Espetxeratzea

Martuteneko espetxean sartu dute Pasaiako alkate ohia

Amaia Agirregabiriari bi urte eta erdiko zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiak, trafiko istilu baten harira. Atzo kartzeletu zuten, eta herritar ugarik agurra egin zioten igandean, Pasaian.

Pasaiko hamanaka herritar, igandean, Amaia Agirregabiria alkate ohiari babesa adierazteko ekitaldian,hura espetxean sartu aurreko egunean. /
Pasaiko hamanaka herritar, igandean, Amaia Agirregabiria alkate ohiari babesa adierazteko ekitaldian,hura espetxean sartu aurreko egunean. / Oarsoaldeko Hitza

Berria -

2017ko azaroak 21

Herritar baten eta udaltzain batzuen arteko liskarrean esku hartu zuen Pasaiako alkate ohiak 2013. urtean. Lau urte geroago, udaltzain berberek salatuta, bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiak. Urte hartan Agirregabiriaren idazkari zen Iker Rokandiori ere zigor bera ezarri zioten, eta hark Zaballako espetxean sartu beharko du laster.

Alkate ohiak sare sozialen bidez jakinarazi zuen atzo espetxean sartzekoa zela, eta eskertu egin ditu orain arte jaso dituen "babes eta maitasun" keinu guztiak. "Indartsu gaude, indartsu goaz, eta indartsu itzuliko gara", adierazi du.

Pasaiako bizilagun askorentzat erabakia ulertezina da, eta, Agirregabiriari eta Rokandiori babesa adierazteko, hainbat babes ekintza egin dituzte. Igandean, Pasaian agurtu zuten Agirregabiria. Han elkartutako herritarrek Agirregabiriari eta Rokandori ezarritako zigorra "bidegabea" dela salatu dute, eta hirugarren gradua eskatu dute bientzat.

Agirregabiria EH Bilduko ordezkari gisa izan zen Pasaiako alkate, eta koalizioak babesa adierazi die hari eta Rokandiori. "Sinetsita gaude bere jardun publikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela, eta irizpide izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan", adierazi du EH Bilduk ohar bidez.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna