Kataluniako erreferenduma

Bortizkeria kasu guztiak ikertzeko eskatu dio NBEk Espainiako Gobernuari

Espainiako Gobernuak erreferenduma geldiaraztera bidalitako poliziak erretiratzeko eskatu du Generalitateko buruak, eta jakinarazi du ikerketa batzorde bat sortuko dutela igandean gertatutakoa argitzeko. Espainiako Gobernuak, bestalde, Poliziak izandako jarrera zuritu du esanez "herritarrekiko errespetuz" jokatu zutela. Europatik, berriz, indarkeria erreminta politiko gisa ez erabiltzeko galdegin diote Madrili.

Espainiko Polizia Tarragonako ikastetxe batean heutetsontziak babesteko bildutako herritarrei oldartzen. /
Espainiko Polizia Tarragonako ikastetxe batean heutetsontziak babesteko bildutako herritarrei oldartzen. / Jaume Sellart/EFE

Berria -

2017ko urriak 2

*Rajoy Sanchez eta Riverarekin bildu da gaur arratsaldean. Sanchezek Generalitatearekin negoziazioak "berehala" abiatzeko eskatu dio. Riverak Kataluniako autonomia eten eta hauteskunde autonomikoak deitzeko galdegin dio.

*Junckerrek eta Tuskek telefonoz hitz egin dute Rajoyrekin. Babesa adierazi diote, baina, horrez gain, Kataluniarekin elkarrizketa abiatu eta irtenbide politikoa bilatzeko galdegin diote.

*Europako Parlamentuak asteazkenean eztabaidatuko du Kataluniako erreferendumaren inguruan.

*Kataluniako Parlamentuan aste honetan izan daiteke erreferendumaren ondorioei buruz hitz egiteko osoko bilkura. Asteazkeneko bozeramaileen batzordean bilkura deitzeko eskatuko dute Junts pel Sik eta CUPek.

*Euskal Herrian, mobilizazioak deitu dituzte biharko gehiengo sindikalak eta Ernaik.

*Erietxeetako iturriek jakinarazi dute Poliziaren oldarraldietan zauritutako 894 pertsona artatu zituztela. Horietatik lauk erietxean jarraitzen dute, eta biren osasun egoera larria da. Haietako bat gomazko pilota batekin zauritu zuten begian.

*Nazioarteko hainbat goi kargudunek salatu dute Espainiako Gobernuaren jarrera. Ordea, Europako Batzordeak adierazi du "Espainiaren barne arazoa" dela Katalunian gertatzen ari dena.

*Erresuma Batuko begiraleek Hagako auzitegira eramango dute Espainia.

*Nazioarteko bitartekaritza onartzeko prest agertu da Puigdemont, beti ere baldintzarik gabeko elkarrizketak badira. Gogorarazi du, hala ere, horretarako Espainiak onartu behar duela arazoa politikoa dela "eta ez poliziala edo judiziala".

Zuzeneko kontakizuna

21:39
2017-10-02

Erreferenduma eragozteko Espainiako Poliziaren oldarraldi bat ikus daiteke ondorengo bideoan, polizia batek bere kamerarekin grabatuta. Gironako Telebistak zabaldu du.

 

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

21:22
2017-10-02

Tarragonan, taxilarien %90 ados jarri dira Espainiako segurtasun indarrei zerbitzurik ez emateko. Taxilarien elkarteek batzarra egin dute gaur goizean, eta bertan hartu dute erabakia: ez diete zerbitzurik emango Tarragonako portuan dagoen itsasontzi batean ostatu hartuta dauden poliziei eta guardia zibilei. Taxilariek gaitzetsi egin dituzte atzo "Kataluniako herriaren kontra izan ziren gertakari negargarriak".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

21:18
2017-10-02

Erreferenduma eragozteko Kataluniara joanak diren Espainiako hainbat poliziak argazkia atera zuten elkarrekin, Bartzelonako portuan. Irudiak polemika piztu du sare sozialetan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

20:32
2017-10-02

500 polizia eta guardia zibil kanporatu dituzte Calellako hiru hotelek

Calella herriko hiru hotelek 500 Espainiako polizia eta guardia zibili joateko eskatu diete, gaurko eguerdia baino lehen. Izan ere, poliziak Calellako herritarrei oldartu zitzaizkien atzo gauean, Poliziaren errepresioaren aurka protesta egiteko hainbat herritar hotelen aurrean elkartu zirenean.

Calellako bizilagunek oldarraldi horien bideoak zabaldu dituzte sareetan.

Poliziak joatear zirela, herritar ugari bildu da hotelen aurrean haien jokabidea gaitzesteko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:56
2017-10-02

Riverak 155. artikulua aplikatzeko eskatu dio Rajoyri

Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Kataluniako autonomia bertan behera uzteko eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, "demokraziaren kontrako kolpe honen gatibu izateari uzteko". Riverak Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko galdegin dio. Gaur arratsaldean helarazi dio eskaria Rajoyri, Madrilgo Moncloa jauregian egin duten bileran.

Ciudadanoseko buruak azaldu duenez, "proposamen argia eta zehatza da, eta guztietan demokratikoena". Hauteskunde autonomikoak egiteko eskatu du, kataluniarrei "ahotsa itzultzeko", "lasaitasunez" erabaki dezaten.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:48
2017-10-02

Mobilizazioak deitu ditu Ernaik Unibertsitateetan

Ernaik manifestazioak antolatu ditu Gasteizko, Donostiako, Iruñeko eta Leioako EHUren campusetan, "Desobedientziaz, haustura independentziara" lelopean. 12:00etan hasiko dira laurak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

19:33
2017-10-02

Sanchezek Kataluniako Gobernuarekin berehala negoziatzen hasteko eskatu dio Rajoyri

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Generalitatearekin negoziazioa "berehala" hastea galdegin dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari. Estatuan lurraldetasunaren auzia konpontzeko akordioa lortzen saiatzeko dei egin dio Sanchezek, eta lan horretarako Unidos Podemos ez baztertzeko eskatu dio.
Sanchez Rajoyrekin bildu da gaur arratsaldean Madrilgo Moncloa jauregian. Ordu eta erdiz egon dira solasean.

Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatzeko aukera mahai gainean dela egin dute bilera PPko eta PSOEko buruek. Kataluniak independentzia aldarrikatuko balu, PSOEk ez luke egoki ikusiko Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea —Kataluniako autonomia etengo lukeena—. Aldiz, Auzitegi Konstituzionalera jotzea proposatuko luke, aldarrikapen horren arduradunak kargugabetzeko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

18:23
2017-10-02

Junckerrek eta Tuskek poliziaren indarkeriaz galdetu diote Rajoyri

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko buruak eta Donald Tusk Kontseilu Europarreko presidenteak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari deitu diote telefonoz, eta Kataluniako erreferenduma izan dute hizpide. Besteak beste, erreferenduma eragozteko Madrilek erabili duen indarkeriari buruz mintzatu dira.

Tuskek babesa agertu dio Rajoyri haren legezko argudioetan; baina etxeko lanak ere jarri dizkio: indarraren erabilera eta tentsioaren areagotzea sahiesteko bideak bilatzea.

Junckerrek "entzuteko jarrerarekin" deitu dio Rajoyri, berri agentziek adierazi dutenez. Batzordeko buruak berretsi egin dio goizean Europako Batzordeko bozeramaileak publiko egin duen jarrera. Hau da, eragile guztiei "konfrontaziotik elkarrizketara" igarotzeko deia, eta indarkeria erreiminta politiko gisa erabiltzeari uko egiteko eskaria.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:56
2017-10-02

Junts pel Sik eta CUPek ezohiko osoko bilkura eskatuko dute "erreferendumaren ondorioak" aztertzeko

Erreferendumaren emaitzaren ondorio politikoei buruz eztabaidatzeko oso bilkura eskatuko dute Junts pel Sik eta CUPek. Horretarako, bozermaile batzordea deituko dute asteazkenerako, Kataluniako Parlamentuan. Bozeramaile batzordeak osoko bilkura horren data eta formatua zehaztu beharko ditu.

Junts pel Siren talde parlamentarioko presidente Lluis Corominasek jakitera eman duenez, litekeena da osoko bilkura aste honetan izatea. Ez du baztertu asteburuan egiteko aukera, eta datorren astearen hasieran izatea ere posiblea dela adierazi du.

Corominasek ez du esplizituki esan osoko bilkuran Junts pel sik independentziaren aldarrikapena proposatuko duen ala ez, baina Erreferendum legeare edukiari jarraituko diotela adierazi du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:36
2017-10-02

Unibertsitateko ikasleak Espainiako Poliziaren egoitzaren aurrean elkartu dira Bartzelonako erdigunean, atzo izan zuten jokabidearengatik protesta egiteko.

Gidariek ere kontrakotasuna adierazi diete poliziei.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:21
2017-10-02

Euskal Herriko gehiengo sindikalak mobilizazioak antolatu ditu biharko

"Demokraziaren alde, erabakitzeko eskubidearen alde eta errepresioaren kontra" lelopean, mobilizazioak antolatu ditu bihar Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Kataluniako erreferendumean demokraziari "estatu kolpea" eman zitzaiola salatu dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuko kideek.

Elkarretaratzeak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, udaletxe aurrean. Gasteizen, Donostian eta Bilbon, 11:00etan; eta Iruñean, 12:00etan. Iluntzean manifestaziora deitu dute lau hiruburuetan. 19:00etan hasiko dira, Andre Maria Zuriaren plazatik Gasteizen, Moyua plazatik Bilbon, Bulebarretik Donostian eta Gazteluko plazatik Iruñean.

Horrez gain, elkarretaratzeak egingo dituzte lantokien aurrean, atsedenaldietan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

17:08
2017-10-02

Ara egunkariak bere azala katalanez ez ezik, euskaraz ere egin du, beste hainbat hizkuntzaren artean.

Gurutze Izagirre

Gurutze Izagirre

16:40
2017-10-02

Jordi Pujolek eta Marta Ferrusolak ere bozkatu zuten atzo

Gurutze Izagirre

Gurutze Izagirre

16:30
2017-10-02

Crida per la Democracia plataformak bideo bat egin du erreferendumari buruz. Bideoak irudi ikusgarriak biltzen ditu: Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren indarkeria eta botoa ematearen alde agertu ziren herritarren erresistentzia erakusten dutenak.

 

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:38
2017-10-02

PP-k adierazi du Kataluniako agintariek justiziaren aurrean erantzun beharko dutela

PPko koordinatzaile nagusi Fernando Martinez-Maillok adierazi du Espainiako Gobernuak ez duela "atzerapausorik emango" Konstituzioaren defentsan, eta "arduratsu, legez eta zentzudun" jokatuko duela. Martinez Maillok ziurtatu du Kataluniako agintariek epaitegietatik pasatu beharko dutela erreferenduma antolatzeagatik. "Batzuek justiziaren aurrean erantzun beharko dute hartu dituzten erabakiengatik".

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari galdegin dio "legez jardun" dezala, "bestela, elkarrizketa ez baita posible izango".

Erreferenduma "iruzurra" izan da, PPko koordinatzailearen iritziz, eta gezurtatu egin du polizien indarkeriak 800 zauritu baino gehiago eragin izana. "Lau dira ospitalean daudenak", adierazi du. Horrez gain, gaitzetsi egin du Kataluiako Gobernuak zauritutako 33 poliziez ezer ez esan izana. Mailloren esanetan, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak "demokrazia, legea eta konstituzioa babestu" zituzten, baita espainiar "guztien eskubideak" ere.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

15:21
2017-10-02

Europako Parlamentuak Kataluniari buruz eztabaidatuko du asteazkenean

Kataluniako auzia Europako Parlamentuan eztabaidatuko da asteazkenean, talde popularrak, talde sozialdemokratak eta talde liberalak, hiruren arteko proposamena onartu ostean. Taldeek Konstituzioa eta Zuzenbide Estatua Espainian, Kataluniako gertakarien harira izenburua hartuko duen eztabaida eramango dute parlamentura, Berdeen taldeak aurkeztu duena baztertuta.

Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajanik Rajoyri jakinarazi dio telefonoz eztabaida egingo dela.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:54
2017-10-02

Merkelen gobernuak Madrilgo gobernuari dei egin dio elkarrizketak lehenbailehen has ditzan Kataluniarekin. Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri ministroak uste du berebiziko garrantzia duela "kontrola" ez galtzeak, Poliziaren indarkeriari erreferentzia eginez. "Espainiatik iritsi zaizkigun indarkeriazko irudiek erakusten digute zeinen garrantzitsua den indarkeriaren espirala geratzea". Europako Batasuneko funtzionarioei, halaber, dei egin die Espainiaren eta Kataluniaren arteko elkarrizketarako.

Gurutze Izagirre

Gurutze Izagirre

14:53
2017-10-02

TVE-ko Albistegi Batzordeak zuzendaritzaren dimisioa galdegin du, erreferendumaren tratamenduarengatik

TVEko Albistegi Batzordeak salatu du Espainako telebista publikoak ez zuela bete haren "funtzio publikoa" Kataluniako erreferendumaren berri ematerakoan, eta albistegietako zuzendaritza osoaren "berehalako dimisioa" exijitu du.

Ohar bidez azaldu duenez, TVEk ez du "informazio objektiboa, egiazkoa eta prulala" eskaini, eta nabarmendu du legez hala egitea dagokiola. Aldiz, "alde bateko informazioa eta informazio okerra" emateko "ahalegin guztiak" egin dituela salatu du batzordeak.

Horrez gain, TVEko kazetariek protesta egin dute gaur, albistegietako erredakzio arduradunen aurrean. Gazteleraz eta katalanez "lotsa" zioten kartelak erakutsi dituzte, TVEk erreferendumari eskaini dion tratamendua salatzeko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:33
2017-10-02

Erresuma Batuko begiraleek Hagako auzitegira eramango dute Espainia

La República egunkariak jakinarazi duenez, Kataluniako erreferendumari jarraipena egiteko osatua zen Erresuma Batuko begiraleen ordezkaritzak Espainiako Estatua salatuko du Hagako Nazioarteko Auzitegian.

Egunkariaren esanetan, hamalau parlamentariz osatutako ordezkaritza "shock egoeran" gelditu da Espainiak erreferendumaren aurka hartu dituen indar neurriengatik.

Begiraleek zilegitasun osoa aitortu diote erreferendumari, bai eta bozketan bildutako emaitzei ere.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:24
2017-10-02

Udalbiltzak balorazioa egingo du bihar

Udalbiltzak prentsaurrekora deitu du biharko, Kataluniako erreferendumari buruzko balorazioa egiteko. Ehun kideko ordezkaritza bidali zuen atzo, AMI Kataluniako Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak gonbidatuta, erreferendumari jarraipena egiteko.

Prentsaurrekoa 12:00etan izango da, Donostian, eta hitza hartuko dute Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak, Amaia Almirall Donostiako zinegotziak eta Maite Iturre Baztango zinegotziak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:23
2017-10-02

Milaka pertsona atera dira gaur ere Katalunian kalera, Poliziaren atzoko bortizkeria salatzera. Bartzelonan martxa isila egin dute ikasleek.

Gurutze Izagirre

Gurutze Izagirre

14:06
2017-10-02

Ikerketa eskatu du NBE-k

Igandean Katalunian gertatutako erasoak ikertzeko eskatu du Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideetarako ordezkari bereziak, Zeid Ra'ad Al Husseinek: "Indarkeria ekintza guztiak independentziak ikertzeko eskatzen dio Espainiari, eta onar dezala horretarako NBEk eskatzen duen giza eskubideen alorreko adituen parte hartzea".

Al Husseinik gaineratu du Kataluniarekiko gatazka "bide politikoetatik eta elkarrizketa bidez" konpondu beharko litzatekeela. "oinarrizko eskubideekiko errespetu osoz".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:24
2017-10-02

Puigdemonten agerraldia

"Arazoa politikoa dela onartzen ez badute, nola eseriko dira gurekin hitz egitera? Gu prest gaude bitartekaritza bat onartzeko eta hitz egiteko, edonon biltzeko, betiere, baldintzarik gabekoak badira elkarrizketak".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:20
2017-10-02

Puigdemonten agerraldia

"Ez dugu gutxiesten estatuaren indarra, baina ez dezatela eurek ere gutxietsi Kataluniak bere helburuak lortzeko duen indarra".

"Bitartekaritzaz hitz egiten dudanean argi dut Europako Batasunak ezin duela rol hori hartu, baina, era berean, argi dut hark babestu dezakeela. Izan ere, elkarrizketa hauetarako beharrezkoa den beste alde horrek ez du urratsik egingo Europako Batasunak horretara bultzatzen ez badu. Bada garaia hark ere beste aldera begiratzeari uzteko".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:15
2017-10-02

Puigdemonten agerraldia

"Dagoeneko jaso ditugu bitartekaritza horretan parte hartzeko prest laudekeen pertsonen eskaintzak, baina Espainiako Gobernuak ere onartu egin behar du bitartekaritza hori".

"Baldintza hauetan, horrenbeste mehatxurekin eta indarkeriarekin, eskolak zabaldu dituzte, eta herritarrak bozkatzera joan direnan, eta parte hartzea Europako Konstituzioa onartu zenekoa adinakoa izan denean, bai, emaitza loteslea da; eta emaitza horretan oinarrituta egingo dugu politika".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:12
2017-10-02

Puigdemonten agerraldia

"Askatasunen murrizketa amaitu eta instituzioek normaltasunez lan egitera itzuli behar dute".

"Une honetan beharrezkoa dugu hirugarren baten bitartekaritza; inor horretarako prest agertuko balitz, arduragabea litzateke uko egitea".

13:08
2017-10-02

Puigdemonten agerraldia

"Batzorde hau osatuko dute Generalitatetik kanpoko pertsonek eta baita Generalitateko lege aholkulariek ere, eta gobernuak erabateko sostengua emango dio".

"Atzokoa indarkeria neurrigabeko eguna izan zen. Horiek hala, eskatzen dugu erretira ditzatela Katalunian dauden polizia eta guardia zibilak. Ustezko ordenaren indarren jarrrera onartezina izan zelako, eta operazio hori bultzatzeko diru publikoa erabili dutelako".

"Atzoko indarkeria ezin da zigorrik gabe geratu, eta inolaz ere ezin da errepikatu".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:06
2017-10-02

Puigdemonten agerraldia

"Indarkeriarik gabeko nazioarteko eguna da gaurkoa, eta halako egun seinalatuan larrialdiko bilera egin du Generalitateak, eta bertan erabaki du oinarrizko giza eskubideen urraketak ikertzeko batzorde berezi bat sortzea. Salaketa multzo izugarria jaso dugu urraketa horiek frogatzen dituztenak".

"Salaketak jarri dituztenen artean nazioarteko herritarrak ere badaude".

"Horiek hala, erantzukizunak eskatuko dizkiegu operazio hauek agindu dituztenen agintari polizial eta politikoei".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:59
2017-10-02

Juncker eta Rajoyren arteko bilera arratsaldean

Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrekin bilduko da arratsaldean Rajoy. Kataluniako erreferenduma izango dute eztabaidagai bakarra. Bileraren ostean, agerraldia egitekoa da Juncker.

Espainiaren batasunaren aldeko jarrera agertu izan du orain arte Europako Batzordeko presidenteak, eta ez dirudi datozen egunetan aldatuko denik.

Gaur "elkarrizketarako deia" egin die batzordeak bi aldeei, eta ohartarazi du auzia "Espainiako Konstituzioaren baitan" konpondu behar dela.

12:32
2017-10-02

Sindikatuek biharko deitutako greba orokorrarekin bat egin du Omniumeko buru Jordi Cuixartek: "Kataluniako herriak atzoko erasoei eman diezaiekeen erantzunik egokiena dela uste dugu".

Bartzelonako Sant Jaume plazatik egin ditu adierazpenok Ciuxartek. Indarkeria salatzeko deitutako elkarretaratzeetako batean parte hartu du hark ere, Generalitateko hainbat goi kargudunekin batera.

12:25
2017-10-02

Europako Batzordearen erantzuna

Batzordeko eledun Margaritis Schinasek berretsi du "Espainiaren barne arazoa" dela Kataluniako auzia, eta babesa eman dio Mariano Rajoy gobernuburuari; baina ohartarazi dio indarkeria ez dela inoiz "tresna politikoa".


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna