KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

Behin betiko emaitzak: %43ko parte hartzea, eta %90,18 baiezko

Igandeko erreferendumeko behin betiko emaitzak jakinarazi ditu Generalitateak. %43ko parte hartzea izan da: haietako %90,18k baiezkoaren alde egin dute, %7,38k ezezkoaren alde eta %1,98k zuri. Orain, Erreferendumaren Legeko 4.4 artikuluaren arabera, bi lan eguneko epea dute independentzia aldarrikatzeko. Bestetik, Auzitegi Nazionalean izan dira gaur Trapero, Laplana, Cuixart eta Sanchez. Libre atera dira, baina berriz joan beharko dute deklaratzera epaileak aztertzen duenean Traperok eman dion dokumentazioa. Espainiako Fiskaltzak sedizio delitua leporatzen die.

Jordi Sanchez ANCko presidentea, gaur, Auzitegi Nazionalera bidean. /
Jordi Sanchez ANCko presidentea, gaur, Auzitegi Nazionalera bidean. / Victor Lerena/EFE

Berria -

2017ko urriak 6

*Jordi Sanchez ANCko presidentea, Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko presidentea, Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren burua eta Teresa Laplana mossoen burua aske utzi ditu Auzitegi Nazionalak, kautelazko neurririk gabe. Espainiako Fiskaltzaren eskariz deitu ditu gaurko deklaratzera.

*Caixabankek gaur erabakiko du bere egoitza Kataluniatik kanpora lekuz aldatzen duen. Palmara (Balearrak) eramateko aukera aztertuko du.

*Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuaren asteleheneko osoko bilkura behin-behinean indargabetu ondoren, Puigdemontek asteartean agerraldia egitea proposatu du. Bada beste aukerarik. CSQEP alderdiak Puigdemonten agerraldi eskaria aurkeztu du parlamentuan, "urriaren 1aren ondorengo egoera politikoa" azaltzeko eta "egoki ikusten dituen neurri politikoak proposatzeko". Parlamentuko mahaiak erabakiko du bi proposamenen gainean, 15:30ean.

*Suitzako Gobernuak bere burua eskaini du Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko bitartekari gisa jarduteko.

Zuzeneko kontakizuna

22:29
2017-10-06

Lituaniako Parlamentuaren deia

Lituaniako Parlamentuko Kanpo Gaietarako Batzordeak "elkarrizketarako" deia egin die Kataluniari eta Espainiari. U-1eko erreferendumean botoa eman nahi zuten pertsonen aurka indarkeria erabiltzea, berriz, "justifikaezina" dela ohartarazi du. Egoera "konplikatua" dela adierazi du, ohar batean, eta "elkarrizketa pazientziaz betea eta herritarren eskubideak eta espektatibak errespetatuko dituen konpromiso bat bilatzea" galdegin die bi aldeei, konponbide bat adosteko.

22:26
2017-10-06

Asteartean, 18:00etan, Kataluniako Parlamentuak osoko bilkura egiteko deialdi ofiziala egin du Carme Forcadell presidenteak. Carles Puigdemontek eskatu zuen agerraldi bat egiteko, "oraingo egoera politikoa" aztertzeko. Bileraren gai ordeneko puntu bakarra izango da.

20:13
2017-10-06

Egoitza soziala Bartzelonatik Alacantera (Valentzia) eramatea erabaki zuen atzo Sabadellek, Europako Banku Zentralaren aterkipean jarraitzeko helburuarekin. Horrek, baina, bezeroak galtzea ere ekarri dio.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:45
2017-10-06

Caixabankek ere hartu du erabakia: bere egoitza soziala Valentziara eramango du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:24
2017-10-06

Artur Mas: "Independente izateko eskubidea irabazi dugu"

Finantial Times egunkariak elkarrizketa egin dio Artur Masi, eta hark esan du, Kataluniak irabazi duela eskubidea herri independentea izateko. "Orain kontua da eskubide hori nola eramaten dugun aurrera, eta hemen, noski, erabakiak hartu behar dira". Herrialdearen kontrola, zerga bilketa eta sistema judiziala, adibidez, martxan jarri behar direla dio. "Kontua ez da independentzia aldarrikatzea soilik, baizik eta herri independente bihurtzea da gakoa".

Hitz horietatik, Katalunia ez dagoela independentziarako prest titulua atera dio Finantial Times-ek elkarrizketari, eta horri eutsi dio Espainiako prentsak. Masek berak, halakorik ez duela esan ohartarazi du, elkarrizketako audioa publiko eginda.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:13
2017-10-06

Asteartean egingo dute osoko bilkura Kataluniako Legebiltzarrean. 18:00etan hasita egingo dute bilera, eta han, Carles Puigdemont presidenteak hitz egingo du. Igandeko erreferendumaren ondoriei buruz hitz egingo du. Hala erabaki dute gaur Legebiltzarreko Mahaiak eta bozeramaileen batzordeak.

Generalitateak gaur eman dituzte erreferendumaren behin betiko emaitzak, eta Erreferendumaren Legearen arabera, orain, bi eguneko epea dute legebiltzarrean eztabaidatu eta independentzia aldarrikatzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:21
2017-10-06

Behin betiko emaitzak

Igandeko erreferendumeko behin betiko emaitzak argitaratu ditu gaur Kataluniako Gobernuak. Postazko botoarekin, 2.286.217 boto zenbatu dituzte orotara. Haietatik 2.044.038 izan ziren baiezkoak, 177.547 ezezkoak, 44.913 zuriak eta 19.719 baliogabeak.

-%43ko parte hartzea.

-%90,18 Bai

-%7,38 Ez.

-%1,98 Zuri

Legebiltzarrak onartu zuen Erreferendumaren Legearen arabera, Parlamentuak bi eguneko epea du orain osoko bilkura egin eta independentzia aldarrikatzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:54
2017-10-06

PSCrekin duen gobernu akordioa baliatu nahi du Ada Colau Bartzelonako alkateak Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia konbentzitzeko Rajoyren kontrako zentsura mozioa aurkeztu eta onartu dezan.

Colauk berak onartu du hori, gaur, Bartzelonako Udalaren osoko bilkuran. Han, PSCrekin duen akordioa pustatzeko eskatu baitiote PDeCATek, ERCk eta CUPek.

Bilera horretan, Colauren taldearen absentzioari esker testua onartu dute Espainiako Gobernuari eskatzeko igandeko erreferendumeko emaitzak onartu ditzala.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:42
2017-10-06

Gas Natural Madrilera doa

Egoitza Soziala Bartzelonatik Madrilera eramatea erabaki du Gas Naturalek, balizko independetzia aldarrikapenaren aurrean, EBZren aterkipean jarraitzeko helburuz.

Sabadell bankua izan zen Egoitza Soziala Kataluniatik ateratzeko erabakia hartzen aurrena, atzo. Alacantera mugitu zuen hark. Gaur, gisa bereko erabakia hartu edo ez aztertuko du Caixabankek.

Hain justu, Caixabanki Kataluniatik alde egitea errazteko, lege dekretua onartu du gaur Espainiako Gobernuak. Berez, bere estatutuen arabera, akziodunen batzarrak hartu behar du erabakia, baina, dekretuaren ondoren, nahikoa da Administrazio Kotseiluak onartzea.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:20
2017-10-06

Astearteko Legebiltzarreko osoko bilkuran —badirudi azkenean asteartean emango dituela azalpenak Puigdemontek, berak eskatu bezala— independentzia aldarrikatu beste aukerarik ez du Kataluniako Legebiltzarrak, Carles Riera CUPeko diputatuaren iritzian. Aurrekoan esanda bezala, Junts Pel Sirekin negoziatzen ari dira astearteko osoko bilkuran onartu beharreko testua.

Astelehenean ziren egitekoak osoko bilkura Legebiltzarrean, baina, Auzitegi Konstituzionalak debekatu ostean, bilera hori asteartean egiteko proposamena erregistratu du Puigdemontek berak. Legebiltzarreko Mahaia eta bozeramaileen batzordea gaur dira biltzekoak horri buruz erabakitzeko, baina, nahiko zihurtzat ematen da astearteko data onartuko dutela. Gero, ikuskizun dago, inork helegiterik jarriko dion deialdiari, eta Konstituzionalak debekatuko duen edo ez.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:44
2017-10-06

Espainiako Gobernuak legedia aldatu du Kataluniako enpresei egoitza tokiz aldatzea errazteko

Espainiako Gobernuak dekretu bat onartu du gaurko Ministro Kontseiluan, eta haren bidez ahalbidetu du enpresen egoitza aldaketa administrazio kontseiluen esku uztea, bazkideen batzarrera deitzeko beharrik gabe.

Erabakia Sabadell bankuak bere egoitza Kataluniatik Alacantera (Valentzia) aldatzea erabaki eta hurrengo egunean heldu da. Hain zuzen, La Caixak egoitza Kataluniatik Palmara (Balearrak) eramatea aztertuko duen egunean. Gas Naturalek jakinarazi du gaur bilduko duela administrazio kontseilua egoitza aldatzen duen erabakitzeko. Freixeneteko presidenteak ere enpresaren egoitza Kataluniatik kanpo eramatea proposatuko duela adierazi du gaur.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:31
2017-10-06

Urriaren 1eko errepresioaren kontrako diligentziak abiatu ditu Bartzelonako epaitegi batek

Urriaren 1eko erreferenduma eragozteko Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren jokabidearen kontrako diligentziak abiatu ditu Bartzelonako 7. instrukzio epaitegiak.

Erabakia azaltzen duen testuak baztertu egin ditu fiskaltzaren argudioak. Fiskaltzaren arabera, poliziaren jardunak ez zion elkarbizitzari kalterik egin; aldiz, kontrakoa deritzo epaitegiak. Horrez gain, fiskaltzak Poliziaren indarkeria justifikatzeko argudiatu du erreferenduma "legez kontrakoa" zela. Epaitegiak nabarmendu duenez, ordea, ezin da inoiz "legez kanpokoa" edo "zilegitasunik gabekoa" izan "herritarrak, haien administazio autonomikoak deituta, adierazi zaizkien hauteslekuetara joatea".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:14
2017-10-06

Astearterako osoko bilkura

Arratsaldeko lehen orduan da biltzekoa Kataluniako Parlamentuko mahaia astelehenerako osoko bilkurara deitu edo ez erabakitzeko. Horren ostean bilduko litzateke bozeramaileen batzordea.

Ordea, Carles Puigdemont presidenteak dagoeneko eskatu du astearterako iragar dezatela parlametuaren saioa.

Urriaren 1eko erreferendumeko emaitzak aztertzeko egitekoa zuten osoko bilkura debekatu zuen atzo Auzitegi Konstituzionalak, PSCk aurkeztutako babes helegiteari erantzunez.

Informazio gehiago

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:05
2017-10-06

Cuixart eta Sanchez ere kanpoan dira

Auzitegi Nazionaletik irten berri dira Cuixart eta Sanchez. Epaileak ez du kautela neurririk eskatu haientzat ere, baina berriz deklaratzera joan beharko dute, Lamela epaileak Traperok eraman dion dokumentazioa aztertzen duenean.

Cuixartek eta Sanchezek ukatu egin dute inolako deliturik egin dutela. Sanchezen esanetan, irailaren 20ko mobilizazioan "ez zegoen konstituzioaren aurka egiteko inolako asmorik". Aldiz, "50.000 manifestariek soilik protesta egitea zuten helburu", adierazi du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:05
2017-10-06

Espainiako erregearen aurkako protestak arratsaldean

Errepublikaren aldeko eta Espainiako auzitegiei, segurtasun indarrei eta errege etxeari adio esateko elkarretaratzeak antolatu dituzte arratsalderako Bartzelonan.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:53
2017-10-06

Igandean kalera irteteko deia egin du Societat Civil Catalanak

Nahikoa da! Berreskura dezagun zentzua lelopean, manifestazioa antolatu du igande honetarako Societat Civil Catalana plataformak. Miriam Tey eta Alex Ramos kideek Bartzelonan egindako agerraldian salatu dute Katalunian badela "urte luzez isilean egon den gehiengo bat, eta denbora luzean presioen ondorioz kalera irten ez dena".

Alde horretatik, iragarri dute asteburukoa "inoizko manifestazio handiena" izango dela, eta herritarrei "Kataluniako nahiz Europako banderak eskuetan" parte hartzeko deia egin diete.

Antolatzaileek nabarmendu dute azken egunetan enpresa eta banku handiek hartutako erabakiak argitara ateratzen duela "Generalitatearen arduragabekeria", ez duelako eman hartutako erabakiek ekar ditzaketen "arriskuen berri".

Bartzelonako manifestazioan izango direla iragarri dute Josep Borrell ministro ohiak, Mario Vargas Llosa idazleak eta Isabel Coixet zine zuzendariak.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:38
2017-10-06

Irten da Trapero

Auzitegi Nazionaletik irten da Josep Lluis Trapero mossoen burua. Kanpoan, txalo eta "traidore" oihuen artean hartu dute epaitegiaren kanpoaldean bildutakoek.

Ordubete inguru iraun du haren deklarazioak, eta fiskaltzak ez du eskatu haren aurkako kautelazko neurririk.

Informazio gehiago

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:14
2017-10-06

Junquerasek adierazi du Espainiako Gobernuak Sabadelli eta La Caixari presio egin diela Katalunia uzteko

Sabadell eta La Caixa bankuei haien egoitzak Kataluniatik kanpora eramateko presio egin die Espainiako Gobernuak, Oriol Junqueras Kataluniako presidentearen esanetan. La Caixak gaur eztabaidatuko du egoitza Kataluniatik Palmara (Balearrak) lekuz aldatzeko aukera, eta Freixeneteko presidenteak enpresaren egoitza Kataluniatik kanpora eramateko proposamena egingo duela jakinarazi du. Sabadellek atzo hartu zuen egoitza Alacantera aldatzeko erabakia.

Bestalde, Espainiako Gobernuak Kataluniako enpresei egoitza herrialdetik kanpora eramateko erraztasunak ematea espero da. Gaurko gobernu bileran, dekretu bat onartu dezake helburu horretarako.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:51
2017-10-06

"Herritar baketsuen aurkako indarkeria despotismoa da"

"Hautesleak babestu behar ditu Poliziak, ez haiei eraso. Herritarren aurkako indarkeria despotismoa da", salatu du Alfred de Zayasek. NBEko giza eskubideen alorreko aditu independentea da De Zayas, eta auzian esku har dezala eskatu dio Europako Justizia Auzitegiari.

De Zayasek gogorarazi du Europako balioen artean dagoela autodeterminazio eskubidearekiko errespetua, eta ohartarazi Poliziaren bortizkeriatik tiraniara oso tarte txikia dagoela.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

10:19
2017-10-06

Cuixartek ez deklaratzea erabaki du, ez diolako auzitegiari zilegitasunik aitortzen.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:14
2017-10-06

ERC-k, En Comu-k, PDECat-ek, EAJ-k eta EH Bildu-k elkartasuna adierazi diete auzipetuei

Espainiako Kongresuko hainbat diputatu gerturatu dira Audientzia Nazionalera, Sanchez, Cuixart eta Traperori elkartasuna adieraztera. ERC, En Comu, PDECat, EAJ eta EH Bilduko ordezkariak joan dira auzitegira eta eraikinera hurbiltzen ari zirenean, Espainiako Poliziak ez die gerturatzen utzi.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:01
2017-10-06

Etengabe ari dira publiko egiten Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko elkarrizketa errazteko eskaintzak. Azkena, Suitzako Gobernuaren aldetik. Herrialdeko RTS irrati-telebista publikoak baieztatu duenez, gobernu suitzarra prest dago elkarrizterako esparru bat sortzeko, eta adierazi du bi aldeekin dagoela harremanetan.

Mathias Reynard Suitzako Alderdi Sozialistako diputatuak ospatu egin du albistea.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:47
2017-10-06

Kataluniako Parlamentuko asteleheneko saioa, airean

Astelehenean Kataluniako Parlamentuak egitekoa zuen osoko bilkurarekin zer geratuko den ez dago argi oraindik. Erreferendumaren ondoriak azaltzeko agerraldia egin behar zuen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin du, PSCk aurkeztu duen babes helegitea tramitera onartuta.

CSQEP alderdiak beste osoko bilkura bat deitzea proposatu du, eta Puigdemonten agerraldia eskatzeko agiria erregistratu du parlamentuan. Puigdemontek "urriaren 1aren osteko egoera" politikoari buruzko azalpenak ematea eta "egoki ikusten dituen neurri politikoak proposatzea" galdegin du.

La Vanguardiaren iritziz, asteleheneko saioa ez da indarrez debekatuko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:31
2017-10-06

Sanchez, Cuixart eta Trapero deklaratzera deitu dituzten egunean, urteurren berezia dute Katalunian.

09:24
2017-10-06

Sanchez, Cuixart eta Trapero, Auzitegi Nazionalean dira

Auzitegi Nazionalean dira jada Jordi Sanchez ANCko presidentea, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquararen burua. Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu ditu, Espainiako Fiskaltzaren eskariz. Fiskaltzak sedizio delitua leporatzen die.

Espainiako Fiskaltzaren iritziz, legearen kontrako jokabidea izan zuten Sanchezek, Cuixartek eta Traperok, irailaren 20ko mobilizazioekin lotuta. Egun horretan, herritarren elkarretaratze erraldoia izan zen Kataluniako Ekonomia kontseilaritzaren aurrean, Guardia Zibilak Generalitatearen aurka egin zuen polizia operazioa salatzeko. Hamarnaka milaka herritarrek inguratu zuten kontseilaritzaren egoitza, Guardia Zibila eraikina miatzen ari zela. Cuixartek eta Sanchezek gidatzen dituzten elkarte subiranistek dei egin zuten mobilizazio horietan parte hartzera.

Traperoz gain, mossoen intendente Teresa Laplana ere Auzitegi Nazionalean da, deklaratzeko. Auzitegi Nazionalak argitu nahi du Kataluniako poliziaren bi arduradunak ANC eta Omniumekin elkarlanean aritu al ziren mobilizazioen egunean. El Español egunkariak argitaratu duenez, Guardia Zibilaren txosten batek jasotzen du Traperok telefonoz hitz egin zuela Sanchezekin, kalean elkarretaratzea egiten ari zela.

Epaileak errudun joko balitu, 15 urte arteko kartzelarekin zigortu ditzake sedizio delituarengatik. Epailea Carmen Lamela da.

Informazio gehiago

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna