Kataluniako erreferenduma

Mossoak, heroi eta traidore

Bi hilabetetan erabat aldatu da orain arte Katalunian eta Espainian Mossos d'Esquadra Poliziaren irudia. Errepresore izatetik Auzitegi Nazionalean deklaratzera iragan dira.

Espainiako poliziak eta mossoak, igandean, L'Hospitaleten mokoka, jazarpena dela eta. /
Espainiako poliziak eta mossoak, igandean, L'Hospitaleten mokoka, jazarpena dela eta. / Quique Garcia/EFE

Jon Ordoñez

2017ko urriak 4

Protagonismo berezia hartu du Mossos d'Esquadra poliziak azken asteetan Kataluniako prozesuan, eta Josep Lluis Trapero mossoen buruaren gorabeherak dira horren adierazle. Duela gutxira arte, kritika asko jaso dituen polizia izan da Kataluniakoa; jipoiak kalean, gomazko piloten erabilera, torturak komisaldegian eta indultuak torturatzaileei, mugimendu libertarioaren aurkako sarekada, herritarren kontrako jazarpena... Alegia, Espainiako polizien pareko ospea zuen. Abuztuko atentatuez geroztik Katalunian mossoekiko zuten irudia nabarmen hobetu da, eta aldi berean Espainian unionisten etsai nabarmenetako bat bihurtu dira, Trapero bera, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omniumeko buruekin batera, Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitzeraino sedizioa leporatuta.

"Erresistentzia ez da jarrera baketsu bat", esan zion 2012an mossoen buruetako batek Jordi Evole kazetariari Espainiako La Sexta telebista katean M15 mugimenduari buruzko erreportaje batean. Orduko horretan modu bortitzean bota zituzten manifestariak Bartzelonako Katalunia Plazatik. Itzal ilun hori, ordea, erabat estalita geratu zen abuztuan Bartzelonan eta Cambrilsen (Tarragona) izan zen atentatuetan. Heroien modura agertu dira iritzi publikoaren aurrean, eta Katalunian harrotasunez begiratzen zieten bitartean, aldi berean, Espainian susmopean jarri zituzten, urriaren 1eko erreferendumean paper garrantzitsua izango zutela aurreikusiz.

"Bueno, pues molt bé, pues adiós", Traperok atentatuei buruzko agerraldi batean hala erantzun zion katalanez hitz egiteagatik kexu agertu zen kazetari bati. Sare sozialetan ikur bilakatu zen, eta atentatuen osteko zurrunbiloan ia oharkabean geratu zen mossoek hil egin zituztela ustez atentatuak burutu zituzten sei lagun, bost Cambrilsen poliziaren kontrol batean eta beste bat Subiratsen inguratu ostean. Bereziki, azken horren kasua izan zen deigarria, Cambrilsekoen kasuan ez bezala, ez baitzituen oharkabean harrapatu mossoak; hainbat egun zeramatzaten Younes Abouyaaqoub susmagarriaren bila, eta herritar batek ohartarazi zituen non zegoen. Horretarako prest zeuden, inguratuta zuten, eta hala ere, hil egin zuten.

Kataluniako Generalitateak atentatuen ostean berehala agertu zuen bere burua herrialde independente batean modura. Espainiako erakundeen protagonismoa oso txikia izan zen, eta erregeak berak joan behar izan zuen Bartzelonako manifestaziora. Nazioartean Katalunia ematen ari zen irudiarekin kezkatuta, atentatuak baino egun batzuk lehenago Alcanarren (Tarragona) izan zen leherketak eztabaidaren erdian jarri zituen mossoak. Hasiera batean gas leherketa bat izan zela uste zen horrek agerian utzi zuen egun batzuk lehenago atentatu handi baten prestaketa lana. 120 butano bonbona aurkitu zituzten txalet horretan, eta leherketa hori behar bezala ikertu ez izana leporatu zieten mossoei. Kataluniako Generalitateak Espainiari leporatu zion Europolen sartzea ukatzen zitzaiela mossoei, eta ustez atentatu arriskuaz ohartarazten zuen CIAren ohar batekin erantzun zuten Espainiako inteligentzia zerbitzuek.

Anbiguotasuna erreferendumarekin

Abuztua atzean utzita, irailean erreferendumean mossoek izango zuten jokabideak bereganatu zuen arreta guztia. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Erreferendum Legea baliogabetu zuzenean zuzenean jakinarazi zien mossoei horren inguruko erabakia: erreferendumaren aldeko ekintza guztiak geldiarazi edo eragotzi behar zituztela agindu zien eta hori egin ezean, delituren bat egin zezaketela ohartarazi zien. Aurtengo Diadaren ostean, mossoak jarri zituen berriro jomugan Espainiak. Erreferendumaren aurrean zer jokabide izan behar zuen gogorarazi zion Kataluniako Fiskaltzak Traperori fiskaltzaren egoitzara deituta, eta hautetsontziak atzemateko agindu zien mossoei. Puigdemontek, ordea, erantzun zuen mossoen lana ez dela hori.

Erreferendumaren aurrean anbiguotasun batean ibili dira mossoak. Ez dute esan desobedituko dituztela Madrilen aginduak eta aurreko egunetan agindua zuzen ere bete dute, baina aldi berean ez dute erakutsi Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak erreferenduma galarazteko erakutsi duten grina. Espainiako Gobernuak, hala, Kataluniara polizia eta guardia zibil gehiago bidaltzea erabaki zuen, "mossoei laguntzeko". Gauzak horrela mossoen kontrola bereganatzen saiatu zen Barne Ministerioa erreferenduma trabatzeko polizien koordinazio mahai bat sortuz (torturengatik zigortutako guardia zibil bat jarri zuten buru), baina Generalitateak erantzun zuen ez zituztela mossoak Madrilen agintuetara jarriko, eta Trapero ez zen Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin deitu zuten bilerara joan; beste ordezkari bat bidali zuen.

Erreferenduma baino lau egun lehenago Fiskaltzak mossoei agindu zien zigilatzeko bozkalekuak, eta hasi ere hasi ziren bozkaleku gisa erabili ziren eskoletara joaten, horietako arduradunak identifikatu eta erreferendumari buruzko informazioa jasotzeko. Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilariak epailearen agindua ebidentzia bat zela eta mossoei hori betetzea zegokiela onartu zuen, baina era berean elkarbizitza horren aurretik dagoela argudiatuta hori zaintzen ahaleginduko zela iragarri zuen.

Eta hala gertatu zen igandean. Goizeko 06:00ak arte eman zieten mossoei epea bozkalekuak zigilatzeko. Epe hori amaitu zen, ordea, eta prestatu zituzten bozkalekuak, iritsi ziren hautetsontziak eta hasi zen bozketa. Mossoek 160 bozkaleku itxi zituzten eta gehiago ixten ere saiatu ziren. Herritarren erresistentzia baketsuaren aurrean, ordea, atzera egin zuten beste batzuetan, eta zauritu bakar bat ere ez zuten eragin. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, berriz, 90 itxi zituzten eat 800dik gora zauritu eragin zituzten. Pasibitatea egotzi diete mossoei igandean. Eurek, ordea, argudiatu dute bete zituztela erreferenduma galarazteko agindua, baina ez zutela elkarbizitza arriskuan jarri nahi izan. Eta konpromiso horrek irudi esanguratsuak utzi zituen igandean. Mossoak Espainiako poliziekin eta guardia zibilekin mokokaa, mossoak erreferenduma oztopatzeko lanean herritarren aurrean negarrez, mossoak Els Segadors abesten zutenen aurrean formatuta. Espainian nolabaiteko konplizitzatea ikusten dute pasibitate horretan, eta horrek bereziki amorrarazten ditu; Mossos d'Escuadra polizia bat izanik, nahiz eta Kataluniako autonomia oraindik bertan behera utzi ez duten, traizio larriagotzat dute euren jarrera, azken finean estatuaren agindu katearen beste katebegi bat baita eurentzat.

Beldurra eza, auto baten gainean

Erreferenduma antolatzeagatik Generalitateako goi-kargudun batzuen aurkako polizia operazioaren egunean gertatutakoak islatzen du estatuaren sentimendua mossoekiko. Egun horretan Guardia Zibila Ekonomia Kontseilaritzaren egoitza miatzen ari zen bitartean, milaka lagun bildu ziren horren atarian han zeuden guardia zibilen aurrean. Mossoak ere bazeuden, Guardia Zibila babesten. Momentu batean, ordea, protestak Guardia Zibilaren auto baten gainera eraman zituen manifestariak. Operazioa zaintzen ari ziren guardia zibilek jendetzaren aurrean ez zuten erreakzionatu eta mossoek ez zuten ezer egin. Horrela, auto hori protestaren ikur bilakatu zen. Loreak, esteladak, demokrazia eskatzen zuten afixak, euskal presoen aldeko pegatinak... manifestariek josi egin zuten patrol hura, eta jendeak beldurra galdu zion auto horrek irudikatzen zuenari. Hori ez diete barkatzen Espainian mossoei, hori galarazteko ezer egin ez izana. Umiliaziotzat hartu baitzuten jendearen haserrearen momentuko espresio hura. Guardia Zibilak egurra emanez eta beldurra eraginez irabazi du ospea hamarkadetan zehar, eta beldur hori galduz gero, horrelako pasarte gehiago gerta daitezkeela badakite. Horregatik jo zuten igandean hain gogor herritarren kontra, herritarrak Guardia Zibilaren autoetara igotzen hasiz gero, ahul sentitzen delako Espainia.

Ez ziren mossoak izan protesta hura disolbatu zutenak, baizik eta Sanchez eta Cuixart herritarrak hurrengo eguneko protestetara deituz. Auzitegi Nazionalerako bidea horiekin batera egingo du orain Traperok ostiralean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna