Kataluniako prozesu subiranista

Sanchez eta Cuixart espetxera igorri ditu epaileak

Generalitateko presidenteak gaur Moncloara igorri duen gutunean ez dio erantzun argirik eman gobernuaren galderari, eta Rajoyri bi hilabeteko negoziazioak abiatzeko eskatu dio. PPk muzin egin dio Puigdemonten elkarrizketarako deiari, eta ostegunera arteko epea gogorarazi dio. 155. artikulua ezartzearen "erantzule bakarra" bera izango dela ohartarazi dio Rajoyk. Trapero, Laplana, Sanchez eta Cuixart Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen aritu dira; ANCko eta Omniumeko buruak kartzelara igorri ditu epaileak; mossoak, aldiz, baldintzapean aske utzi ditu.

Josep Lluis Trapero mossoetako burua, Espainiako Auzitegi Nazionalera epailearen erabakia entzutera itzuli denean. /
Josep Lluis Trapero mossoetako burua, Espainiako Auzitegi Nazionalera epailearen erabakia entzutera itzuli denean. / Kiko Huesca/EFE

Berria -

2017ko urriak 16

*Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionalak, Guardia Zibilaren aurkako "setioa" sustatzeagatik. Bera eta Teresa Laplana intendentea, baina, baldintzapean aske utzi dituzte.

*Katalunian, asteartean, 12:00etan, lanuzteak egitera deitu dute elkarte independentistek. 19:00etan Espainiaren gobernu ordezkaritzen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte, 19:00etan. Euskal Herrian ere protesta egitera dei egin du Gure Esku Dago-k: 19:00etan, herrietako plazetan.

*Gaur goizera arteko epea zuen Puigdemontek independentzia deklaratu zuen edo ez argitzeko, eta gutun batean adierazi du "konponbidea" nahi duela, "ez aurrez aurrekoa". Ostegunera arteko epea du atzera egiteko.

*Soraya Saenz de Santamariak ondoren adierazi du, aurretik iragarri bezala, erantzunik egon ez denez independentzia deklaratu izan balu bezala jokatuko duela Espainiako Gobernuak.

*155. artikulua aplikatu baino lehen independentzia deklaratzeko eskatu dio CUPek Puigdemonti. ANC eta Omniumeko presidenteek diote Puigdemonten erantzuna bat datorrela joan zen astean egindako diskurtsoarekin.

Zuzeneko kontakizuna

00:25
2017-10-17

Sanchezek eta Cuixartek grabatutako bideoak

Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixartek bideo bana grabatuak utziak zituzten, gaur Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxeratzeko aginduz gero publiko egiteko. "Mobilizazio baketsuekin" erantzutera dei egiten dute:

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

00:10
2017-10-16

Euskal Herrian, elkarretaratzeak 19:00etan

Euskal Herrian ere erreakzioak eragin ditu ANCko eta Omniumeko buruak kartzelatzeak. Gure Esku Dago-k elkarretaratzeak antolatuko ditu bihar, asteartea; herriko plazetan elkarretaratzeak egitera deitu du, 19:00etan.

Iñigo Urkullu lehendakaria ere mintzatu da, elkarrizketara dei egiteko, berriro:

Andoni Ortuzar EBBko buruak ere deitoratu ditu atxiloketak, gaztelaniazko mezuan: "Kataluniak elkarrizketa behar du, ez atxiloketak. Ideiak modu baketsuan defenditzeak inoiz ezin du kartzelatzeko arrazoia izan demokrazia batean".

EH Bilduko kide eta hautetsi ugarik ere salatu dute Auzitegi Nazionalaren erabakia. Arnaldo Otegik, besteak beste:

Baita EAEko eta Nafarroako Ahal Dugu-k, Geroa Baik:

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:46
2017-10-16

Erreakzioak

Hasi dira lehen erreakzioak Katalunian, espetxeratzeak salatzeko, eta baita lehen mobilizazioak antoaltzen ere. Crida per la Democracia kanpainak (Omnium Cultural elkarteak sortu zuen, erreferendumaren aldeko ekitaldiak sustatzeko) herritarrei dei egin die, gaur gauean kazola jotzeak egiteko. Bartzelonan, Sant Jaume plazan, dozenaka lagun elkarretaratu dira, Generalitatearen aurrean.

Asteartean, 12:00etan, lanuzteak egin eta lantokien aurrean protestak antolatzera ere dei egin du kanpaina horrek, eta 19:00etan elkarretaratzeak egingo dituzte Bartzelonako, Gironako, Lleidako eta Tarragonako Espainiaren gobernu ordezkaritzen aurrean.

Politikariak ere hasi dira gaitzespen mezuak zabaltzen sare sozialetan:

Artur Masek Catalunya Radiori adierazi dio: "Atxiloketa batzuengatik protesta egiteari sedizioa esaten badiote, hau ez da demokrazia bat, eta joateko arrazoi bat gehiago da".

Jordi Turull Generalitateko bozeramaileak "probokaziotzat" eta "mendekutzat" jo ditu kartzelatzeak: "Elkarrizketa lehertzen ari dira. Haien esku dago".

Joan Tarda ERCk Espainiako Kongresuen duen diputatuetako batek PSOEri egotzi dio atxiloketen arduraren zati bat.

Eulalia Reguant CUPeko parlamentari ohi eta orain Bartzelonako Udaleko zinegotziak mobilizaziora dei egin die herritarrei. Seinalatu du garaia dela Trantsiziorako Legea indarrean jartzeko, eta independentzia indarrean jartzeko.

CUPek zabaldu duen oharrean, "marra gorria" pasatu duela abisatu dio Espainiari. Hitz berak erabili ditu Marta Rovira ERCko koordinatzaileak.

Beste sektore batzuetara ere iritsi da autoak eragin duen haserrearen oihartzun bat. Miquel Iceta PSCko buruak, adibidez, "neurriz kanpokotzat" jo du epailearen erabakia. PSCko Kataluniako hainbat alkate ere atera dira, dagoeneko, epailearen erabakia kritikatzera. Catalunya Si Que Es Potek eta Podemek biharko antolatutako protestekin bat egin dute.

Aldiz, Ciutadans eta PPko ordezkariek txalotu egin dute Auzitegi Nazionala. "Norberak bere erabakien kargu egin behar du", adierazi du Ines Arrimadas Ciutadanseko buruak. "Zuzenbide estatuak bakoitza bere lekuan jartzen du azkenean", esan du Xavier Garcia Albiol PPko Kataluniako buruak.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:31
2017-10-16

Sanchez eta Cuixart espetxera igorri ditu epaileak

Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du kartzelan sartzeko ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Irailaren 20an Guardia Zibilaren aurkako "setio bat" sustatzea egotzi die epaileak. Soto del Realeko espetxera eraman dituzte.

Generalitateko hainbat egoitza miatu eta dozenaren bat goi kargudun atxilotu zituzten egun hartan, eta Rambletan, Ogasun Departamentuaren aurrean, milaka eta milaka herritar elkartu ziren protestan. Josep Lluis Trapero mossoen burua eta Teresa Laplana mossoetako intendenteetako bat baldintzapean aske utzi ditu, aldiz, Lamela magistratuak.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:57
2017-10-16

Suedia eta Alemania, elkarrizketaren alde

Suediako Atzerri gaietarako ministroa elkarrizketaren alde agertu da. Margot Wallstrom ministroaren ustez beharrezkoak dira "elkarrizketa politiko" batzuk, eta itxaropentsu agertu da, Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen gaurko gutunak tonu egokia eta elkarrizketarako borondatea erakusten dituelako.

Luxenburgon egin ditu adierazpen horiek Wallstromek, eta han bertan hitz egin du Sigrmar Gabriel Alemaniako Atzerri gaietarako ministroak ere, alorreko Europako Batasuneko ministroek gaur egin duten bileran.

Gabrielek nabarmendu du badagoela tartea krisia bideratzeko eta tentsioa jaisteko: "Negoziazio mahaira etortzeko eta arazo hauek konpontzeko eta Katalunian bezala Espainian ere egonkortasun egoera batera iristeko nahia duten guztiak babesten ditugu".

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

20:04
2017-10-16

Hezkuntza kontseilaria salaketak jartzea aztertzen ari da

Kataluniako hezkuntza sistemaren aurkako salaketa ugari egi dituzte Espainiako Gobernuko hainbat kidek, zenbait alderdik eta komunikabide batzuek azken egunetan. Kataluniako Hezkuntza Departamentuak bere zerbitzu juridikoei agindu die aztertzeko zer ekinbide judizial hasi litezkeen salaketa horien guztien aurka. "Salaketa faltsuak eta oinarririk gabeak" egitea egotzi die.

Ikasleak Espainiaren batasunaren kontra "doktrinatzea" eta gaztelaniaz hitz egitea debekatzea leporatu diete, besteak beste, Kataluniako eskolei. Espainiako konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko aukeren barruan, hezkuntza sistema bere gain hartzeko aukera ere iradoki dute politikari espainiar batek baino gehiagok.

Kataluniako hezkuntza sistema askatasunarentzat, elkarbizitzarentzat, demokraziarentzat eta hizkuntza aniztasunarentzat eredu bat dela nabarmendu du Hezkuntza Departamentuak. Irakasleen profesionaltasuna eta ikastetxeen autonomia goraipatu ditu, eta salatu du haien aurka egiten ari direla, autozentsuraz eta beldurrez egin dezaten lan.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

19:20
2017-10-16

Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko presidentea baldintzarik gabe kartzelatzeko eskatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Carmen Lamela espailearen aurrean deklaratu dute Sanchezek eta Cuixartek, baina bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun diete. Halaxe egin zuten urriaren 6an auzitegi berean deklaratu zutenean ere. Orain epaileak erabaki behar du Sanchez eta Cuixart espetxeratu edo ez.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

18:34
2017-10-16

Bai Traperoren kasuan baita Laplanarenean ere epaileak Fiskaltzak eskatu dituen neurrien azpitik jo du. Traperorentzat fidantzarik gabeko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak. Orain Jordi Sanchez ANCko presidentearen eta Jordi Cuixart Omniumekoaren txanda izango da. Urriaren 6an ez deklaratzea erabaki zuten.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

18:26
2017-10-16

Fiskaltzaren iritziaren kontra, Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du Josep Lluis Trapero espetxeratzeko agindu. Teresa Laplana mossoetako intendentearekin egin duen bezala, pasaportea kendu dio eta hamabostean behin epaitegi batean bere burua aurkezteko agindu dio. Horrez gain, telefono zenbaki bat eman behar izan du Traperok Madrilen, uneoro lokalizatuta egoteko.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

16:19
2017-10-16

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Josep Lluis Trapero mossoetako burua fidantzarik gabe espetxeratzeko eskatu du sedizio delituagatik. Erabakia Carmen Lamela epaileak hartuko du eta 18:00etarako espero da. Traperori urriaren 1eko erreferenduma oztopatzeko ezer ez egitea leporatzen diote. Bi orduz deklaratu du, eta 15:35ean atera da Auzitegi Nazionaletik (informazio gehiago).

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:03
2017-10-16

Kontu Auzitegiak 5,2 milioiko bermea jarri zien Artur Masi, Francesc Homsi, Joana Ortegari eta Irene Rigauri Kataluniako gobernuburu ohiari, azaroaren 9ko kontsultan diru publikoa erabiltzea egotzita. Masek 2,2 milioi jarri ditu gaur Kontseilarien izenean, eta epea 15 egun luzatzeko eskatu dio auzitegiari, falta zaion dirua bildu eta jartzeko. Epea, berez, ostiralean amaitzen da.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:54
2017-10-16

Enpresek alde egiten jarraitzen dute Kataluniatik. Codorniuk jakinarazi du bere egoitza soziala Errioxara aldatuko duela. "Katalunia murgilduta dagoen egoera politiko eta juridiko zalantzazkoaren ondorioz", bere langile eta bezeroen eskubideak bermatzeko helburuz hartu du erabakia, konpainiak prentsa ohar batean esan duenez.

Freixenetek, bestalde, hilaren amaieran hartuko du Katalunian gelditu edo handik joateko erabakia.

Enpresen joana ikusita, dimititzeko eskatu dio PSCk Oriol Junquerasi, bera baita Ekonomia Kontseilaria.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:38
2017-10-16

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne Ministroari mossoen kontrola bereganatzeari buruz galdetu diote gaur, eta detailerik eman ez duen arren, ez du halakorik baztertu: "egin behar dena egingo dugu", esan du. Gainerakoan, Rajoyk eta Saenz de Santamariak esandako gauza bera errepikatu du Zoidok ere. Puigdemonti esan dio ez zela hain zaila erantzutea, eta ostegunera arteko epea duela atzera egiteko. Elkarrizketa nahi badu, Espainiako Diputatuen Kongresura joatea proposatu dio.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:28
2017-10-16

Teresa Laplana mossoen intendentea baldintzapean aske utzi du Lamela epaileak. Espainiatik ateratzeko debekua jarri dio, pasaportea kendu dio eta hamabostean behin auzitegira joan beharko du.

Fiskalak espetxeratzeko eskatu dio epaileari, edo 40.000 euroko bermea ordainarazteko. Badaezpadako neurriak baina, leundu egin ditu epaileak.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:08
2017-10-16

Goizetik Auzitegi Nazionalean dira, baina deklarazioa oraintxe hasi da Madrilen. Josep Luis Trapero duela minutu gutxi hasi da, eta haren atzetik etorriko dira Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Haiek, baina, ez dute deklaratzeko asmorik, goizean Catalunya Radion esan dutenez.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

14:05
2017-10-16

Kataluniako Legebiltzarrean gehiengo independentista osatzen duten taldeen artean desadostasuna sortzen ari dira. ERC ados agertu da Puigdemontek idatzi duen gutunarekin, eta babes osoa eman dio. CUP, baina, ez dago pozik. Esan du negoziaketak egiteko ezinbestekoa dela Espainiak Katalunia subjektu politiko gisara onartzea, eta ez du halakorik espero, eta hori, independentzia deklaratuta bakarrik gerta daitekeela uste du. Hala, Espainiak 155. artikulua aplikatu aurretik indepedentzia deklaratzeko eskatu dio Generalitateari. "Autodefentsarako instrumentua" litzateke hori, Benet Salellas diputatuaren arabera.

CUPen ustez, Kataluniako Legebiltzarrari egiteko gelditzen zaion bakarra independentzia deklaratzea da, eta estatu gisa eratzen hastea. Gaur 15:30ean bozeramaileen batzordea elkartzekoa da hurrengo osoko bilkurako gai ordena erabakitzeko. Bilkura hori monografikoa izatea nahi du CUPek, eta independentzia aldarrikatzeko baliatzea.

Sergi Sabria ERCko diputatuak ez du argi esan, baina ulertzera eman du ez daudela CUPen eskaera betetzearen alde. Puigdemontek emandako bi hilabeteko epea ontzat jo baitu. Nolanahi ere, bere papera ezinbestekoa dela jakinarazi dio CUPi, eta Legebiltzarretik ez joateko eskatu dio: "Ez dezagula gehiengoa galdu".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:45
2017-10-16

Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri Ministroak dio badagoela tartea. "Oso pozik gaude tartea dagoelako, mundu guztia gai da negoziazioetarako eta borondatea egongo dela espero dut, tentsioa lasaitzeko eta denbora eta espazio hori baliatzeko Katalunian eta Espainian". Gero, Atzerri Ministeriotik zehaztu diote Eferi, tarte hori "Konstituzioaren barruan" dagoela esan nahi zuela.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:37
2017-10-16

Albert Rivera Ciudadanoseko diputatuak Madrilen hitzegin du. Esan du ez duela itxaropenik Puigdemontek jarrera aldatzeko, eta beraz, Katalunian hauteskundeak deitzeko eskatu du, berriz ere. 155. artikulua aplikatuz gero egin daitekeen zerbait da hori, baina ez derrigorrean egin beharrekoa.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:27
2017-10-16

PSOEren ustez onartezina da Puigdemonten erantzuna

Oscar Puente PSOEko zuzendaritzako bozeramaileak babesa erakutsi dio Rajoyri, eta hark esan bezala, errepikatu dio 155. artikulua aplikatzen bada, horren arduradun bakarra Puigdemont bera izango dela. "Onartezina" da Rajoyren erantzuna, bere arabera.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:36
2017-10-16

Puigdemonten gutunaren ildotik, galdera egin dio Oriol Junquerasek ere Rajoyri: "Galdera erraza da: nahi al duzu Kataluniako Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko bilera egitea?"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:13
2017-10-16

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, 155. artikulaz eta haren aplikazioaz:

"ia edozer gauza egin dezake Espainiako Gobernuak Kataluniako autonomiarekin. Badirudi, hala ere, ezin duela autonomia osoa bertan behera utzi"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:17
2017-10-16

Saenz de Santamariaren iritzian bete ezin diren eskaerak egiten ari da Puigdemont. Eskaerak dagokion lekuan egiteko eskatu dio: Espainiako Diputatuen Kongresuan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:15
2017-10-16

Saenz de Santamaria: "Puigdemonten esku dago urrats gehiago egitea eragoztea". Osteguneko 10:00etara arteko epea du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:14
2017-10-16

Saenz de Santamaria: "arazo larria du Puigdemontek, ez legearekin bakarrik, baizik eta baita argia izateko eskatzen duten herritarrekin ere"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:13
2017-10-16

Saenz de Santamariak behin eta berriz esan du ez dela zaila egin dioten galderari erantzutea: deklaratu du independentzia, bai edo ez?

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:13
2017-10-16

Saenz de Santamariak dio 155. artikulua ez dela autonomia bertan behera uzteko, baizik eta hura legearen arabera ezartzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:12
2017-10-16

Saenz de Santamariak barretsi du, erantzunik ezaren aurrean, baietz esango balu bezala jokatuko dutela, eta beraz, bigarren epea martxan jarri dela: ostegunera arteko epea deklarazioa bertan behera uzteko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:10
2017-10-16

Soraya Sanez de Satamaria: "Elkarrizketa ez da exijitzen, egin egiten da, eta legea argia da".

"Puigdemontek bere esku dauka hau ondo amaitzea, esan dezala bai edo ez"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:09
2017-10-16

Diputatuen Kongresuan gaiari buruz eztabaidatzeko aukera duela azaldu du Saenz de Santamariak. "Ezerk ez du ukatzen elkarrizketa, baina hori legearen barruan egin behar da"

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:08
2017-10-16

Saenz de Santamariak gogora ekarri du ostegunera arteko epea duela atzera egiteko, eta argiago erantzuteko.

Elkarrizketari dagokionean: "Ez da sinesgarria elkarrizketarako deia egitea, legebiltzarrean oposizioarekin hitz egiteari uko egiten dionean".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:07
2017-10-16

Prentsaren aurrean da Soraya Saenz de Santamaria. Rajoyk dagoeneko Puigdemonti erantzun diola jakinarazi du. Puigdemontek eskaerari ez diola erantzun azpimarratu du, eta "hain gai garrantzitsuan" argia izatea garrantzitsua dela azaldu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

11:00
2017-10-16

Madrilen deklaratzen daudenenganako elkartasun mezuak ugari dira sareetan. CUPena eta Domenechena, adibidez.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:52
2017-10-16

Kataluniako Legebiltzarrean elkartzekoa zen bozeramaileen batzordea gaur goizean. Bilera atzeratu egin dute. Espainiako Gobernuaren erantzuna jakin nahi dute bildu aurretik. 10:30ean hitz egitekoa da Soraya Saenz de Santamaria, baina oraindik ez da atera prentsaren aurrera.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:50
2017-10-16

CUP, berriz, ez da gustura Puigdemonten gutunarekin. Mireia Boya diputatuak Catalunya Radion esan du beraiek erabat gutun desberdina idatziko zuketela, beraien esku balego. "Negoziatu beti, baina, aurrena subjektu gisara onartu behar daituzte".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:42
2017-10-16

ERCk babesa eman do Puigdemonti. Junts Pel Siko kide izanda, espero zitekeen halaxe egitea. Marta Rovira idazkari nagusiak esan du ados dagoela Puigdemonten estrategiarekin eta gutunaren edukiarekin.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:31
2017-10-16

Sanchez eta Cuixart Madrilen dira, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen. Sedizioa egitea egotzita deitu dituzte, bigarren aldiz. Joan dira, baina ez dutela deklaratuko jakinarazi dute goizean Catalunya Radion. Auzitegiaren atarian jendea topatu dute, babesa ematen.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:13
2017-10-16

10:30ean agerraldian egingo du Soraya Saenz de Santamariak, Puigdemonten gutunari erantzuteko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:57
2017-10-16

Trapero Espainiako Auzitegi Nazionalera sartzen. Gaur ez da poliziaren uniformea jantzita joan. Jordi Sanchez ANCko burua eta Jordi Cuixart Omniumekoa era Auzitegi Nazionalean dira.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:39
2017-10-16

Josep Lluis Trapero mossoen burua iritsi da Espainiako Auzitegi Nazionalera. Sedizioa egitea egozten dio Carmen Lamela epaileak, eta ikertu gisara deklaratzera joateko agindu dio. Irailaren 19an eta 20an Guardia Zibilak Generalitatearen kontrako polizia operazioa egin zuenean behar bezala ez aritzea egozten dio epaileak, eta Guardia Zibilaren txosten bat du tesi hori defendatzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:35
2017-10-16

Espainiako Gobernuak ez du ontzat jo Puigdemonten gutuna. Rafael Catala Justizia Ministroak esan du ez erantzun horrek ez duela balio, eta gogora ekarri du ostegunera arteko epea eman ziola Rajoyk Puigdemonti, independentzia deklarazioan atzera egiteko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:18
2017-10-16

Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkari nagusiaren arabera, Puigdemontek errealitatea ikusi gabe jarraitzen du.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:16
2017-10-16

Bi orrialdetan idatzi du erantzuna Puigdemontek, eta beste bi orrialdetan bere argudioa babesten duten hainbat dokumenturen loturak atxiki dizkio. Irakurri gutuna osorik.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:09
2017-10-16

Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPren bozeramaileak, berriz, "arduragabe" izatea egotzi dio Pugdemonti.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

09:08
2017-10-16

ANCk eta Omniumeko bozeramaileek itxaropena dute oraindik. Beraien arabera, azken aukera du Espainiako Gobernuak negoziaketarako. Puigdemonten erantzuna joan zen asteko diskurtsoarekin koherentea dela esan du Catalunya Radion.

Bestetik, jakinarazi dute, gaur ez dutela deklaratzeko asmorik Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna