"Elkarrekin joango gara askatasunean"

Generalitateko buruak eta harekin batera Bruselan dauden lau kontseilariek gutun irekia bidali diete Kataluniako herritarrei.

Puigdemont eta kontseilariak, Kataluniako alkateek Bruselan egindako elkarretaratzean. STEPHANIE LECOCQ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2017ko azaroaren 9a
12:51
Entzun

"Testuinguru demokratikoan irudika ezina den egoera bati egin behar diogu aurre", esanez hasten da Carles Puigdemontek, Toni Cominek, Meritxell Serretek, Clara Ponsatik eta Lluis Puigek sinatu duten idatzia, eta gogora ekartzen du herritarrek emandako konfiantzarekiko "leial izateagatik" preso daudela gobernuko presidenteordea eta zazpi kontseilari, erbestean gobernuburua eta lau kontseilari, eta espetxeratuak izateko arriskuan parlamentuko mahaiko kideak. "Demokrazia hilik, independentzia hilda, horixe da estatuaren estrategia irrigarria".

Gobernuko kideen arabera, azken asteetako gertakariek berresten dute Espainiako Gobernuak ez duela ulertu nola funtzionatzen duen XXI. mendeak. "Akats larria da pentsatzea errepresioa dela bidea katalanen zati handi batek bere helburu zilegiak alde batera utz ditzan. Ekonomikoki ito gaitzakete, baina ez dute lortuko herri europar baten potentzia [...]. Umiliatu [...] eta gorrotoan oinarritutako kontakizuna bultza dezakete, baina ez dute eroraraziko gure demokrazia gosea".

Idatzian lasaitasuna eta pazientzia eskatzen diete herritarrei; era berean, aitortu dute datozen egun eta asteak ez direla errazak izango, eta ohartarazi dute indarkerian erortzeak borroka galtzea esan nahi duela. Hala, aurrera begirako bi helburu nagusi zehazten dituzte gobernuko kideek: "demokrazia berreskuratzea" abenduaren 21eko bozak irabazita, eta Espainiako Estatuak bahituak dituen preso politikoen askatasuna lortzea.

Larunbateko manifestaziora joateko eskatuz amaitu dute gutuna Generalitateko ordezkariek: "Berreskura dezagun askatasuna larunbat honetan Bartzelonan egingo den manifestazio erraldoian eta estatuak abenduaren 21ean inposatu duen hauteskunde erronkan. Eta hurrengo egunean jarrai dezagun elkarrekin oinez, askatasunean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.