Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Eguraldi bikainarekin ospatu dute Nafarroa Oinez, Lesakan

Publizitatea

Gizartea

Nafarroa Oinez

Eguraldi bikainarekin ospatu dute Nafarroa Oinez, Lesakan

Tantirumairu ikastolak antolatu du aurten Nafarroako Ikastolen aldeko jaialdia. 3,5 kilometroko ibilaldia prestatu dute, lau gunetan banatuta.

2017-10-15 / Berria

Ikastolak "Bikin bat in" leloa hautatu du, aurtengo jaian bilduko den diru laguntzarekin lortu asmo duen helburua irudikatzeko. Tantirumairuk eraikin berri bat egin asmo du ikastolaren proiektua garatzen jarraitzeko.

Aurten, 12 familia omendu ditu Nafarroa Oinezek. Hain zuzen, Euskal Herri kanpotik Lesakara heldu eta haien semeak ikastolan matrikulatzea erabaki duten familiak. Horrez gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteak IKA euskaltegiak omendu ditu, euskalduntzearen alde egiten duen lana eskertzeko.

Irekiera ekitaldia egin dute Tatirumairu ikastolan antolatzaileek. Nafarroako Gobernuak ordezkaritza zabala bidali du ekitaldira. Bertan izan dira Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, Ana Ollo gobernuko bozeramailea eta Mari Jose Beaumont Barne kontseilaria. Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez ere ekitaldian izan da. Baita Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendi ere.

Ikastolako zuzendari Aitor Irazokik eta Amaia Lasheras presidenteak "berezko hezkuntza eredua" galdegin dute irekieran; "gure hizkuntza, gure kultura eta gure errealitatea errespetatuko dituena, eta berdintasunean, errespetuan eta jasangarritasunean oinarritua".

Lesakara joan diren euskaltzaleek eguraldi bikaina izango dute gaur prestatu duten egitarauaz gozatzeko eta herriko ikastolari babesa emateko. Tantirumairu ikastolako koordinatzaile Joseba Lasarte gustura agertu da hurbildu den jende kopuruarekin. "Jendetza hurbildu da irekiera ekitaldira". Nabarmendu duenez, "egun zoragarria atera da, ezin zen hobea izan". Hala, aukerari heldu eta Lesakara joateko gonbitea egin du. "Etor dadila jendea gozatzera, gurekin egun eder bat pasatzera, horretarako ahalegina egin dugu eta urte osoan".

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak