Kataluniako erreferenduma

Poliziaren oldarraldiak eta botopaperak

Jon Ordoñez Garmendia -

2017ko urriak 1

Txalo artean hartu dituzte 06:00 inguruan hainbat bozkalekutan hautetsontziak eta botopaperak. Espainiaren azken asteetako jazarpena handia izan den arren, Generalitateak ostiralean aurkeztu zituen boto kutxak, eta bozkalekuak ireki baino hiru ordu lehenago ailegatu dira. BERRIAk jakin duenez, hainbat biltegitan izan dituzte, hirunaka plastiko beltzetan bilduta.

06:00etan amaitu da, gainera, Kataluniako  Auzitegi Nagusiak mossoei bozkalekuak husteko emandako epea. 07:00 inguruan hasi dira iristen mossoak, eta gauean bildu diren milaka herritarrei bozkalekuak hustu behar dituztela adierazi diete. Jendeak, ordea, ezetz esan du, eta txalo egiten hasi da.

Milaka herritarrek pasatu dute gaua bozkalekuetan. 05:00etarako deituta zeuden bozkalekuak itxi ez zitzaten, eta gaua pasatu dutenei asko eta asko gehitu zaizkie ordu horretatik aurrera. Txokolatea banatu dute, musika jo dute, eta poztasuna zen nagusi erreferenduma hasi baino bi ordu lehenago. Are eta gehiago boto kutxak iritsi direnean. Bideoa: boto kutxak eta paperak Bartzelonako bozkaleku batera iristen (BERRIA).

Espainiako Barne Ministerioak dio bozkaleku gehienak itxita daudela, baina goizeko 04:00etan 1.124 bozkaleku zeuden irekita, eta, hiru ordu geroago, horietako bakar bat ere ez zegoen itxita. Bi ordu besterik ez zen falta erreferenduma hasteko, eta ilara luzeak ari ziren sortzen jada bozkatzeko. Asko hunkituta irteten ziren bozkalekuetatik. Bideoa: lekukotzak (Lara Madinabeitia / BerriaTB).

Bozkalekuak zabaltzearekin batera, istiluak

Sant Julia de Ramisera heldu dira lehenik. Dozenaka guardia zibil sartu dira indarrez Carles Puigdemonti zegokion eskolara. Herritarrak saiatu dira segurtasun indarrei bidea ixten, baina haiek bortxaz kendu dituzte paretik. Sartu direnerako, hala ere, antolatzaileek jasoak zituzten hautetsontziak eta ordenagailuak, eraman ez zitzaten.

Hainbat minutuz bozkaleku barruan egon ostean, alde egin dute guardia zibilek. Han bildutakoek "fora" oihukatuz eta eskuak gora erantzun diete.

Oso antzeko irudiak ikusi dira beste hainbat bozkalekutan ere: Sabadellen, Bartzelonan eta Lleidan, besteak beste.

"Proportzionaltasunez" jokatu dutela esanez erantzun die Espainiako Barne ministroak kritikei, eta defendatu egin du segurtasun indarren jokabidea. Aldiz, Puigdemontek "justifikatu gabeko indarkeria" leporatu dio Madrili, eta horren aurrean "duintasunez" jokatu duten herritarrak txalotu ditu.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna