KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

"78ko erregimenaren kontra" mobilizazioak egin dituzte Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian

Espainiaren batasunaren aldeko mobilizazioak 65.000 lagun bildu ditu Bartzelonan, Udaltzaingoaren arabera. Societat Civil Catalanak deitu duen manifestazioaren amaieran, "balio konstituzionalak" aldarrikatu dituzte, eta herritarren arteko berdintasuna galdegin dute "lurralde nazional osoan". Bestalde, Human Rights Watch elkarteak Espainiako polizien "gehiegizko indarkeria" salatu du txosten batean, urriaren 1eko errepresioarekin lotuta.

Kataluniari elkartasuna adierazteko mobilizazioa, Gasteizen. /
Kataluniari elkartasuna adierazteko mobilizazioa, Gasteizen. / Juanan Ruiz/Argazki Press

Gorka Berasategi Otamendi

2017ko urriak 12

*Espainiaren batasunaren aldeko manifestazioa egin dute Bartzelonan, Societat Civil Catalanak deituta. "Balore konstituzionalak" aldarrikatu dituzte amaierako adierazpenean. Mobilizazioen ondoren, ultraeskuineko taldeek istiluak eragin dituzte Bartzelonako erdialdean.

*Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ere manifestazioak izan dira. Kataluniako prozesu subiranistari babesa adierazi diote eta demokrazia aldarrikatu dute.

*Human Rights Watch elkarteak Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren "gehiegizko indarkeria" salatu du txosten batean, urriaren 1ean erreferenduma babestu zuten herritarren kontrako errepresioarekin lotuta. Kataluniako hainbat agintarik oihartzuna eman diote txostenari.

Zuzeneko kontakizuna

21:39
2017-10-12

Kanpaldiak jarraituko du

Udaltzainak joan dira. Polizia etxera sei pertsona eraman dituzte, han identifikatzeko. Plazan dauden beste hainbat ere identifikatu dituzte. Sare sozialetatik zabaldu dutenez, kanpaldiak jarraituko du; iragarrita zegoen bezala, bihar iluntzera arte. Gorka Urtaran alkatearen baimena izango lukete.

Berria

20:59
2017-10-12

Atxiloketa gehiago

Hala Bedi irratiaren arabera, protestaren antolatzailetzat jotzen dituztenak ari dira atxikitzen.

Samara Velte

Samara Velte

20:53
2017-10-12

Udaltzainek sei lagun polizia etxera eraman dituzte

Agur78 plataformak jakinarazi duenez, udaltzainek hainbat lagun identifikatu dituzte; Hala Bedi irratiaren arabera, haietako sei, gutxienez, polizia etxera eraman dituzte.


Samara Velte

Samara Velte

18:28
2017-10-12

Iruñean manifestazio jendetsua egin dute Kataluniako prozesua babesteko

Kataluniako prozesu subiranistarekin bat egin eta hura babesteko hainbat herritarrek hartu dute parte arratsaldean Iruñean egin den manifestazioan. Hango prozesu demokratikoa, "behetik gora" egiten ari dena, eredugarritzat jo dute.

Ainhoa Oiartzabal Azketa

Ainhoa Oiartzabal Azketa

17:23
2017-10-12

Kataluniako Lan kontseilariak adierazi du Generalitateak bizpahiru astez bilatuko duela bitartekaritza

Generalitateak ez du epe zehatzik ezarri Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa posible egingo lukeen bitartekaritza bilatzeko, baina "bizpahiru astekoa" izango da. Hala adierazi du gaur Dolors Bassa Kataluniako Lan, Gizarte Gai eta Familia kontseilariak. Bassak azaldu duenez, Junts pel Sik hamabost egun edo hiru asteko tartea adostu zuen CUPekin bitartekaritzaren aukera jorratzeko. Epe horretan bitartekaritza lortzea posible ez bada idependentzia aldarrikatzea adostu zuten, Bassaren esanetan.

Horrez gain, Bassak jakinarazi du Generalitatea "datozen egunetan" bilduko dela Rajoyren errekerimenduari nola erantzun aztertzeko. Rajoyk astelehenera arteko epea eman dio Puigdemonti independentzia aldarrikatu duen ala ez argitzeko. Erantzuna baiezkoa bada edo ererkerimenduari erantzuten ez badio, Espainiako presidenteak konstituzioaren 155 artikulua ezartzeko urratsak emango dituela iragarri du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

14:00
2017-10-12

Ultrek istiluak eragin dituzte Bartzelonako erdigunean

Ultraeskuineko taldeek istiluak eragin dituzte Bartzelonako erdigunean. Societat Civil Catalanaren manifestazioa amaitu ostean, ultraeskuineko bi talde elkarren artean hasi da borrokan Katalunia plazan, Bartzelonako udaltzaingoak jakitera eman duenez. Udaltzaingo bat zauritua izan da.

Mossoek hartu dute gertakariak ikertzeko ardura eta oraingoz 20 pertsona inguru identifikatu dituzte.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:44
2017-10-12

Mobilizazioak egin dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, "78ko erregimenaren aurka"

Manifestazioak egin dituzte Bilon, Donostian eta Gasteizen, hainbat herritar taldek deituta, "78ko erregimenaren aurka". Deialdiekin bat egin dute Sortuk, Ernaik, LABek, Ascatasunera elkarteak eta ANC Euskal Herriak.

Bilbon eta Gasteizen Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzaren aurrean egin dute protesta. Donostian, berriz, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera hurbildu dira, baina Ertzaintzak bidea moztu dio manifestazioari.

Gasteizko manifestazioaren ostean, Agur78 plataformak katedral berriaren pareko plaza okupatu du kanping dendekin.

Arratsalderako ere mobilizazioak daude deituta. Iruñean, manifestazioa abiatuko da 17:00etan Gaztelu plazatik, eta lapiko jotzea deitu dute 19:00etarako PPren egoitzaren parean.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:50
2017-10-12

Societat Civil Catalak gizartea "hautsi" duen "auzi faltsua" baztertzeko galdegin dio Generalitateari

Manifestazio amaierako adierazpena irakurri du Teresa Freixes zuzenbide konstituzionaleko katedradunak. Freixesek Kataluniako agintariei eskatu die gizartean "haustura mingarria" eragin duen "auzi faltsua" baztertu dezatela, eta "normalizatu" dezatela demokrazia, gizarte "inklusiboagoa" sortzeko.

Societat Civil Catalanak "zuzenbide estatuaren baloreak" defendatu ditu, "lurralde nazional osoan herritarrek eskubide, betebehar eta aukera berberak izan ditzaten". Horretarako, "balore konstituzionalak" jorratuko dituen hezkuntza eredua galdegin du, eta "sezesionistek menperatuta daukaten errelatoa" eraldatzea.

Frixesek Generalitateari eskatu dio kataluniar guztientzako gobernatu dezala. "Batzen gaituena defendatzen dugu, bereizten gaituenaren gainetik", adierazi du. Hala, "egin beharreko aldaketak" herritarren "egiazko beharrei" erantzun diezaiela galdegin du, eta ez "epe motzeko helburu politikoei".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:31
2017-10-12

Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak Eurpako Kontseiluari galdegin dio ikertu ditzala Madrilek erreferenduma eragozteko urriaren 1ean hartu zituen neurriak. Salmonden esanetan, Espainiako Gobernuak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu du; zehazki, 10. artikulua. Honakoa dio artikuluak: "Pertsona orok du adierazpenerako askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen ditu iritzi askatasuna eta informazioa eta ideiak jaso eta komunikatzeko askatasuna, autoritate publikoen esku hartzerik gabe".

12:09
2017-10-12

"Katalunia bai, Espainia ere bai" leloa aukeratu du Societat Civil Catalanak gaurko manifestaziorako. Elkartearen deialdira hainbat eragile batu dira. Besteren artean, Espanya i Catalans, Empresaris de Catalunya, Concordia Civica, Convivencia Civica Catalana, Regeneracion Democratica, Movimiento Civico 12-O, Profesores por el Bilingüismo, España Generosa eta Españoles de a pie.

Manifestazioa bidea egiten ari da eta aurki amaituko da adierazpen batekin, Katalunia plazan. Bidean entzun diren leloetako batzuk dira "ni espainiarra naiz", "Katalunia Espainia da", "TV3 manipulatzailea" eta "Puigdemont kartzelara".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:00
2017-10-12

Ultraeskuina ere Bartzelonan mobilizatzen ari da. Independentisten eta errefuxiatuen aurkako leloak ohiukatu dituzte. Besteak beste, "independentistak, terroristak", "Rajoy, traidore, defendatu nazioa" edo "ez dira errefuxiatuak, inbasoreak dira".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:50
2017-10-12

Human Rights Watch-ek Espainiako polizien "gehiegizko indarkeria" salatu du, urriaren 1eko errepresioa dela eta

Human Right Watch elkarteak txosten batean jaso du urriaren 1ean Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak izan zuten jokabideari buruzko azterketa, eta ondorioztatu du poliziek "gehiegizko indarkeria" erabili zutela erreferenduma babestu zuten herritarren aurka.

Kataluniako hainbat agintarik oihartzuna eman diote giza eskubideen aldeko elkartearen salaketari. Besteren artean, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras presidenteordeak zabaldu dute elkartearen txostena sareetan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna