Katixa Ospital

“Ehiztari haragizaleak bagina, aspalditik utzia genuke”

Usoak sareetan harrapatzeko teknika txikitik ezagutzen du Ospitalek. Familiak biziberritu zuen Urepeleko usategian ikasi zuen ehiza hori aitarekin, eta orain bere haurrei irakasten die.

Joanes Etxebarria.
2017ko azaroaren 11
16:13
Entzun

Emazte ehiztari bat ez da ohikoa, baina, Urepeleko usategian, bat baino gehiago dira xatarrak zaflaka baliatzen, egurrak botatzen ala usoak sareetan biltzen. Katixa Ospitalen arra aitatxi eta aitatxiren garaietan, denboraldiko 3.000 eta 4.000 uso harrapatzen zituzten sareetan. Gaur egun, 300 uso biltzea da normalena.

Nola hasi zinen ehizan?

Txikiak ginenean, haur andana bat ginen, eta harrabots anitz egiten genuen mendi lepoan, sareak diren tokian, zinez lasai egon behar den gunean. Igorri gintuzten xatar postuetara, bertan arrabotsa egiten ahal baita. Usoak eta ehiztariak ikusiz hasi nintzen xatarra erabiltzen eta gustua hartzen.

Leku hau zure familiari lotua da.

1906an, nire arra aitatxiak eta herritar batzuek erabaki zuten ehiza hau berriz abiatzea, aitzinetik izan baitzen, baina ez zuen funtzionatu. Orduz geroztik, teknika, pasioa eta ehiza honen maitasuna belaunaldiz belaunaldi transmititu dira. Nire aitatxiren belaunaldian, bere anai-arrebekin ari zen, ehiza honetan urteak baitira emazteak ari direla. Belaunaldi horrek nire aitari, haren lehengusuei, haiek guri eta guk gure haurrei transmititzen diegu.

Zuretzat ez da bitxia, baina emazte ehiztariak ez zarete anitz.

Ez da emazte asko, ez. Baina hemen berezia da; ez gara eskopetekin ari. Beharbada, armarik ez ukaitea errazago da emazteentzat. Ez dira saretegi asko ere emazteak dituztenak taldeetan. Hemen familia istorio bat da, eta ibarreko emazteak ere beti izan dira.

Onartzen zaituzte?

Bai, talde bat garelako. Ez da sekula diferentziarik izan gizonen eta emazteen artean, ezta elkartearen lehendakaritza hartu nuenean ere. Hemen, emazte, gizon edo haur, denak elkarrekin ari gara.

Irakaslea zara. Urtero bakantzak garai hauetan dituzu?

Familian ere hobesten dugu hori. Taldean badira Urepele edo Esnazuko herritarrak, gehienik laborariak, eta haientzat jarduera apaleko garaia izaten da.

Ibar berean anitz eskopetekin ari dira; horrek zer ondorio du?

Horri egokitu behar dugula. Onartu behar dugu landu ditzakegun uso saldo gutxiago sartzen direla sareen eremura. Saldoei tiro egiten zaie Baigorritik edo aitzinetik ere, usoak gorago doaz, ezker-eskuin, eta duela 30 edo 40 urte baino anitzez zailagoa da ehiza Alduden. Guk hartzen ditugunak eskopetei ihes egiten dietenak dira. Pazientzia hartu behar da, eta erresistentzia egin.

Tiroak ez dira arautzen?

Badira ehizako arauak, baina azken urteetan tiro postuak areagotu izanak ez du araurik ekarri. Ondorioa ez da soilik sareetan ari garenentzat, ibarreko beste ehiztarientzat ere hala da, denak trabatzen garelako. Hori hala da, ezin zaio deus egin.

Elkarrizketa osoa, Iparraldeko Hitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.