Ipuin liburu berria kaleratu du Eider Rodriguezek: 'Bihotz handiegia'

Sei kontakizunekin osatu du idazleak bere laugarren narrazio liburua.

Eider Rodriguez, gaur, Donostian.
Eider Rodriguez, gaur, Donostian. Gorka Rubio / Argazki Press

Itziar Ugarte Irizar -

2017ko azaroak 16

Sei istorioen artean "azalean behintzat" ez dagoela loturarik adierazi du Rodriguezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1977), gaur Donostian egindako aurkezpenean. Seiak Euskal Herrian kokatuta daude, Hendaia eta Donostia bitarteko espazioan, hain zuzen. Alde horretatik, muga ipuin bildumako konstante bat dela azaldu du. Ez gai bezala, ezpada "zeharkako elementu" baten gisan. Eta ez bakarrik muga geografikoa, baita bizitzaren eta heriotzaren arteko muga, arrazoien eta emozioen arteko muga, maitasunaren ahalaren muga, eta beste hainbeste. Muga "arroztasunarekin" lotzen du idazleak, eta, hala, ipuin bildumak "arroztasunaren eta egunerokotasun egunerokoenaren arteko talka" jasotzen duela aurreratu du.

Lehendabiziko ipuinak eta liburuko luzeena denak ematen dio izenburua liburuari, zeinean emakume bat bere senar ohia zaindu beharrean den, alabak hala eskatuta. Kolpetik heriotzak inguratuko du emakumea eta horrek bestela egiten eta pentsatzen ez zituenak egitera eramango du. "Mugak ere badakar gure nortasun eta izateko maneraren ezaugarri bat, dela aldakortasuna. Identitate bat zeina ari den etengabe mugitzen, aldatzen, zabaltzen, estutzen, eta alde horretatik iruditzen zait muga oso interesgarria izan daitekeela besteari begiratzeko".

Aurretik beste hiru narrazio liburu ditu kalean Rodriguezek: Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) eta Katu jendea (Elkar, 2010 ).

Ohi duenez, sarean zintzilikatu du liburu osoa Susa argitaletxeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna