Italia

Siziliako mafiako buru Toto Riina hil da

Bizi guztiko 26 kartzela zigor zituen, hainbat hilketaren erantzule izatea egotzita, besteak beste, Giovanni Falcone eta Paolo Borselino epaileena.

Falcone epailearen aurkako atentatua. Riinari egozten dioten ehundik gora hilketetako bat da. STR
2017ko azaroaren 17a
19:33
Entzun

Minbizia zuen Salvatore Riina Toto-k, eta azken egunak, Corleonen, jaioterrian egiteko baimena eskatu zuen. Gorenak arrazoi eman zion, esanez "duintasunez hiltzeko eskubidea" zuela. Ordea, Boloniako Kartzelen Zaintzarako Auzitegiak ukatu egin zion eskaera, argudiatuz kartzelan jasotzen zuen osasun zerbitzua "kanpokoa bezain ona" zela.

Italiako mafiako buru gorena izandakoari ehundik gora hilketa egozten zizkioten, batzuek berak egindakoak eta bestetzuek agindutakoak. Azken horien artean dago Giovanni Falcone epailearena, 1992an. Siziliako mafiaren aurkako hainbat prozesu zuzentzeagaik zen ezagun Falcone, baina urte hartako maiatzean bonba bat zartarazi zuten haren autoan; epailea eta emazte Francesca Morvillo —hura ere magistratua— hil ziren. Eztandan bikotearen hiru bizkartzain ere hil ziren.

Riinak 23 urte egin zituen ihesean, 1993an atzeman zuten arte. Aspaldian gaixo egon arren, medikuek zioten "burua argi" zuela, eta duela hilabete batzuk Riinak berak aitortu zuen ez zela ezertaz damutzen: "Inoiz ez naute menderatuko; 3.000 urteko kartzela zigorra ezartzen badidate ere". Hortik mafiaren aurkako fiskaltzak uste izatea Cosa Nostra zuzentzen jarraitzen zuela, espetxean egon arren.

Botika bidez eragindako koma egoeran egin ditu Riinak azken egunak. Giltzurruneko minbizia zuen, baina horretaz gain bihotzeko arazoak eta parkinsona ere bazituen. Horiek hala, Parmako erietxe bateko presoentzako geletako batean zegoen, eta bisitak jasotzeko baimen berezia eman zieten haren gertukoei.

Krudelkerigatik ezagun

1930ean jaio zen, Corleone herrian; Piztia ezizena jarri zioten, egindako eta agindutako hilketen krudelkeriagatik. 13 urte zituela hil zioten aita, eta 19rekin sartu zen Cosa Nostra-n. 1970ean hartu zuen Siziliako mafiaren buruzagitza. 1993an haren atxiloketa salatzeko hainbat bonba jarri zituzten Erroman, Milanen eta Florentzian, eta gutxienez hamar pertsona hil.

Atxilotua izan eta gero ere aginduak ematen jarraitu zuen. Hari egozten diote 13 urteko mutil bat bahitzeko agindu izana, haren aitak mafiari buruzko informaziorik eman ez zezan. Mutila ito egin zuten, eta haren gorpua azidoarekin desegin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.