Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Arabako Aldundiak "etorkizunera begiratzeko" aurrekontua aurkeztu du

Publizitatea

Ekonomia

Finantza publikoak

Arabako Aldundiak "etorkizunera begiratzeko" aurrekontua aurkeztu du

Zerga erreformaren bidez 18 milioi euro gehiago bilduko lirateke, Ogasun departamentuaren arabera, ia guztia sozietate zergan.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Jose Luis Cimiano Ogasun ahalduna, aurtengo aurrekontuak iaz aurkeztu zituztenean.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Jose Luis Cimiano Ogasun ahalduna, aurtengo aurrekontuak iaz aurkeztu zituztenean. Jaizki Fontaneda / Argazki Press

2017-11-14 / Ivan Santamaria

Arabako foru gobernuak gaur onartu du heldu den urterako aurrekontu proiektua. Aurkezpenean, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ziurtatu du ikuspuntua aldatzeko unea dela, herrialdean "susperraldia finkatu delako", eta, hori dela eta, beharrezkotzat jo du "inbertsio ziklo berri bat abiatzea".

Aldundiaren aurrekontu globalak 2.463 milioi izango ditu, aurtengoak baino %5,5 gehiago. Gutxiago haziko da erakunde ezberdinekin dituen konpromisoak kitatu ondoren foru gobernuari gastatzeko geratuko zaiona. Orotara, 481 milioi izango ditu eskura, aurten baino ia %3 gehiago. Dirutan, 13,7 milioi euro gehiago dira.

Gonzalezek gastu sozialari "lehentasuna" eman zaiola azaldu du, baina inbertsioak sustatzeko ahalegina azpimarratu nahi izan du. Aldundiak 96,5 milioi inbertitzea aurreikusi du, aurten baino %4,7 gehiago. Errepideak eta bide azpiegiturak finantzatzeko 41,5 milioi egongo dira, azken urteotan "diru gutxiegi" jaso duten esparruak.

Politika sozialari dagokionez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 200 milioitik gora izango ditu, lehen aldiz azken zazpi urteetan. Aurrekontu propioaren %48,7 gastu sozialerako da. Horrekin batera, udalerriei emandako baldintzarik gabeko finantzaketa %3,7 haziko da. Baliabideen %57 banatuko zaizkie, foru gobernuak eta EH Billduk ekarpena %0,5 handitzeko lortu zuten akordioari jarraituz.

EAJk eta PSE-EEk kontuak onartu ahal izateko bazkide bat bilatu beharko dute orain. Aurreko bi proiektuak EH BIlduren botoei esker aurrera atera zituzten. Oraingo honetan, koalizio abertzaleak eta PPk aurretiazko baldintza gisa ezarri dute zerga erreforman ados jartzea. Bi negoziazioak banatzea eta "trukerako txanpona ez bihurtzea" eskatu du ahaldun nagusiak, ordea. "Arabak konpondu beharreko gauza garrantzitsuak ditu, eta aldundiaren aurrekontuak badu nahikoa garrantzi izaera politikoko beste kontu batzuen menpe ez geratzeko", adierazi du, eta ohartarazi du Arabako gizarteak ez lukeela ulertuko horrela jokatzea.

Zerga erreforma, onartuta

Aldundiak gaur onartu du orain dela bi aste EAJk eta PSE-EEk hainbat zerga moldatzeko lortu zuten akordioa foru arau gisa tramitatzeko erabakia. Jose Luis Cimiano Ogasun ahaldunaren arabera, zerga bilketa 18 milioi euro handituko lukete moldaketan ezarritako neurriek. Batez ere, sozietate zergaren ekarpenean nabarituko litzateke egoera. Aurreko urteotako galerak konpentsatzeko aukera mugatzea aurreikusten du proiektuak, eta hori litzateke bilketa handitzeko bide nagusia. Edonola ere, erreforma heldu den urtean indarrean sartuko balitz, 2019. urteko bilketan islatuko litzateke hazkundea, lehen aldiz. Aurrekontuarekin bezala, erreforma lege bihurtzeko aldundiak EH Bilduren edo PPren aldeko botoa lortu beharko luke.

Publizitatea

Sortu kontua
Ivan Santamaria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak