Luis Navajasek ordezkatuko du Maza, behin-behinean

Argentinako hiriburuko ospitale batean hil zen atzo Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusia. Azken hilabeteetan gogor egin du Kataluniako prozesu subiranistan parte hartu dutenen kontra.

Jose Manuel Maza, Espainiako fiskal nagusia, artxiboko argazkian. ANGEL DIAZ, EFE
2017ko azaroaren 19a
15:53
Entzun

Luis Navajas Espainiako Auzitegi Goreneko fiskal tenienteak ordezkatuko du Jose Manuel Maza Fiskal Nagusi postuan, horretarako behin betiko pertsona aukeratu bitartean. Hala zehaztuta dago Fiskaltzaren estatutuetan. Orain, erregeari dagokio Fiskal Nagusi berria aukeratzea. CGPJ Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren eta Kongresuko Justizia Batzordearen aholkuak entzun ostean, Ministroen Kontseiluak proposatuko dio hari nor izendatu. 

Herenegun ospitaleratu zuten Maza, infekzio baten ondorioz, eta atzo hil zen, Espainako Justizia ministroak jakinarazi zuenez. Oso gertukoak ziren biak. Biltzar batean parte hartzera joana zen Argentinara. Korronte kontserbadoreko fiskaltzat jotzen zuten.

Madrilen jaioa zen, 1951. urtean, eta Auzitegi Gorenetik iritsi zen Espainiako Fiskaltzara. 1975ean hasi zuen ibilbide judiziala, eta 1978an fiskaltzakoa. Duela urtebete baino gutxiago hartu zuen fiskal nagusiaren kargua, 2016ko azaroaren 29an. Tarte horretan, baina, Kataluniako prozesuan parte hartu dutenen aurka nabarmendu da, Generalitateko eta Parlamentuko Mahaiko kideen aurkako kereilak aurkeztuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.