EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Kartzelara bidali dute Ana Belen Jimenezen senarra

Gasteizko epaileak hartu du erabakia. Burgosen azaldu zen hilotza, baina, ikerketaren arabera, emakumea Araban hil zuen bikotekideak.

Atzo elkarretaratzea egin zuten Lantaronen, hilketa salatzeko. /
Atzo elkarretaratzea egin zuten Lantaronen, hilketa salatzeko. / Juanan Ruiz/Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko urriak 6

Ana Belen Jimenez hiltzea egotzita atxilo hartuta dago haren senarra; gaur hartu dio deklarazioa epaileak, eta espetxera bidali du. Espainiako polizia iturrien arabera, aitortu egin du Lantarongo etxean (Araba) hil zuela emaztea, eta handik eraman zuela autoan Miranda Ebrora (Burgos, Espainia). Han ikusi zuen emakume batek gorpua ibilgailuaren barruan. Horregatik, Miranda Ebroko Auzitegitik Gasteizkora pasatu dute auzia.

Clara Campoamor elkarteak auzian parte hartzeko asmoa du, akusazio partikular modura. Berrazter daitekeen bizi osorako espetxe zigorra eskatuko du, baita seme-alaben gaineko guraso agintea kentzeko eta haiekin hartu-emanak izatea debekatzeko ere. Era berean, nabarmendu dute gogor borrokatuko direla epaileak ez dezan krimena aitortu izana aintzat hartu zigorraren aringarri gisa.

Lantaronen “gogor” gaitzetsi zuten hileta atzo; herritarrekin batera, hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren protestara. Udalak adierazpen instituzional bat onartu du: “pertsonen arteko errespetua eta berdintasuna barneratzeko eta gogoeta egiteko” eskatu diote gizarteari. Ohartarazi dute halako hilketak gertatzen diren bitartean ez dagoela gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasunik. Emakumeen Mundu Martxak deituta, protestak egin zituzten beste herri batzuetan ere.

Gasteizko Mercedesen lantegian ere egin dute protesta gaur; hango langilea zen Jimenezen bikotekidea, hilketa egotzita kartzelara sartu duten gizona. Hain zuzen ere, ikerketaren arabera, Jimenez etxean hil ondoren, Miranda Ebrora joan zen, eta han utzi zuen gorpua. Gasteizera joan zen ondoren, lantokira. Han atzeman zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna