KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

ANCk eta Omniumek bitartekaritza onartzea galdegin diote Madrili

Espainiako Gobernuak Kataluniako auzia epaitegietan itxi nahi duela salatu dute Cuixartek eta Sanchezek, Auzitegi Nazionalean deklaratzetik irten direnean. Cuixartek ez du deklaratu, auzitegiari ez diolako sedizio delitua epaitzeko zilegitasunik aitortzen. Sanchezek, berriz, ukatu egin du deliturik egin duela. Traperok eta Laplanak ere deklaratu egin dute. Laurek joan beharko dute berriz auzitegira, epaileak Traperok emandako dokumentazioa aztertzen duenean.

Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea, gaur, Auzitegi Nazionalera iristen. /
Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea, gaur, Auzitegi Nazionalera iristen. / Juan Carlos Hidalgo/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2017ko urriak 6

ANCko presidente Jordi Sanchezek eta Omniumeko presidente Jordi Cuixartek elkarrizketarako deia egin diote Espainiako Goberunari, eta azken egunotan ugaritu diren bitartekaritza eskaintzaren bat onartzeko galdegin diote. "XXi. mendeko Europan, gisa honetako gatazkak elkarrizketarekin konpontzen dira", adierazi du Cuixartek. Omnimumeko buruaren esanetan, aukera bakarra da kataluniarrek haien etorkizun politikoa hautetsontzietan erabakitzea.

Sanchezek azpimarratu duenez, Kataluniako prozesuak beti bilatu behar ditu, "paraleloan", elkarrizketarako esparruak, "ezeri uko egin gabe". Hala, Espainiako Gobernuari, Espainiako Gorteei eta Espainiako estatuburuari eskatu die bitartekaritza proposamenak aintzat hartzeko, eta ohartarazi die "denborak oso garrantzitsuak" direla. Sanchezek ziurtatu du Espainiako Gobernuak elkarrizketari heldu beharko diola, eta orain arteko jarrera moldatuko duela. "Elkarrizketari uko egitea gatazkan sakontzea da", ohartarazi du.

Sanchezek eta Cuixartek ukatu egin dute irailaren 20an deliturik egin zutela, eta gogorarazi dute orain arteko manifestazio guztietan mobilizazio baketsuak egiteko borondate osoa izan dutela.

Traperok ere Auzitegi Nazionalean deklaratu du. Ez du hala egin Laplanak; bideokonferentziaz egin du deklarazioa. Traperoren deklarazioak ordubete inguru iraun du, eta hainbat dokumentu eman dizkio epaileari. Horrek dokumentazioa aztertzen duenean berriz deituko dituela jakinarazi die auzipetuei. Trapero txalo eta "traidore" oihuen artean irten da auzitegitik.

Espainiako Fiskaltzaren iritziz, legearen kontrako jokabidea izan zuten Sanchezek, Cuixartek, Traperok eta Laplanak irailaren 20ko mobilizazioetan. Egun horretan, herritarren elkarretaratze erraldoia izan zen Kataluniako Ekonomia kontseilaritzaren aurrean, Guardia Zibila Generalitatearen aurka egiten ari zen polizia operazioa salatzeko. Dozenaka mila herritarrek inguratu zuten kontseilaritzaren egoitza, Guardia Zibila eraikina miatzen ari zela. Cuixartek eta Sanchezek gidatzen dituzten elkarte subiranistek dei egin zuten mobilizazio horietan parte hartzera.

El Español egunkariak argitaratu duenez, Guardia Zibilaren txosten batek jasotzen du Traperok telefonoz hitz egin zuela Sanchezekin, kalean elkarretaratzea egiten ari zela, eta auzitegiak argitu nahi du mossoen bi agintariak elkarlanean aritu ote ziren ANC eta Omniumekin. Espainiako Fiskaltzak Trapero eta Laplanaren kontrako salaketari gehitu dio urriaren 1ean mossoek izan zuten jokabideari buruzko txostena ere. Kataluniako Poliziaren jarduna ezbaian jarri dute Espainiako Estatuko hainbat erakundek azken asteetan. Aldiz, goraipatu egin dute erreferendumaren aldeko sektoreek.

Epaileak errudun joz gero, hamabost urte arteko kartzelarekin zigortu ditzake, sedizio delituarengatik. Epailea Carmen Lamela da.

Diputatuen babesa

Espainiako Kongresuko hainbat diputatu joan dira Auzitegi Nazionalera, Sanchez, Cuixart eta Traperori elkartasuna adieraztera. ERC, En Comu, PDECat, EAJ eta EH Bilduko ordezkariak joan dira auzitegira, eta, eraikinera hurbiltzen ari zirenean, Espainiako Poliziak bertara iristea eragotzi die.

Ultraeskuineko talde txiki bat ere joan da auzitegiaren ingurura, Espainiako banderekin. Poliziak eraikinetik urrundu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna