KRONOLOGIA

Urria bete mugimendu

Kataluniako prozesu subiranistan hilabete erabakigarria izan da urria.

Urriaren 27an deklaratu zuen Kataluniako Parlamentuak errepublika. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
jon olano
2017ko azaroaren 1a
08:58
Entzun

Erlatiboa omen da denbora; zerekin alderatzen den, gakoa. Amaitu berri den hilabeteak 31 egun izan ditu, urria denez gero, baina, Katalunian, ez dira gertakariz urri ibili, azken asteetan, eta irudi luke, 31 egun baino gehiago, hilabeteak igaro direla urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumetik. Kataluniako burujabetza prozesuak azeleragailua zapaldu du, beste hainbeste egin du Madrilek, eta urteak irauten ari den prozesuak hilabete erabakigarria utzi du atzean, errepasoa merezi duena. Ez da azkena izango, hala ere.

Urriak 1: erreferenduma

Botopaperak, hautetsontziak eta bestelako materiala ezkutuan izan ondoren, eta bozkalekuak igande goizez baimenik gabe bazen ere zabaltzeko gai izan ondoren, herritarrek aukera izan zuten botoa emateko eta, horren bidez, Katalunia errepublika formako estatu independente izatea nahi al zuten erabakitzeko. Ez zailtasunik gabe: Espainiako Polizia eta Guardia Zibila hainbat herri eta eskolatara joan zen, indarrez hautetsontziak ebastera. Mila lagun zauritu zituzten, indarkeriaren irudiez bete ziren egunkarietako lehenak eta gertatutakoa ikertzeko eskatu zioten Espainiari nazioarteko erakundeek. Hala eta guztiz ere, 2.286.217 boto zenbatu zituzten: %90, baiezkoak.

Urriak 3: lanuzte orokorra

Bi egunera, erreferendumeko indarkeria poliziala salatzeko, "lanuzte nazionala" egin zuten, grebaz gainera. Taula per la Democracia plataformak antolatu zuen lanuztea, eta, grebak izandako jarraipen handiaz gain, inoizko mobilizazio handienak egin zituzten herri eta hiri askotan. Bakarrik Bartzelonan, 300.000 lagun irten ziren kalera, Udaltzaingoaren arabera. CECOT patronalaren arabera, %96 izan zen grebaren jarraipena industrian, eta %95 eraikuntzan. Zerbitzuetan, berriz, apalagoa: bost langiletik lauk egin zuten greba.

Urriak 8: unionistak kalera

Ohikoa zen independentismoak ehunka milaka lagun elkartzea kaleetan, baina ez hainbeste Kataluniaren eta Espainiaren batasunaren aldekoek manifestazio masibo bat egitea. Hala gertatu zen urriaren 8an; Urquinaonatik Frantziako estaziorako bidean, jendetza batu zen, besteak beste, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen espetxeratzea eskatzeko.

Urriak 10: independentzia, erdizka

Erreferendum Legeak dioenez, bozketaren emaitzak ofizial egin eta 48 ordura egin behar zuen legebiltzarrak independentzia deklarazioa. Horretarako egin zuten osoko bilkura Kataluniako Parlamentuan, aurrez Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuari iskin eginda. Urriaren 1az geroztik, gero eta ugariagoak ziren Kataluniaren eta Espainiaren arteko elkarrizketak beharrezko jotzen zituzten ahotsak, eta, negoziazioaren mesedetan, independentzia deklaraziorik ez egiteko ere eskatu zioten zenbait alderdik eta eragilek Puigdemonti. Ordubeteko atzerapenarekin hartu zuen hitza; independentzia deklarazioa aipatu bai, baina apenas segundo batzuk geroago esan zuen deklarazio horren eraginak bertan behera uzten zituela epe batez, negoziazioari bide emateko.

Urriak 11: 155a, bidean

Asteak zeramatzan Espainiako Konstituzioko artikulu horren mamuak bueltaka, eta etendako independentzia deklarazioaren biharamunean aktibatu zuen prozedura Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak. Modu bitxian aktibatu ere; Puigdemonti gutun bidez eskatu zion argi zezala independentzia deklaratu ote zuen. Lehen urratsa izan zen.

Urriak 16: Jordiak espetxera

Sedizio delitu bat egitea egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak espetxera bidali zituen Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez, Omnium Cultural eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak. Irailaren 20an Guardia Zibilaren aurkako "setio bat" hauspotzea egotzi zien. Josep Lluis Trapero mossoen buruak eta Teresa Laplana intendenteak ere deklaratu zuten epailearen aurrean, baina aske utzi zituen. Urriaren 21ean egin zuten bien aldeko manifestazioa, eta ehunka milaka lagun batu ziren protestara.

Urriak 26: bozen atarian

Espainiako botere politikoa eta judiziala, negoziatzeari uko egiteaz gain, gero eta gehiago estutzen ari ziren. Jordien espetxeratzearen ostean heldu zen Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko erabakia. Testuinguru horretan, gero eta ozenagoak ziren Puigdemonti independentzia deklarazioaren etena kentzeko eskatzen zioten ahotsak, eta urriaren 27rako adostu zuten osoko bilkura bat egitea Junts Pel Sik eta CUPek. Koalizioa bi egunez aritu zen herriz herri ematen osoko bilkuran esango zuenaren berri; errepublikaren deklarazioaren eguna zen osteguna edo ostirala.

Ziurra zirudiena, ordea, gauetik goizera aldatu zen. Bezperan 02:00arte batzartuta egon, eta errepublikaren aldeko akordio batera iritsi ostean, Puigdemontek 26ko 10:00etan batzartu zuen gobernua, eta jakinarazi hauteskundeetara deitzeko asmoa zuela, independentzia deklaraziorik gabe. Hori baieztatu gabe zegoelarik, eguerdian, bata bestearen atzetik hasi ziren albisteak iristen; PDeCat eta ERCko zuzendaritzak biltzekoak zirela, Puigdemont 13:30ean hitz egitekoa zela eta ERC prest zegoela gobernutik irteteko. 17:00etan argitu ziren zurrumurruak: hauteskundeen aukera mahai gainean izan zuen arren, Puigdemontek ez zuen bozetara deitu, eta parlamentuaren esku utzi zuen independentzia deklarazioa.

Urriak 27: Autonomiarik gabeko errepublika

15:27, ostirala. Parlamentuan taldeek ebazpen proposamenak aurkeztu eta gero, bozkatzeko unea. Trantsizio Legea garatzen hasteko proposamena aurkeztu zuten Junts Pel Sik eta CUPek, eta sekretupeko botoak zenbatuta, baiezkoa nagusi. Urteetako tentsioa askatu zen legebiltzar barruan nahiz kanpoan. Ordu batzuk geroago iritsi zen Madrilen erantzuna: Senatuak arratsalde horretan bertan onartu zuen Kataluniari 155. artikulua ezartzea, eta lehen neurrien berri eman zuen Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak; tartean, Generalitateko presidentea eta kontseilari guztiak kargugabetzea.

Urriak 30: gobernu talka (eza)

Astelehena, errepublika deklaratu eta Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezarri osteko lehen lan eguna. Galdera asko goizean goiz: joango al dira lanera Generalitateko kideak? utziko al diete sartzen lantokietan? joango al da jendea Madrilek jarritako ordezkariei bidea oztopatzera? egunean zehar azaleratu ziren erantzunak; gobernuko bi kide baino ez ziren joan bulegora, tarte batez. Puigdemont, berriz, Bruselara joana zen, bost kontseilarirekin. Egunean bertan Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak gobernuko presidentearen, kontseilari guztien eta parlamentuko mahaiko kide subiranisten aurkako kereila aurkeztuta, berehala zabaldu zen asilo eskariaren hipotesia.

Urriak 31: "berme" eskea Bruselan

Izugarrizko ikusmina sortuta, Bruselan egin zuen agerraldia Puigdemontek. Ez zuen asilorik eskatu, baina prozesu judizial "bidezkoa" izango zuenaren "bermeak" eskatu zituen, eta Europako Batasunari esan zion "erreakzionatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.