Hilaren 17an joan beharko du Puigdemontek deklaratzera

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta harekin Bruselan diren Generalitateko lau kontseilariek Belgikako epaitegi baten aurrean deklaratu dute asteburuan. Epaileak Generalitateko bost kideak aske uztea erabaki du, kautela neurria ezarrita.

Carles Puigdemont, Bruselan, joan den asteartean, prentsaurrekoa eskaini ostean. HORST WANER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko azaroaren 6a
08:19
Entzun

Puigdemontek eta harekin Bruselan diren Generalitateko lau kontseilariek Poliziarengana jo dute goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalak haiek atxilotzeko agindua eman duela eta. Bostek epailearen aurrean deklaratu dute asteburuan, eta, hark ebatzi duenez, Belgikan jarraitu ahalko dute, aske, zenbait kautela neurri betez gero.

Puigdemontek berak txio baten bidez eman du epailearen erabakiaren berri, eta gogora ekarri ditu "demokraziatik aldendutako" estatuak "modu bidegabean" preso sartutako lankideak.

Puigdemontek bere abokatuarekin batera jo du Belgikako Poliziarengana. Kataluniako presidentearekin batera joan dira Clara Ponsati, Toni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret Generalitateko kontseilariak ere. Guztiek dute beren kontrako nazioarteko espetxeratze agindua, Espainiako Auzitegi Nazionalak emana, joan den ostegunean auzitegira deklaratzera ez joateagatik.

Belgikako Poliziak instrukzio epaile baten esku utzi ditu Puigdemont eta kontseilariak, eta arratsaldean deklaratu dute haren aurrean, banaka. Gauerdira arte iraun duten deklarazioen ostean, aske utzi ditu hark, baina hainbat baldintzekin, besteak beste, hainbatean behin polizia-etxera azaltzekoa eta herrialdetik ez irtetekoa. Hala, beraz, abenduaren 21eko bozetan parte hartu ahal izango dute bai presidenteak eta baita kontseilariek ere, nahiz eta kanpaina atzerritik egin behar izan.

Auzitegi Nazionalaren atxilotze aginduaren prozedurak aurrera jarraituko du Belgikako justizian, eta haren gaineko behin betiko erabakia hartu arteko bideak bi hilabete iraun dezake, aldeek helegiteak aurkezten badituzte.

Instrukzio epaileak datorren aste hasierarako deitu ditu berriz deklaratzera Generalitateko burua eta lau kontseilariak. Epaileak hamabost eguneko epea du euroaginduari buruzko erabakia hartzeko, eta ondoren helegitea jartzeko aukera izango lukete abokatuek.

Zerrenda bateratua

PDeCAT alderdiak dagoeneko iragarri du Pigdemont aurkeztuko duela zerrendaburu gisara. Izan ere, Belgikako justiziak azken erabakia hartu aurretik egingo dira zihurrenik abenduko bozak, eta independentismoak boz horiek irabaziko balitu, korapilatsuagoa litzateke Generalitateko goi kargudunak atxilotzeko agintzea.

Horretaz gain, luzatuz doa Espainiaren jarrerarekiko kritiko agertu direnen zerrenda. Hitz egiten azkenetakoa izan da Belgikako Barne ministro Jay Jambon, zeinak "urrunegi" joatea egotzi dion Mariano Rajoy gobernuburuari: "Zer egin dute gaizki? Hautesleek emandako mandatua bete besterik ez dute egin".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.