AUZITEGIAK

Birtxiokatzea ere delitu

Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epai baten arabera, Twitterren "ETAren aldeko mezuak edo irudiak birtxiokatzea" ere "terrorismoari gorazarre" egitea izan liteke.

Guardia Zibilak operazio ugari egin ditu azken urteotan, ustez sarean ETA goratzearen aurka.
Guardia Zibilak operazio ugari egin ditu azken urteotan, ustez sarean ETA goratzearen aurka. / BERRIA

Jon O. Urain -

2017ko azaroak 16

Auzitegi Gorenaren II. Aretoak eman du ebazpena; horren arabera, sare sozialetan "ETA babesteko edo terroristak omentzeko mezuak edo irudiak birtxiokatzea" delitu izan liteke, "terrorismoa goratzeko" ez baita beharrezkoa "akusatuak mezua eta irudia berezkotzat jotzea edo argudiatzea", ezta mezuaren "sortzailea" izatea ere: "Nahikoa da modu batera edo bestera mezura iristea eta hari publizitatea ematea, mezua pertsona kopuru handi batengana zabalduta".

Urte eta erdiko zigorra ezarri diote zigortuari. 2014 eta 2015 artean bideo batzuk zabaltzea egotzita zigortu dute. Auzipetuak argudiatu zuen hark zabaldutako irudiak eta bideoak ez zirela berak sortutakoak, eta aurretik ere sarean zeudela.

Besteak beste, Josu Uribetxebarria presoa zenaren argazki bat mezu batekin zabaltzea leporatu diote: "Argazki jakin batzuk zabaltzea, mezu bat erantsita, haren jokabidearen goraipamentzat" jotzen du auzitegiak. Areago, epaileak dio besterik gabe "agur eta ohore" esamoldea idaztea ez litzatekeela nahikoa delitu izateko, baina hura "ETAko kide baten omenaldiaren bideo batekin" zabalduta, ordea, bai.

Akusatuak argudiatu zuen adierazpen askatasunaren barnean kokatzen direla zabaldutako mezuak, baina auzitegiak ebatzi du "terrorismo ekintzen edo beren egileen goraipamena" ez dagoela adierazpen askatasunaren barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna