"Hildakoak izango zirela ohartarazi ziguten"

Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak salatu du mehatxuak jaso zituztela Madrildik, baina ez du zehaztu norengandik heldu zitzaizkien. Maria Dolores de Cospedal Espainiako Defentsa ministroak adierazi du "guztiz faltsuak" direla Roviraren esanak.

ERCko idazkari nagusi Marta Rovira, asteartean, Bruselan. MONICA FARO, EFE
2017ko azaroaren 17a
20:08
Entzun

"Odola isuriko zela esan ziguten, eta gelditu egin behar genuela, orduan ez zutelako zalantzarik egingo, eta ez zirela gomazko pilotak izango, irmo jokatuko zutela", salatu du ERCko idazkari nagusiak. Marta Rovirak, izenik eman ez duen arren, nabarmendu du Generalitateko presidenteak eta presidenteordeak ziurtatu ziotela "egiaztatutako iturrietatik" jakin zutela Espainiako armadak Gironan zuen base militar bateko arma biltegietan "mugimenduak" izan zirela.

Rovirak aitortu du mahai gainean jarri zutela erreferenduma bertan behera uzteko aukera ere, eta hala jakinarazi ziotela hauteskunde batzordeari, baina haiek erantzun zietela esanez herritarrek bozkatu egin nahi zutela.

Bestetik, abenduko hauteskundeen ostean, Puigdemont eta beste kontseilariak parlamentura joan ezingo balira, ERCk ez du baztertzen "gobernu zilegiaren aginduak beteko lituzkeen gobernu berri bat" osatzeko aukera. Alde horretatik, azken hitza herritarrek dutela nabarmendu du Rovirak, "errepublika eratzeko proiektu desberdinak daudelako".

Madrilek gezurtatu egin du

Maria Dolores de Cospedalek gezurretan aritzea leporatu dio ERCko idazkari nagusiari. "Ez ditzaleta herritarrak gehiago engainatu", adierazi du. "Berak esan du [Kataluniaren independentzia deklarazioa] ez zela egin, eta duela egun batzuk egin zela zioten. Ez dakit noiz ari zen gezurretan, orduan ala orain, edo nor engainatu nahi dituzten, kataluniarrak ala espainiarrak".

Rovirak Cospedalen hitz horiei erantzun die Twitterreko bere kontuaren bidez. "Zein gezurrez ari dira?", galdetu du ERCko hautagaiak, eta Cospedalen adierazpen batzuei egin die erreferentzia. Adierazpen horietan Cospedalek nabarmendu zuen Espainiako armadak estatuaren batasuna eta ordena konstituzionala bermatzeko beharra duela.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuaren bozeramaileak ere Roviraren aurka egin du, eta hark salatutakoa "gezur baldarra" dela ziurtatu du. Mendez de Vigok kataluniarrei eskatu die "sistematikoki gezurretan" aritzen direnak gogoan hartzeko. "Agintari sezesionistak gezurretan aritzera ohituta daude. Prozesuak kalte ekonomikorik ez zuela izango esan zuten, Europak babestuko zuela, estatu egiturak prestatuak zituztela... Gezurra gezurraren atzetik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.