AIZKORA

Laugarren txapela jarraian Atutxa II.arentzat

Aitzol Atutxak irabazi du Euskadiko Txapelketa, eta bigarren Iker Vicente izan da, 18 segundora.

Aitzol Atutxa, iazko Euskadiko Txapelketako garaipena ospatzen. /
Aitzol Atutxa, iazko Euskadiko Txapelketako garaipena ospatzen. / Marisol Ramirez/Argazki Press

Berria -

2017ko urriak 15

Aitzol Atuxa nagusi izan da Euskadiko Txapelketako finalean, eta laugarren urtez jarraian jantzi du txapelik preziatuena. Garaipenarekin, urtea borobildu du Atutxa II.ak, aurten jokatu diren hiru txapelketa nagusiak irabaziak baitzituen aurretik: lehena, Urrezko Aizkolarien binakakoa, zazpigarrenez, Mugertzarekin; bigarrena, Urrezko Aizkolarien banakakoa, bigarrenez; eta azkena, Urrezko Kopa, hirugarrenez.

Atutxaren garaipenari emozioa jarri dio Iker Vicente gazteak. Bosgarren enborra erdibitzerakoan, 10 segundoko aldea besterik ez dio atera Dimako aizkolariak. Baina aldea handitzen joan da pixkanaka txapelduna hortik aurrera. Bederatzigarrena amaitzerako, 36 segundokoa zen alde,a eta Atuxak tarte nahikoarekin ekin dio azken lana egiteari. Amaieran, Atutxak 40:53ko denbora egin du eta Vicentek 18 segundo gehiago behar izan ditu.

Atzetik, hirugarren izan da Mikel Larrañaga 43:50eko denborarekin; laugarren, Iñaki Azurmendik 44:07ko denbora egin du; Joseba Otaegik, 44:39koa, eta Ugaitz Mugertzak 46:45eko denborarekin amaitu ditu lanak.

Laugarren txapela eskuan, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a-ren marka berdindu du Atutxa II.ak. Aurretik ditu oraindik Floren Nazabal, Joxemari Olasagasti eta Anjel Arrospide—sei txapel— eta Miel Mindegia —hamar—. Arrospide izan zen lau urtez jarraian txapela irabazi zuen azkenekoa. Leaburuarrak sei garaipen kateatu zituen 1990etik 1995era.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna