Noiz sortua: 2017-11-09 12:50:36

Atzoko greba egunaren zuzeneko kontaketa

Eguerdian eta arratsaldean elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte Katalunia osoan, zortzi kontseilarien eta ANC eta Omniummeko presidenteen espetxeratzea salatzeko. Larunbatean are jende gehiago mobilizatzera dei egin dute.

Santseko tren geltokia, atzo. /
Santseko tren geltokia, atzo. / Toni Albir / EFE

Berria -

2017ko azaroak 9

*Greba orokorrerako deialdia egina du Intersindical-CSC sindikatuak gaurko. Deialdiarekin bat egin dute Alternativa sindikatuak eta USTEC hezkuntzako sindikatu nagusiak. ANCk eta Omniumek "geldialdi nazionala" egitera deitu dute.

*Gehiengo sindikala osatzen duten CCOOk eta UGTk ez dute babestu greba orokorrerako deialdia, baina "askatasun eta eskubideen alde" mobilizatzera deitu dute, eta elkarretaratzeetan parte hartu dute.

*Goizean goiz, hainbat errepide eta trenbide itxi dituzte grebalariek. Arratsaldean itxita zeuden asko.

*Barcelona en Comuk oinarriekin kontsultatuko du PSCrekin duen itunarekin jarraitu ala ez.

*Puigdemontek pribilegiorik gabeko tratua jasoko duela ziurtatu du Charles Michel Belgikako lehen ministroak.

*Estebanek adierazi du behin 155a ezarrita hura berriz aplikatzearen kontrako erresistentzia "txikiagoa" izan daitekeela.

 

 

Zuzeneko kontakizuna

23:25

Bi errepide itxita oraindik

Egun erdia daramate bertan, hamabi ordu inguru, eta jarraitzeko asmoz dira oraindik. La Seu de Urgellen, Andorratik gertu, N-145 errepidea itxita daukate manifestariek, eta Puigcerdan, Ipar Kataluniako mugatik ertara, N-152 errepidea ere moztuta daukate.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

22:32

Manifestariak Els segadors kantatzen grabatu dituzte bideo honetan, Bartzelonako Sants geltokiko trenbideetan:

 

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

21:20

Oso jendetsuak izan dira arratsaldean herri eta hirietan egin dituzten elkarretaratzeak. Milaka atera dira kalera. Elkarretaratze eta manifestazio guztietan, launbatean egin asmo duten manifestazio handirako deia egin dute. Udaltzailgoaren arabera, 25.000 lagun elkartu dira Bartzelonan.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

21:19

Azkenean, Santseko geltokitik alde egin dute bidea ixten ari ziren protestariek, "Kaleak beti izango dira gureak" oihuka.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:46

Ateak itxi dituzte Santseko tren geltokian, eta larrialdietako atearen inguran pilatu dituzte bidaiariak. Mossoak an dira, eta baita trenbideak ixten ari diren jendea ere. Gero eta tentsio gehiago dago geltokian.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:29

Bartzelonako Santseko geltokian ateak itxi dituzte, grebalari gehiago ez joateko edo. Bideak ixten ari dira hainbat lagun, eta mossoak ere bertan dira. Megafoniatik bideak irekitzeko eskatu diete protestariei, baina haiek han jarraitzen dute.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

19:07

Santseko geltokitik joateko eskatu diete bideak ixten ari direnei, megafoniatik. Mossoak bertan dira.

Gironako geltokira, berriz, gero eta jende gehiago doa. Han, asanbladan erabaki dute 22:00ak arte egotea.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:54

Santseko tren geltokira joan dira mossoak. Hura blokeatzen ariira hainbat lagun, eta badirudi haiek desalojatzera joan direla. Oihuka da jendea.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:53

Marcel Mauri Omniumeko bozeramailea orain. Instituzioak okupatzeari uzteko eskatu dio Espainiari; "instiuzioak gu gara". Presoak askatzeko eskatu du, eta ez daudela bakarrik esan die errepresioa jasaten ari diren guztiei. "Bake herria gara, baina errepresioa ez dugu onartzen, eta demokrazia berrezarri arte borrokan jarraituko dugu".

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:48

Agusti Alcoberro ANCko bozeramaileak azpimarratu du, gaur mezu argia eman diotela Espainiari: "Ez gara makurtzen garen herri bat". Antolatzen dakien herri bat erakutsi dutela nabarmendu du, eta ez dutela onartuko beste inor preso sartzerik. "Preso politiko guztiak etxera itzultzea exijituko dugu, eta lehendakaria Gobernua gidatzera itzuli dadila".

Larunbatean manifestaziora joateko deia egin die herritarrein.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:38

USTEC hezkuntzako sindikatu nagusiko bozeramaileak ere hitz egin du. Esan du garai gogorrak direla jendea "doktrinatzea" egozten dietelako, baina hezkuntza zentroetan politikaz hitz egiteari ez dietela utziko ohartarazi du, eskubide demokratikoak zeintzuk diren eta nola defendatzen diren erakutsiko diete ikasleei.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:31

UGTko ordezkariak hitza hartu du Bartzelonako ekitaldian. Mobilizatu egingo direla esaten ari da behin eta berriz, nahiz eta grebarik ez egin. Batasuna garrantzitsua dela, eta Espainia saiauko dela beraiek zatitzen. Txistu egin diote, ez baitute greba babestu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:19

Demokraziaren Aldeko Mahaiak antolatu ditu elkarretaratze eta manifestazioak. Omniumek eta ANCk bat egin dute mobilizazioekin eta baita grebarako deiarekin ere.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:16

Gironako tren geltokian eta Bartzelonako Santsekoan jendea dago trenei ateratzen uztea galerazten. Ez dirudi elkarretaratzeetara joateko asmorik dutenik. Geltokiak blokeatzen segitzekotan dira.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

18:07

Granollersen ere jendetza elkartu da. Grebarekn bat egin ez duen jendea ere ari da batzen mobilizazioetara. Presoen askatasuna eskatzen dute, eta baita 155. artikuluaren aplikazioa deuseztatzea ere.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

17:54

Etengabeak dira mobilizazioak Katalunian. Bartzelonan, esate baterako, zutabeak elkartzen ari dira,18:00etan udaletxe aurrean elkartzeko.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

16:43

Ekitaldi nagusiak 12:00etan eta 18:00etan ziren arren, horiek ez dira bakarrak. Errepublikaren aldeko ikasleek deituta, elkarretaratzea egitekoak ziren, 16:00etan Bartzelonan. Sants plazan elkartu dira, eta manifestazioa egiten amaitu dute.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

15:41

Forcadellen kontra egingo du Konstituzionalak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Kataluniako Legebiltzarrak urriaren 27an egin zuen independentzia deklarazioa. Espainiako Gobernuak eskatu zion Konstituzionalari berak aurretik emandako epaia betearazi eta independentzia deklarazioa bertan behera uzteko. Joan zen astean, tramiterako onartu zuen eskaera hori, eta deklarazioa behin-behinean baliogabetuta zegoen. Gaur, baina, behin betiko erabakia hartu du.

Eskaera horren barruan, Carme Forcadellen eta legebiltzarreko mahaiko kideen kontra egiteko ere eskatu zuen Espainiako Gobernuak. Eta baietz erabaki du Konstituzionalak: bere epaiei desobedientzia egiteagatik salatuko ditu.

Oihana Elduaien Uranga

Oihana Elduaien Uranga

13:56

PSCk "itxaropena" eman nahi die "independentistak ez diren katalanistei"

PSCk finkatu ditu abenduaren 21eko hauteskundeetarako mezuaren oinarriak. Miquel Iceta alderdiko idazkari nagusiak azaldu ditu, gaur, prentsaurrekoan. Icetaren hitzetan, PSCk "itxaropena" eskaini nahi die "independentistak ez diren katalanistei".

PSCko buruak "zatiketa" gainditu eta "elkar ulertzea" sustatu nahi duela ziurtatu du. Helburu gisa ezarri du Kataluniako "erakundeak berreskuratzea eta galdu duguna aurkitzea: adostasuna, aliantzak eta negoziatzeko akordioak".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:53

"Espetxeratutako bakoitzarengatik hamar irtengo dira, gero ehun, eta ondoren mila"

Herritarrek kalean jarraituko dutela iragarri du CUPeko diputatu Gabriela Serrak, eta orain protestan irteten direnak dozenaka badira aurrerago herri osoak izango direla ohartarazi. "Madrilen ez dute uletzen urte asko daramagula proiektu honetan lanean, eta orain lortu dugula nahi genuen indarra".

Abenduaren 21eko bozetan zer egingo duten galdetuta, berriz, nabarmendu du hauteskundeak igaro beharreko "trantzea" direla, baina horrek ez duela esan nahi zilegiak direnik. "Estatu kolpe baten bidez antolatutako hauteskundeak dira".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:23

Giannis Varufakis Greziako Finantza ministro ohi eta 2025 Demokraziaren Aldeko Mugimendua Europan elkartearen sortzaileak agerraldia egin du Bartzelonan, Kataluniako prozesu subiranistaz hitz egiteko. Varufakisek adierazi duenez, "lotsatuta" dago "Europako herritar gisa", Europako Batasunean "preso politikoak daudelako".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:15

[BIDEOA] Grebalariek Gironako AHT geltokia hartu duten unea

Hauxe izan da manifestariek Gironako abiadura handiko trenaren geltokia hartu duten unea. Goizean eten dute tren zerbitzua.

Eguerdian, elkarretaratzea egin dute Gironan, eta milaka pertsona batu dira. Elkarretaratzea amaitu denean, manifestari ugari abiadura handiko tren geltokira joan da. Une honetan, manifestariek hartuta jarrraitzen du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

13:03

Elkarretaratze gehiago egingo dituzte gaur, 18:00etan, udaletxeetako atarietan. ANCk horietan parte hartzera deitu du, baita larunbateko manifestazioan ere.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:53

155.aren aldeko pintaketak agertu dira Tortosan

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:49

Kataluniako herriaren aurkako jazarpenak bere horretan dirauen bitartean protestan jarraituko dutela iragarri du Omniumeko eledun Marcel Maurik.

Bartzelonako Sant Jaume plazako elkarretaratzean egindako adierazpenetan, ANCko presidenteorde Agusti Alcoberrok ohartarazi du preso politikoak aske uztea, autogobernua itzultzea eta Kataluniako Errepublika berrezartzea dela irtenbide bakarra. "Egoera honek guztioi eragiten digu. Katalunia preso dago. Ez dugu espetxea normalizatuko. Gure kontseilarien kartzelatzea umiliazioa da Kataluniako herriarentzat".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:41

Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Sernaren arabera, Katalunian egiten ari diren grebak "erantzun eskasa" izan du; ordea, "kalteak izugarriak" izan dira, eta salatu du zerbitzu publikoei "normaltasunez" aritzea "eragotzi" dietela.

"Badira ekintzak greba egitearekin zerikusirik ez dutenak. Erantzuna oso txikia izan da, baina kalte handia eragin dute, eta horixe nahi zuten gaurko egunez errepideak eta autobideak modu arduragabean itxi dituzten pertsonek".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:39

Bartzelonan ez ezik, Kataluniako hiri eta herri ugaritan ari dira elkarretaratzeak egiten, Generalitateko zortzi kontseilari espetxeratuen eta ANC eta Omniumeko presidenteen askatasuna galdegiteko. Irudietan, Lleidakoa, Tarragonakoa eta Gironakoa:

12:20

Kataluniaren iparraldeko mugetako errepideak ixten hasiko direla iragarri dute Errepublikaren Aldeko Batzordeek.

Goizeko itxialdi gehienak deseginez joango dira.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

12:07

Hasi da elkarretaratzea Bartzelonako Sant Jaume plazan, Generalitateko kontseilari espetxeratuen eta ANC eta Omniumeko presidenteen askatasuna galdegiteko.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:57

Hasi da Sant Jaume plaza betetzen

Elkarretaratzeetara deitu du Taula per la Democracia plataformak 12:00etan, Generalitatearen egoitzen aurrean, eta Kataluniako Gobenuaren egoitza hartzen duen Sant Jaume plaza hasia da betetzen.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:43

Espainiako Polizia ere elkarretaratzeak desegiten ari da, errepideak irekitzeko. Bartzelonako Poblenou auzoan tentsioa izan da, eta "kanpora!" ohiuekin erantzun diete manifestariek.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:31

Barcelona en Comuk oinarriarekin kontsultatuko du PSCrekin duen itunarekin jarraitu ala ez

Barcelona en Comuk oinarri sozialari galdetuko dio Bartzelonako Udala gobernatzeko PSCrekin duen akodioa mantendu ala ez.

PSC konstituzioaren 155. artikulua ezartzearen alde agertu izanak eztabaida piztu du alderdian, eta, ordutik, alderdi independentistek eskari ugari egin dizkiote Ada Colau Bartzelonako alkateari. ERCk eta PDECatek gobernatzen jarraitzeko babesa eskaini diote, PSCrekin hausten badu.

Oinarrien kontsulta egiteko prozesua ostegunetik larunbatera egingo da, eta igandean emango dituzte emaitzak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:21

155a bertan behera geldituko da Generalitate berria osatzen denean

Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena indargabetuta geldituko da abenduaren 21eko hauteskundeen ondoren Kataluniako gobernu berria osatzen denean. Hala adieradi du EFE berri agentziak, Espainiako Gobernuko iturriak aipatuta.

Madrilek Kataluniaren autonomian esku hartzeko neurriak hartu nahiko balitu, berriz abiatu beharko luke 155a aplikatu ahal izateko prozedura.

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ez du argitu gobernuak berriro ere 155a balitauko ote lukeen Generalitate berriak subiranotasun prozesuarekin jarraitzeko erabakia hartuko balu. "Nik espero dudana da abenduaren 21eko hauteskundeek lasaitasun eta normalitate aldia hasteko balio izatea", adierazi du.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

11:18

Espainia "solaskide bakar"

Kataluniaren auzian euren solaskidea Espainiako Gobernua dela berretsi du Belgikako lehen ministro Charles Michelek, eta "irtenbide politiko iraunkor" baten alde egin du. "Ez dago anbiguotasunik. Bide diplomatiko guztietan solaskide bakarra dugu, Madril".

Legebiltzarreko Barne Batzordean egin ditu Michelek adierazpenok. Bertan Kataluniari buruzko eztabaida egiten ari dira.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:01

Izan da mezuren bat bidali duenik mobilizazioen ondorioz trafiko etenaldietan gelditu den jendearentzat: "Ordubete itxaron behar izateak harrapatuta sentiarazten bazaitu, imajinatu hilabetez espetxean egotea zer den".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:57

Unibertsitateetan greba arrakastatsua izaten ari dela adierazi du Unibersiats per la Republica elkarteak.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:49

Estebanek adierazi du behin 155a ezarrita hura berriz aplikatzearen kontrako erresistentzia "txikiagoa" izan daitekeela

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazi du Katalunian konstituzioaren 155. artikulua ezarri izanak "aurrekaria" sortu duela eta, ondorioz, "egoeraren eta gobernatzen ari denaren arabera" errazagoa izan daitekeela neurri bera berriro aplikatzea, "erabaki horrekiko erresistentzia txikiagoa" izan daitekeelako.

Estebanek nabarmendu du Puigdemontek hauteskundeetara deitu izan balu ez litzatekela 155. artikulua ezarriko eta Kataluniako erakundeetan jarraituko luketela Generalitateko kideek. "Gerora, emaitza praktikoa da hauteskundeetara joango garela, eta badirudi Kataluniako alderdi guztiek onartu dutela hasieratik".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:44

Rajoy: "155a eraginkorra da"

Espainiako Kongresuko kontrol saioan egindako agerraldian, gobernuburuak berretsi du 155.a "salbuespen neurri bat" dela eta ez dela "apetaren arabera" ezartzen, "konstituzioa defendatzeko" baizik.

Abenduaren 21eko bozei buruz galdetuta, Mariano Rajoyk adierazi du horiek "testuinguru seguru eta lasaia" eratzeko balioko duten esperantza duela. "Elkarrizketaren alde gaude, baldin eta hori legezkotasunaren barruan egiten bada. Agintariek ezin dute legezkotasun paralelo bat asmatu eta independentzia beren kabuz aldarrikatu".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

10:35

Manifestariek aldirietako tren zerbitzu ugari eten dituzte.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:30

Mobilizazioek eragina izan dute Kataluniako lau hiriburuetako errepideetan: 33 tartetan Bartzelonan, hamazazpitan Lleidan, zazpitan Tarragonan eta lautan Gironan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:21

Belgikako Finantza ministroak "lotsagarri" deritzo Kataluniako Gobernu erdia kartzelan egoteari

Johan Van Overtveldt Belgikako Finantza ministroak Espainiako Estatuaren jarrera kritikatu du, eta "lotsagarri" jo du Espainiako Justiziak Generalitateko zortzi kide espetxeratu izana.

Le Soir egunkariak argitaratu duenez, Overtveldtek adierazi du "ezohiko egoera" dela "herrialde demokratiko batean iritzi politikoengatik jendea espetxean egotea". Haren esanetan, "lotsagarria da jendea espetxeratua izatea bere ikuspuntu politikoarengatik demokrazia batean".

Overtveldt alderdi flandriarreko kidea da, eta haren alderdikide batzuek ere kritikatu egin dute Espainiako Gobernuaren eta Justiziaren jarrera.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

10:06

Bartzelonako sarreretan, auto ilara luzeak eragin dituzte errepide itxierek goizean goiz. Bide batzuk zabaltzen hasiak dira, baina auto ilarak daude oraindik.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:50

Oriol Junquerasek mezua bidali du kartzelatik, sare sozialen bidez, eta gaurko mobilizazioetan era baketsuan joka dezatela eskatu die herritarrei. "Kataluniarrak bakezaleak gara. Gure kausa indarkeriarik gabeko arrazoiarena da. Saia gaitezen beti hala izan dadin. Baita gaur ere".

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:43

Hiriguneetan bakarrik ez, mendialdean ere itxi dituzte bideak. Irudian, Kataluniako Errepublikaren eta Ipar Kataluniaren arteko muga itxita, Puigcerdan.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:39

Garraio publikoan eragiten ari da gaurko mobilizazioa. Bartzelonako Sants tren geltokian joan-etorri gehienak eten dituzte manifestariek.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:29

Kataluniako hainbat hedabidek bat egin dute gaurko lan geldialdiarekin. Besteak beste, TV3ek, Catalunya Radiok, Ara-k eta Vilaweb-ek.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

09:19

Auzitegi Kostituzionala independentzia deklarazioa baliogabetzeko bilduko da gaur

Ezohiko osoko bilkura egingo du gaur Auzitegi Nazionalak, Kataluniako Errepublikaren deklarazioa baliogabetzeko. Espainiako Gobernuak galdegin du deklarazioaren baliogabetzea. Auzitegi Konstituzionalak aurretik baliogabetua zuen urriaren 10ean Kataluniako Parlamentuak egin zuen saioa, eta, ondorioz, saio horretan hartutako erabakiak ere baliogabetuak zituen, baina deklarazioa bera indargabetuko du gaur, espresuki.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi

08:57

Hainbat errepide eta trenbide itxi dituzte manifestariek, gaurko greba deialdiari eta "geldialdi nazionalari" erantzunez. Besteak beste, Gironako abiadura handiko trenaren geltokia hartu dute grebalariek.

Gorka Berasategi Otamendi

Gorka Berasategi Otamendi


Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Urkullu lehendakaria. ©Irekia

Lehen kasutik «ahalegin handia» egin zutela esan du Urkulluk

Berria

Urtarrilaren 22tik otsailaren 28ra –lehen kasua agertu zen eguna– «ahalegin handia» egin zutela esan du Urkulluk, «prestatzeko eta koordinatzeko». Batez beste %9tik gora handitu da langabezia Hego Euskal Herrian. Nafarroako datua nabarmentzeka da: %9,96 handitu da herrialdean, eta, ondorioz, 3.600 langabe gehiago daude.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean ©Jon Urbe (Foku)

Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

Jokin Sagarzazu

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzan eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuetan «kolapso egoeran» daudela. Materiala bermatzeko eskatu dio ELAk EAEko Auzitegi Nagusiari.

Markel Olano, ere gobernukide batzuekin batzuekin, alkateekin izandako bilra telematikoan ©GFA

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna