Nafarroa

Urriaren 19an eztabaidatuko dute Polizien Legea atzera bota edo ez

Ahal Dugu-k eta Ezkerrak diote ez dutela jarrera aldatuko gobernuak sindikatuekin akordioa lortu arte. EH Bilduk eta Geroa Baik espero dute bi alderdiak konbentzitzea.

Parlamentuko osoko bilkura
Parlamentuko osoko bilkura Parlamentua / Berria

Joxerra Senar -

2017ko urriak 3

Ana Beltran (PP), gorri eta horiz jantzia, polizia indarkeria txalotzen. Javier Esparza, Carles Puigdemonti errua botatzen. EH Bildu, Kataluniako gizartearen erantzun "eredugarria" goraipatzen. Geroa Bai, Madrilgo gobernuaren ezgaitasuna salatzen. Ahal Dugu, “gobernu ustel eta biolento hau” kanporatzeko ordua dela aldarrikatzen. PSN, bermerik gabeko prozesua dela esaten, eta Ezkerra, atzoko gertakariak salatzen baina independentzia aldarrikatzerik ez dagoela nabarmentzen.

Asteleheneroko Eledunen Batzordekoa bilera ohi baino beroagoa izan da gaurkoan ezinbestean, eta Nafarroako gaurkotasuneko gai ororen gainetik Katalunian atzo bizitakoa gailendu da. Lau adierazpen eztabaidatu dira eta puntuka guztietatik zatiak onartu dira.

Ñabardura ugari daude dokumentu eta boto gehienetan, baina oro har Espainiako Gobernuaren erantzuna gaitzetsi da: estrategia errepresiboa bertan behara uztea galdegin zaio, eta Rajoyren dimisioa eskatu da —laukoaren botoekin eta UPN, PSN eta PPren kontrako botoekin—; Kataluniako herriari eta kolpatutako guztiei elkartasuna adierazi zaie —laukoari PSN batu zaio—, eta nazioarteko agintariei esku hartzera dei egin zaie —laukoa—; Kataluniako salbuespen egoera gaitzetsi da, eta elkarrizketarako deia egin da —aukoak alde—.

Elkarrizketarako deiarekin bat egin du PSNk aurkeztutako adierazpenak, eta lasaitasuna eskatu du. Dena den, agiri berak aukera ireki die UPN eta PPri euren jarrera adierazteko: zuzenbide estatuarekin erabateko konpromisoa azaldu dute —UPN, PSN, Ezkerra eta PP alde—. Ezkerraren adierazpenaren puntu batekin gauza bera gertatu da: bertan azpimarratu dute atzoko mobilizazioak ez duela legitimo egiten independentziaren adierazpen alde bakarrekoa —Ezkerra, UPN, PP eta PSN alde—.

Alderdien iritziak

Jose Javier Esparza UPNko eledunak aukera baliatu du nazionalismoaren aurka egiteko. “Haren lehen helburua Espainia haustea da”. Esparzaren irudiko, nazionalismoak “biktimarena egin nahi du”, eta bere obsesioak gailendu nahi ditu legeen gainetik. “Espainia herrialde handia da, demokratikoa da, eta denak, baita independentistak ere, legea betetzera derrigortuta daude”. Haren irudiko, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak epaileen agindua bete dute, “ezin zelako legez kanpoko zerbait egin. Arduradun nagusia Carles Puigdemont da”.

Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, “erabat neurrigabea” izan da polizien erantzuna. Martinezen arabera, porrot egin dute Rajoyk eta erantzun gogorra aldarrikatu duten guztiek —“Felipe Gonzalez, El País eta eskuin atzerakoi guztia”—. Haren ustez, Rajoyk Alderdi Popularraren interesak zaindu ditu Espainiaren eta Kataluniaren interesen gainetik. Alde bakarreko balizko adierazpenaren aurrean galdetu diote, eta adierazpenetan abstenitu direla gaineratu: “Ez gara nor kataluniarrei zer egin behar duten esateko”.

EH Bilduko Adolfo Araizek zoriondu egin du Kataluniako herria erakutsitako duintasun eta tinkotasunagatik. “Estatu burujabe izateko eskubidea irabazi dute”. Babestu egin du orobat bere bide propioa egiteko Kataluniako Gobernuak azaldutako borondate irmoa. Kontrara, Espainiako Estatuaren erantzuna gaitzetsi du, “bere benetako aurpegia” erakutsi baitie gainerako herrialdeei. “Argi uzten du ez dela beste demokrazien parekoa”.

Ahal Dugu-ko Mikel Builek irmo gaitzetsi du atzoko indarkeria poliziala, eta azpimarratu du ordua dela Madrilgo gobernu “ustel eta biolentoa” kanporatzeko. Podemosek helburu gisa Mariano Rajoy kanporatzea jarri duela nabarmendu du, eta gogoratu du Ciudadanos eta PSOEk babesten dutela. “Oso egoera larria da. Edo Alderdi Popularra edo demokrazia”.

PSNko Maria Txibitek Kataluniako Gobernuari leporatu dio “herritarrei iruzur egitea bermerik gabeko prozesu bat bultzatzeagatik”. Espainiako Gobernuari egoera hori bideratzeko gaitasun falta egotzi dio. “Edonola ere, Mariano Rajoyren gobernuaren gainetik, Zuzenbide Estatuarekin gaude”.

Ezkerrako Marisa de Simonen arabera, “deitorragarria” da Espainiako Gobernuak nazioartera begira emandako irudia. Ezkerraren arabera, Katalunian gertatutakoak erakusten du 78ko erregimena ez dela gauza arazo sakonei aurre egiteko.

PPko Ana Beltranek eskerrak eman dizkio Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari “Kataluniako gizartea babesteagatik, eta Espainiaren batasuna, legea, Zuzenbide Estatua eta demokrazia defenditzeagatik”. Haren irudiko, Kataluniako Gobernuak eta parlamentuak kataluniar batzuen eskubideak “zapaldu” ditu. “Atzoko gertakariek agerian uzten dute demokrazia espainiarraren sendotasuna, erakundeen eraginkortasuna, haren zerbitzari publikoen leialtasuna eta herritar gehienek erakutsitako batasuna”.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna