"Europak ezin du eduki preso edo erbestean dagoen gobernu bat"

Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan, Generalitateko buruak eta lau kontseilariek "155.aren aurkako koalizioa" osatzeko beharra nabarmendu dute.

Puigdemont eta Monica Terribas, Catalunya Radioko kazetaria, Bruselan. CATALUNYA RADIO
arantxa elizegi egilegor
2017ko azaroaren 7a
12:26
Entzun

"Jazarpen politikoaren biktima" direla salatu dute Bruselara ihes egindako goi kargudunek. Carles Puigdemont, Toni Comin, Clara Punsati, Lluis Puig eta Meritxell Serret bat etorri dira "mendeku politika" bultzatzen dutela Madrildik: "Espainiako espetxeetan amai genezake, edo urteak egin genitzake Kataluniatik urrun. Espainiaren jarrerarekin argi geratu da katalanok estatuan jarraitzen dugula derrigortu gaituztelako, ez limurtu gaituztelako edo enpatia sentitzen dugulako".

Europaren jarrera ere kritikatu dute Generalitateko kideek, eta egotzi diote "entzungor" egitea Katalunian gertatzen ari denari: "Europak behin eta berriz errepikatu du hau Espainiaren barne arazoa dela. Baina Bruselan prentsaurrekoa egin genuenean kazetariz bete zen aretoa, eta, beraz, argi geratu zen Europaren jarrera eta herritarren interesak ez datozela bat". Hala, eskatu dio EBri galde diezaiola Espainiari ea onartuko dituen abenduaren 21eko emaitzak "horiek edozein direla ere".

Bozei buruz galdetuta, Puigdemontek ohartarazi du gerta litekeela horietatik irteten den gobernuak bere programa indarrean sartu ezin izatea, eta eskatu die "155aren aldekoei" jakinaraz dezatela mugarik izango den edo "zuzendutako eta zaindutako demokrazia" batean egongo diren. Gogora ekarri du, bide batez, Junts Pel Siren programan argi esaten zela independentzia deklarazioa egingo zutela, eta hala ere hainbat lagun espetxeratu dituztela emandako hitza betetzeagatik.

Generalitateko kideek defendatu egin dute Bruselara joateko erabakia, eta ohartarazi dute auziak nazioarteko epaitegietan amaituko duela, eta Espainia, berriz ere, "lotsagarri" geratuko dela. "Munduari mintzatzen ari gatzaizkio, eta hark, gurekin ados egon edo ez, entzun egiten gaitu". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.