Kataluniako erreferenduma

Kezkatik gaitzespen mezuetara

Euskal eragile gehienek gaitzetsi dute Espainiaren "errepresioa", aldeak alde. Urkulluk "kezka eta tristezia" agertu ditu. Barkosek "neurrigabe" iritzi dio Poliziaren jarrerari.

Urukullu, Bilbon. /
Urukullu, Bilbon. / Luis Tejido/EFE

Gotzon Hermosilla -

2017ko urriak 3

Kataluniako erreferendumaren biharamunean, hitzaldia zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Nueva Economía foroan, eta jakin-min handia zegoen Katalunian gertatutakoaz zer esan behar zuen entzuteko. "Inori aholkuak emateari" uko egin dio hitzaldian, baina "alde guztiei" eskatu die "denbora apur bat hartu, egoera zein den hausnartu, introspekzio ariketa bat egin, autokritika egin eta elkarrizketari ekiteko".

Urkulluk esan du "kezka, tristezia eta harridura" sentitu zituela Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren erasoak ikusita, eta, berriro ere, "adosturiko bermedun erreferenduma" proposatu du irtenbide gisa. "1978tik hona, errealitatea aldatu egin da. Estatu eredua moldatu behar da. Kataluniaren eta Euskadiren nazio izaera eta estatuaren nazio aniztasuna aitortu behar dira".

Urkulluk berretsi egin du "lankidetzarako eskaintza", baina Generalitatearen eta gobernuaren artean bitartekari lanak egiteko aukeraz esan du "umil" jokatu nahi duela. "Jende asko da horretan saiatzen ari dena, nire ahalegina beste bat baino ez da".

Atzo gertatutakoaren ostean PPrekiko harremanei eutsi behar ote dieten ala ez galdetuta, esan du alderdiak erabaki behar duela EAJk PPrekin dituen harremanez. "Baina, Jaurlaritzari dagokionez, gu ordezkari instituzionalak gara, eta harremanak guztiekin izan behar ditugu".

Katalunia izan du hizpide Nafarroako presidente Uxue Barkosek ere, eta, Urkulluk bezala, elkarrizketaren beharra azpimarratu du hark ere, eta gogor gaitzetsi du Poliziaren oldarraldia, "erabat neurrigabea" izan zela nabarmenduz. "Politikan, elkarrizketa oinarrizkoa da, eta atzo ez zen halakorik egon. Aldiz, ikusi genuen Poliziaren erantzun neurrigabea, hori bai".

Aldebikotasunik ez

Bestelako analisia egin du EH Bilduk. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak prentsaurrekoa egin du, eta ziurtatu du Kataluniako afera Espainiako Estatuaren arazoa dela, ez "alderdi arazoa". "Norbaitek uste al du hau desberdina litzatekeela Pedro Sanchez balitz presidentea eta Rubalcaba Barne ministroa?". Halaber, ez da harritu polizien jarrera oldarkorrarekin, eta irudiak nazioarte osoan ikusi direla gaineratu du: "Agerian geratu da [Espainiako] Estatua". Koalizioko buruaren aburuz, 1978ko erregimenaren amaiera islatu dute atzoko irudiek. "Katalunian gertatutakoa 78ko erregimenaren aurkako zentsura mozioa da".

EAJri mintzatu zaio, halaber, Otegi. "Orain, leku batean edo bestean egon behar da; gero eta txikiagoa da anbiguotasunerako tartea". EH Bilduko kidearen iritziz, bide orria adostu behar dute Euskal Herriko alderdi politikoek orain: "Herrialde honetan zer egin nahi dugun erabakitzeko txanda da".

Koalizioak Espainiako Senatuan duen ordezkari Jon Iñarrituren iritziz, erreferendum egunean gertatutakoak argi uzten du amaitu direla elkarrizketarako aukerak. "Kalean bizi izan zituzten zailtasun guztien gainetik, agindu argia eman zuten atzo. Kataluniako gizartearen gehiengoaren ordezkarien erabakia edozein dela ere, gure babes osoa izango dute".

Sortuk prentsa ohar baten bitartez egin du balorazioa. Katalunia zoriondu, eta elkartasuna eta babesa agertu die: "Kolpe, mehatxu eta balorazioen aurrean ez daude bakarrik". Herritarrek independentziaren alde egindako hautua aintzat hartu dute, eta gainerako eragile politikoek ere onartzea galdegin dute.

Sorturen iritziz "zinismo ikaragarria" erakutsi du Urkulluk, Mariano Rajoyren eta Carles Puigdemonten jokabideak berdintzean. Jarrera horrek Espainiako Gobernuari mesede egiten diola uste dute. "Erregimenarekin hausteko beharra" berretsi du alderdiak, atzoko irudiek Espainia demokratizatzea "ezinezkoa" dela erakusten dutelako. "Espainiako ezkerrak ulertu beharko luke PP es dela arazoa, Estatua bera baizik". Euskal Herriak "bide propioa abiaraztea" posible dela uste du Srtuk, eta "sektoreak ados jartzea eta artikulatzea" dela "erronka nagusia".

Eusko Alkartasunak ere oharra kaleratu du; igandean gertatutakoa gaitzetsi, eta elkartasuna adierazi die bai Generalitateari eta baita gizarteari ere, eta, batez ere, ERC alderdiari.

Adierazpen instituzionala egin du Elkarrekin Ahal Dugu-ren Eusko Legebiltzarreko taldeak. Espainiako Gobernuaren "kudeaketa" gaitzetsi dute, eta "neurriz kanpoko eta bidegabezko indarkeria" erabili izana deitoratu dute. Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko "elkarrizketa politikoa" lehengoratzea eskatu dute, akordio politikoak egin eta Kataluniako herritarrak "demokratikoki" adieraz daitezen. Bide beretik mintzatu da EAEko Ahal Dugu. "Ateak irekitzeko zubiak eraikitzeko eta irtenbide politikoak birpentsatzeko unea da". Alderdiaren iritziz, "ez-ohiko laritasuna" du atzo gertatutakoak, eta "ezinegon legitimoa" eragin du. Ezohiko biltzarra egingo du alderdiaren zuzendaritzak bihar.

EH Baik Kataluniako herritarrak zoriondu ditu, eta lotsagarritzat jo du Espainiako Gobernuaren jarrera. Frantziako Gobernuari zuzendutako gutun bat pausatu dute Baionako Suprefekturan, atzo gertatutakoa sala dezaten.

Bestalde, Sare Antifaxistak eta CNT eta CGT sindikatuek bihar BIlbon elkartzeko deia egin dute, Kataluniari elkartasuna adierazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna