Kontseilua

Hizkuntza politika "birpentsatzeko" deia egin du Kontseiluak

Ezohiko ekitaldia egin du Kontseiluak, dozenaka erakunde eta eragileren aurrean. Urteak euskararen arloan emandakoaren errepasoa egin du, eta aurrera begirako erronkak aztertu. "Instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatea" eskatu du, besteak beste.

Kontseiluaren agerraldia, goizean, hainbat eragileren aurrean. /
Kontseiluaren agerraldia, goizean, hainbat eragileren aurrean. / Andoni Canellada/Argazki Press

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko azaroak 16

Ekitaldi zabala egin dute Donostian. Euskalgintzako dozenaka eragile bildu dituzte aurkezpenean. Erakundeetakoak ere bai; han izan dira, besteak beste, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. EAJko eta EH Bilduko ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

Zer aztertua eman du urteak euskararen biziberritzeari dagokionez. Batetik, ikerketa ugariren datuak argitaratu dituzte; besteak beste, inkesta soziolinguistikoa eta kaleko erabileraren neurketa. Horiek aztertuta, Kontseiluak ohartarazi du haurretan eta gazteetan izaten ari den aurrerabidea talka egiten ari dela "kristalezko sabai" batekin: helduen artean gehiengoa direla erdaldunak, gizartearen funtzionamendua erdarazkoa dela, eta hor aurrera egin ezinda daudela belaunaldi horiek. Horren eskutik, ikasitako babesgabetasuna kontzeptua aipatu dute: "Euskaraz hitz egiteko ahalegina egin eta lortu ez duenak, estresaz harago, egoera sozialera egokitzeko jokabidea izango du". Bestetik, euskara erabiltzekotan, erosotasuna behar dela nabarmendu dute: bai gaitasunari dagokionez —belaunaldi berrietan, gehienak errazago moldatzen dira erdaraz—, bai inguruari dagokionez —euskaldun gehienak eremu erdaldunagoetan bizi dira—.

Datozen hilabeteetan ere izango dira berritasunak. Adibidez, Eusko Jaurlaritza administrazioetako dekretua aztertzen ari da, eta Kontseiluak ohartarazi du datozen urteak "giltzarri" direla erakundeetan, langile ordezkapen handia izango delako, erretiroen ondorioz. "Administrazioa euskalduntzeko prozesuan une estrategikoan gaude". Hain justu, Nafarroako Gobernuak atzo onartu zuen administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretua. Aldaketa gehiago ere badira mahai gainean: Nafarroan euskararen lege berria aztertzeko batzordea, Euskal Elkargoaren sorrera, Eusko Legebiltzarreko autogobernu batzordea...

Gizarte ekimenari dagokionez, bi urrats nabarmen aipatu dituzte. Batetik, 20. Korrika, eta bereziki Santiago zubiko kilometroa, non euskalgintzako eragileetako ordezkariek eta instituzioetakoek elkarrekin egin zuten lasterka. Bestetik, Euskarak 365 ildoa, Euskaltzaleen Topagunearen eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik taxutzen ari direla, herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, jada hainbat herritan egin duten eran.

Horiek aipatuta, aurrera begirako ildoak aurkeztu ditu Kontseiluak. Hona gogoeta nagusiak:

1. Herritarren aktibazioa. Gizarte erakundeen "berritzeko eta eraberritzeko gaitasuna" nabarmendu dute, Korrika eta Euskarak 365 adibidetzat jarrita. Hala ere, ohar bat: "Ezin da normalizazio prozesuaren zama herritarren edo gizarte mugimenduren bizkar soilik utzi. Hizkuntza politikari lotutako zutabeek sendotu, bultzatu eta lagundu behar dute bide hori".

2. Harremanak. Nafarroan sumatu dituzte berritasun handienak, gobernuko aldaketaren eskutik. "Euskalgintzak eragiten segitu beharko du gobernuak politika aurrerakoiak garatuko baditu". Euskal Elkargoarekin "aukera berriak" ireki izana ere nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, azken urteetan ez dute "berrikuntza" handirik sumatu politiketan. Jarreretan bai orain: "Lankidetza berrietarako aukeren atea zabaltzen ari den seinaleak ikusten ari dira".

3. Azterketak. "Zenbait argi gorri piztu dira, eta esan genezake orain arteko hizkuntza politikek goia jo dutela". Inkesta soziolinguistikoa eta kaleko erabileraren neurketa aipatu dituzte. "Hizkuntza politiken sakoneko berrikuspena egin beharra ikusten dugu. Hizkuntza politikak birpentsatu behar ditugu". Horretarako, zeharkakotasuna eskatu dute politiketan, eta elkarrekin aritzea. "Bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza politika abian jartzeko".

4. Eskubideak. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zuten iazko abenduan Donostian, eta haren eskutik, Kaiera egiten ari dira orain, Euskal Herrian protokolo hori ezartzeko. 2018an aurkeztuko dute, eta "mugarri" izatea nahi du Kontseiluak. Hainbat gizarte eragilerekin ari dira kaiera taxutzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna