txostena, erreferenduma egiteko hiru egun falta direla.

NBEren Batzar Orokorra, atzo.
NBEren Batzar Orokorra, atzo. Cia Pak / EFE

Berria -

2017ko irailak 28

David Kaye eta Alfred de Zayas giza eskubideen alorreko bi adituk ohartarazi dutenez, "ikusten ari garen neurriak oso kezkagarriak dira, norbanakoen oinarrizko giza eskubideak urratzen dituztela dirudielako, informazio publikoaren jarioa eta eztabaida ireki baten aukera murriztuz, demokrazia espainiarra une kritikoan denean".

Erreferenduaren legezkotasuna edozein dela ere, bi adituek ohartarazi dute Espainiako Estatuak gizarte demokratikoei dagozkien oinarrizko eskubideak errespetatzera behartuta dagoela.

Espainiako Gobernuak milaka polizia eta guardia zibil Kataluniara bidali izanaren aurka agertu dira, halaber. "Kezkatuta gaude agindu horrek eta hari laguntzen dion erretorikak tentsioa eta ezinegon soziala handitzeko aukerarekin".

Hurrengo egunetan izango diren "protesta baketsuen aurrean", edozein moldeko indarkeria eragoztera eta "moderazioz" jardutera deitu dituzte "alde guztiak".

Kaye NBEren berriemaile berezia da iritzi eta adierazpen askatasunaren sustapen eta babeserako, eta Giza Eskubideen Kontseiluaren Prozedura Bereziko organoko kide da. Prozedura Bereziak NBEren Giza Eskubideen alorreko aditu erakunderik garrantzitsuena da, eta giza eskubideekin lotutako gertakariak ikertzen ditu.

De Zayas, berriz, nazioarteko orden demokratikoaren sustapenerako aditu independentea da. Adituak bi aldiz proposatu dio NBEko idazkaritza nagusiari Kataluniako erreferenduma nazioarteko elkarteak antolatzea. Apirilean egin zuen lehenengoz, eta berriki bigarrenez, ACN albiste agentzia kataluniarrak jakitera eman duenez. De Zayas Kataluniako autodeterminazio eskubidearen alde agertu da azken egunotan, sare sozialen bidez zabaldu dituen mezuetan.

Nazioartean kezka ahots gehiago

Esloveniako presidente ohi Milan Kucanek eten dezala "indararen erabilera eta esku hartze militarraren mehatxua". Kucanek elkarrizketa eta "autodeterminazioaren ariketa" galdegin ditu Kataluniako egoera politikoari irtenbidea emateko.

Yanis Varufakis Graziako Finantza imnistro ohiak ere gaitzetsi egin du Madrilen jarrera, Catalunya en Comu alderdiaren gaurko ekitaldian proiektatu duten bideoan. Varufakisek Rajoyren gobernuaren "indarkeria" eta "mehatxuak" salatu ditu, eta PP "iragan frankista" borrokatzera deitu du.

Owen Jones idazle eta Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren aholkulariak ere arbuiatu egin du Espainiako Estatuaren jokabidea, eta babes mezua bidali die Katalunian bozkatu nahi duten herritarrei.

Kataluniako auzia nazioarteko harreman diplomatikoetan gai aipatua dela onartu du Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministro ohi eta egun estatuak Ekonomia Lankideta eta Garapenerako Erakundean duen ordezkariak. La Vanguardia egunkariak argitaratu duenez, Wertek e-mail batean aitortu du beste herrialde batzuetako ordezkaritzak Katalunian gertatzen ari denari buruzko informazioa eta iritziak biltzen ari direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna