Katalunia

Ostegunerako eta ostiralerako deitu dituzte deklaratzera Puigdemont eta kontseilariak

Bruselan daude presidentea eta bere gobernuko bost kontseilari. Generalitateko presidenteak ukatu egin du asiloa eskatzera joanak direla, baina iragarri du ez direla Kataluniara itzuliko "epaiketa justu baterako" bermerik ez dagoen bitartean. Auzitegi Gorenak ostegun eta ostiralerako deitu ditu deklaratzera parlamentuko mahaiko kideak.

Puigdemont, gaur, Bruselan. /
Puigdemont, gaur, Bruselan. / STEPHANIE LECOCQ/EFE

Berria -

2017ko urriak 31

*Guardia Zibila mossoen sei polizia etxetara joan da, urriaren 1eko "ekintzarik ezaren" froga bila. Josep Lluis Traperoren posta elektronikoaren kopia bat eskatu dute.

*Abenduaren 21eko bozetan parte hartzeko asmoa erakutsi dute PDeCATek eta ERCk. CUPek batzarraren esku utzi du. Boz horien emaitzak onartuko dituztela iragarri du Puigdemontek, eta gauza bera egiteko prest ote dagoen galdetu dio Madrili.

*Europari erreakzionatzeko eskatu dio Generalitateko buruak, eta salatu du Bruselaraino joan behar izan dutela euren segurtasuna ez dagoelako bermatuta.

*Konstituzionalak bertan behera utzi du Kataluniako Legebiltzarrak joan zen ostiralean egin zuen independentzia deklarazioa.

*Datorren ostiralean aztertuko dute auzitegiek Jordi Sanchezen kartzelatzearen aurka jarritako helegitea.

Zuzeneko kontakizuna

23:56
2017-10-31

Bassa eta Forn itzuli dira Bartzelonara

Joaquim Forn eta Dolors Bassa kontseilariak itzuli egin dira Bruselatik Bartzelonara. Prat aireportura iritsi dira 23:30 aldera. Carles Puigdemontek Bruselan jarraitzen duela adierazi dute Kataluniako hainbat hedabidek, eta harekin jarraituko lukete gaur 12:30ean berarekin agerraldi egin duten beste hiru kontseilariek.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

23:16
2017-10-31

Miquel Buchek, ACM Udalerri Katalanen Elkarteko presidenteak, adierazi du zerrenda bakar bat osatu beharko luketela independentistek abenduaren 21erako, eta Carles Puigdemont, Oriol Junqueras, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart jarri behako lituzketela zerrendaren buruan. ANC Biltzar Nazional Katalanak ere antzeko proposamen bat egin du dagoeneko.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

23:12
2017-10-31

Bartzelonarako hegazkinean

Informazio kontrajarriak zabaltzen ari dira Bruselatik. Hedabide batzuen arabera, Bartzelonara itzultzeko hegazkina hartu du gaur gauean Carles Puigdemontek. Beste hedabide batzuen arabera, Puigdemontek Bruselan jarraitzen du.

Edozein moduz, eguerdian Kataluniako presidentearekin Bruselan agerraldia egin duten kotseilarietako batzuk etxera bueltan doazela segurua da ordu honetan. Dolors Bassa eta Joaquim Forn kontseilariek, adibidez, itzulerako hegazkina hartu dutela seguru jotzen dute.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

18:42
2017-10-31

Ostegunean eta ostiralean deklaratzera deitu dituzte akusatu guztiak

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak onartu egin du Espainiako Fiskaltzak Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen eta bere gobernuko kontseilarien aurka jarritako kereila, eta ostegunean eta ostiralean deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera. Matxinada, sedizioa eta diruaren erabilera okerra leporatzen die fiskalak. Ikusteko dago orain Puigdemont eta Bruselan dauden bost kontseilariak Madrilera joango ote diren. Gaur Bruselan agerraldi bat egin dute, eta babesa eskatzeko aukera baztertu badute ere, han geratzeko asmoa iragarri dute.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

17:17
2017-10-31

Jorge Toledo Europako Batasunerako Espainiako idazkariak esan du Katalunia utzi duten enpresak itzultzera bultzatuko dituela Espainiako Gobernuak .

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

16:21
2017-10-31

Charles Michel Belgikako lehen ministroak gaur esan du eurek ez dutela gonbidatu Puigdemont Bruselara, baina Europako Batasuneko beste edozein herritarrek bezala, eskubide osoa duela han egoteko. Hori esan ondoren Kataluniako egoera konpontzeko elkarrizketaren alde hitz egin du.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

15:14
2017-10-31

Azaroaren 15era arte luzatu dute Espainiako Polizia daraman ferryaren egonaldia. Tarragonako portuan dago ontzia, eta gaur amaitzen zitzaion baimena.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

15:08
2017-10-31

Zerrenda bakarraren alde egin du ANCk

ANCko presidenteorde Agusti Alcoberrok babesa agertu dio Generalitateari, eta baikortzat jo du Bruselara sostengu bila joan izana. Bide batez, abenduko bozetara aurkeztearen garrantzia nabarmendu du, horiek "zilegiak izan ez arren" independentistek euren nahia adierazteko modua izan daitezkeelako. Ildo horretan, zerrenda bakarraren alde egin du Alcoberrok, eta ez du baztertu egun espetxean dauden Jordi Sanchez ANCko presidentea eta Jordi Cuixart Omniumekoa hautagai izateko aukera.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:40
2017-10-31

Independentziaren aldekoek gora egin dute

Generalitateak kaleratu berri duen inkestaren arabera, gehiengo absolutua eskuratuko lukete uneotan Junts Pel Si-k eta CUPek —60 eta 63 diputatu artean eskuratuko lituzke koalizioak, eta 8 eta 9 artean CUPek—. Egun dituzten 16ak baino bi edo hiru eserleku gehiago lortuko lituzkete sozialistek, eta 12 eta 14 artean En Comu-koek. Aldiz, Ciudadanosek eta PPk bere horretan eutsiko liokete.

Zundaketa urriaren 16a eta 29a bitartean egina da, alegia, indepedentzia deklarazioa etenda zegoelarik.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:51
2017-10-31

Parlamentuko mahaiko kideen aurkako auzia

Auzitegi Gorenak ostegun eta ostiralerako deitu ditu deklaratzera Kataluniako Parlamentuko mahaiko kideak. 09:30erako joan beharko dute epaitegira. Pablo Llarena auzia eramango duen epaileak gogorarazi die mahaiko kideei ikertu gisa deklaratu beharko dutela, eta, beraz, abokatuarekin joan beharko dutela Madrilera.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:26
2017-10-31

Joaquim Forn, Barne kontseilaria

"Gogorarazi nahi dizuet uneotan matxinadagatikako delitua terrorismoaren parekoa dela. Guk inoiz ez dugu indarkeria bultzatu, baina teorristen pare jartzen gaituzte. Horregatik eskatzen dio presidenteak Europari egin dezala zerbait".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:20
2017-10-31

Bruselan zenbat denbora geratuko diren galdetuta, "Espainiaren erantzunaren araberakoa" izango dela adierazi du Puigdemontek: "Epaiketa justua eta botereen banaketa bermatu ahal izango balitz, berehala itzuliko ginateke".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:19
2017-10-31

Euren asmoa ez dela justiziari ihes egitea, hala adierazi du Puigdemontek, baina, aldi berean, zehaztu du europar gisa "Europatik aske zirkulatzeko eskubidea" dutela, eta salatu du Generalitateko kideak "Poliziaren babesik gabe" geratu direla.

"Zilegitasun osoa duen gobernu baten gisara lan egin behar dugu, eta hori egiteko modurik hoberena Europako hiriburura joatea da".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:13
2017-10-31

Puigdemontek ukatu egin du asiloa eskatzera joan dela, eta erantzun du Europaren bihotzera joan direla "askatasunez eta segurtasunez" jokau ahal izateko.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:11
2017-10-31

"Jakin nahi dugu zein den 155.ari babesa eman dioten alderdien jarrera ofiziala, eta batez ere Espainiako Gobernuarena. Eskatzen diot Europari erreakzionatu dezala. Nola onar dezake Espainiako estatuak elkarrizketari ezetz esatea?".

"Gaur hemen dauden Generalitateko ordezkariek eta Katalunian geratu direnek gure errekonozimendu handiena merezi dute. Eta Kataluniako herriari eskatzen diot eutsi diezaiola orain arte agertu duen jarrerari. Demokraziaren testuinguruan beti irabazi dugu".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:08
2017-10-31

"Babestuko ditugu 155. artikulua indarrean sartzearen aurka abian jarri dituzten ekimenak. Espainiako Estatuaren defizit demokratikoa salatu nahi dugu".

"Azkenik, desafio demokratiko bat balira bezala hartuko ditugu abendurako deitutako bozak. Gaur eta hemendik iragartzen dugu errespetatuko ditugula abenduaren 21ean egingo diren bozetako emaitzak, baina galdetzen diogu Espainiari gauza bera egingo ote duen berak, alegia, errespetatuko ote dituen emaitzak horiek alderdi subiranistei gehiengoa ematen badiete".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:05
2017-10-31

"De la Mazaren kereilaren helburua ideia bati jazartzea da. Horren aurrean, Generalitateak erabaki du Bruselara etortzea, hemen argi uzteko bizi dugun gatazka, eta "politikaren judizializazioa" salatzeko.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:02
2017-10-31

Puigdemonten agerraldia

"Nahiago izan dugu indarkeriarik ez dela egongo ziurtatu, ezin delako indarkeriarekin errepublika bat eraiki. Baina ez gaitu agertoki horretara eraman. Gobernuak esan zuen ez genituela funtzionarioak erabaki bat hartzera derrigortuko; horretarako errepublikaren eraikitzea moteldu behar badugu, motelduko dugu".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:00
2017-10-31

Puigdemonten agerraldia

Puigdemontek gogorarazi du Generalitateak elkarrizketaren alde egin zuela behin eta berriz, independentzia deklarazioa etetera heldu arte, eta, hala ere, fiskaltzak euren aurkako kereilak aurkeztu dituela.

Gogora ekarri ditu baita ere urriaren 1eko erreferenduma ahalbidetu zutenei ezarritako milioika euroko isunak. "Gure eskua beti gon da luzatua. PPk eta PSOEk arazo bat dute, eta ez dute horren ardura hartu nahi".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:56
2017-10-31

Puigdemonten agerraldia

Nazioarteko prentsa bulegoari eskerrak emanez hasi du agerraldia Puigdemontek, frantsesez. Gazteleraz, frantsesez eta katalanez egingo du agerraldia.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:55
2017-10-31

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Kataluniako Legebiltzarrak joan zen ostiralean egin zuen independentzia deklarazioa.

Espainiako Gobernuak atzo aurkeztu zuen helegitea, eta gaur, Konstituzionalak helegite hori tramiterako onartuta, bertan behera gelditu da deklarazioa, nahiz eta gaiaren mamiaz ez eztabaidatu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

12:53
2017-10-31

Puigdemonten agerraldia

Berarekin batera joandako kontseilariekin batera egingo du agerraldia Puigdemontek.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:49
2017-10-31

Puigdemonten agerraldia

Meritxell Borras, Antoni Comin, Joaquim Forn, Dolors Bassa eta Meritxell Serretekin batera joana da Puigdemont Bruselara.

12:30erako zegoen aurreikusita Generalitateko buruaren agerraldia, baina, prentsa zain dagoen eraikinera sartua den arren, aretoan zain jarraitzen dute.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:30
2017-10-31

Datorren ostiral goizean aztertuko dute ANCko buru Jordi Sanchezek espetxeratzearen aurka aurkeztutako helegitea.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:02
2017-10-31

Auzitegi Goreneko kideek aho batez ebatzi dute badutela eskumena Kataluniako Parlamentuko mahaiko kideak ikertu eta auzipetzeko. Fiskaltzak "matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea" egozten die mahaiko kideei.

Pablo Llarena epailea arduratuko da auziaz.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:28
2017-10-31

PDeCATen zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztu du Santi Vila Industria kontseilari ohiak. RAC1 irratian azalu duenez, dagoeneko hitz egin du Artur Mas alderdiko presidentearekin eta Marta Pascal koordinatzailearekin. "Moderazioaren ahotsa" litzateke berea, independentziaren alde egingo lueena, baina "legearen baitan", zehaztu du.

Ordea, ohartarazi du ez litzatekeela aurkeztuko "Junts Pel Si-ren gisako" zerrenda bateratu batean, iritzi diolako jendea "akituta" dagoela "nahaste ideologikoarekin".

Vilak dimisioa eman zuen parlamentuak independentzia deklaratu zuen egunean, eta kritikatu du jarrera "xaloegia" izan dutela prozesua "erraza, azkarra eta kosturik gabea" izango zela uste izan dutenek.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

10:21
2017-10-31

Gaur gauza asko argituko dira. Batetik, Puigdemont agerraldia egitekotan da Bruselan. Bestetik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak errepublikaren deklarazioa bertan behera uztea espero da, eta auzitegietatik ere etorriko dira berriak: Puigdemont eta haren gobernuko kontseilariak deklaratzera noiz deitzen dituzten esango dute.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

10:19
2017-10-31

Guardia Zibila, mossoen peskizan

Guardia Zibilak uste du urriaren 1eko erreferendumaren egunean mossoek ez zutela behar bezala jokatu. "Froga" bila, mossoen sei polizia etxetara sartu dira gaur. "Komunikazioak" topatu nahi dituzte. Sabadellen mossoek duten egoitza nagusian sartu dira, eta baita Gironako, Manresako, Sant Feliu de Llobregateko eta Granollerseko polizia etxeetan ere.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna