Kataluniako erreferenduma

Gizarte zibilak grebara deitu du "eskubide urraketa salatzeko"

Taula per la Democraciak greba orokorrera deitu du biharko, estatuaren errepresioari erantzuteko. Kataluniako Gobernuak babesa agertu dio grebari. Erakunde eta gizarte eragile ugarik egin dute bat deialdiarekin. Besteren artean, plataformako kide diren ANCk, Omniumek, CCOOk eta UGTk. Baita beste gizarte alor batzuetakoak ere: Bartzelona futbol taldeak edo Bartzelonako Unibertsitateak, besteak beste.

Traktore bat Espainiako poliziei bidea ixten gaur, Ventallo herrian, Gironan. /
Traktore bat Espainiako poliziei bidea ixten gaur, Ventallo herrian, Gironan. / Robin Townsend/EFE

Jon Ordoñez Garmendia -

2017ko urriak 2

Astearterako greba orokorrera deitu du Demokraziaren Aldeko Mahaiak (Taula per la Democracia) eta deialdia arrakasta izaten ari da. Erakunde horrek gizarte zibilaren hainbat eragile biltzen ditu, tartean, Kataluniako Unibertsitate Publikoen Elkartea, Kataluniako Gazteriaren Kontseilua, CCOO, UGT eta Unio de Pagesos sindikatuak, Auzo Elkarteen Konfederazioa, Guraso Elkarteen Federazioa eta Kirol Elkarteen Federazioa.

CGT eta COS sindikatuek bazuten egina euren aldetik deialdi bat. Demokraziaren Aldeko Mahaiak bere deialdia egin nahi du, ordea, eta ez soilik langileentzat, baita enpresarientzat ere. Atzo, CUPek egin zuen bat lehenik astearteko deialdiarekin, eta, ondoren, ANCk eta Omniumek, Katalunia plazako ekitaldian. Gaur, eragile gehiago ari dira batzen, gizarte esparru desberdinetakoak.

Deialdiak jasotzen duenez, Kataluniako gizarteari egiten diote dei "bere aniztasunean, idarkeriaren ordez elkarrizketa, eta autoritarismoaren ordez politika oinarri izango duen marko demokratiko bat defendatzera".

Demokraziaren Aldeko Mahaia aurreko astean eratu zuten eragileek, irailaren 20ko atxiloketen ostean, oinarrizko eskubideen urraketak salatzeko. Astearterako deialdia erreferendum eguneko Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren jazarpenak eragin du.

"Herri baten erantzuna"

CUPek parte hartzera deitu du "Espainiako Estatuak erabili duen indarkeriaren ondoren". Anna Gabriel Kataluniako Parlamentuko diputatuaren esanetan, greba orokorrak demokraziaren defentsarako erraminta izan behar du. "Hau berriro gertatzea nahi ez duen herri baten erantzuna izan behar du greba orokorrak", adierazi du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna