Bederatzi puntu adostu dituzte ERCk eta Junts Per Catalunyak, aldebakartasuna mugatuta

Oriol Junquerasen eta Carles Puigdemonten hautagaitzek CUPen babesa lortu nahi dute orain, hauteskundeetara norbera bere programarekin, baina bederatzi puntu berdinekin aurkezteko. CUPek aldebakarreko bideari eusteko eskatu die, ordea, eta ez dute horrelakorik adostuta beste bi alderdiek.

Hilaren 11n egindako manifestazioaren irudi bat. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
2017ko azaroaren 22a
23:37
Entzun

Abenduaren 21ean egingo dituzte Katalunian hauteskundeak, eta independentziaren aldeko alderdiak ez dira elkarrekin aurkeztuko azkenean. Alderdiek norbere programarekin aurkeztea hobetsi dute, baina, guztien programetan jarri nahi dituzte adostutako puntu batzuk.

ERCk eta Junts Per Catalunyak (JPC) bederatzi puntu adostu dituzte, eta orain, CUPek ere haiekin bat egitea nahi dute. Hala jakinarazi du Nacio Digital-ek. CUPek, ordea, zehaztasun handiagoa eskatu die beste bi alderdiei, eta ohartarazi du aldebakarreko bidea dela independentziarako aukera bakarra.

Nacio Digital kazetaren arabera, elkarrizketen hasieran hiruzpalau puntu adostu nahi zituzten, aldarrikapen taula gisako bat. Baina azkenean bederatzi puntutan zehaztu dituzte adostasunak ERCk eta JPCk. Oraindik hobeto zehazteko daudela eta CUPekin negoziatutakoen arabera aldaketak gerta daitezkeela ñabartu du kazeta horrek berak.

Dokumentuaren lehen puntuek oinarrizko eskakizunak dituzte: presoak askatzea, poliziek alde egitea, 155. artikulua baliogabetzea, instituzioak defenditzea, Kataluniako eskola eredua defenditzea, prozesu judizialak baliogabetzea...

Anbiguotasunerako eta eztabaidarako mami gehiago izango dute azkeneko bi puntuek, eta horietan diferentzia edo errezelo gehiago izango dituzte CUPeko kideek seguru asko. Batetik, zortziarren puntuak dio abenduaren 21aren ondotik "herri akordio handi bat" bideratu nahi dutela ERCk eta JPCk, prozesu eratzaile gisako bat alegia, baina "autodeterminazio eskubidea erabiltzea" jarri diote prozesu horri helburuan, ez errepublikaren deklarazioa indarrean jartzea. CUPek esana du beste galdeketa bat egiteak ez duela dagoeneko zentzurik, urriaren 1ean egin zuelako Kataluniak hori.

Bestetik, bederatzigarren puntuak aipatzen du aldebiko negoziazio bat hasi behar dela "Espainiako Estatuarekin", Europako Batasunaren zaintzapean edo laguntzarekin. Negoziazio horren helburua bai izango litzateke independentzia deklarazioa Madrilekin negoziatzea, "Errepublika Katalana modu eraginkor eta baketsuan artikulatzeko". CUPek gaur bertan defenditu duen aldebakarreko bidearen aurkakoa litzateke, itxura batean, puntu hori.

Hauek dira, laburtuta, ERCk eta JPCk adostutako bederatzi puntuak:

1. "Preso politikoen" askatasuna eskatzea, Kataluniara bidaliko polizia indarrak erretiratzea eta "presio polizial eta judiziala" bukatzea.

2. Urriaren 1eko polizia indarkeriaren arduradunek beren erantzunkizuna onartzea, eta deialdi haren ondorioz zein 2014ko azaroaren 9ko kontsultaren ondorioz hasitako prozesu penal eta administratiboak bertan behera uztea.

3. 155. artikuluaren ezarpena eta Kataluniako Generalitatearen finantzen esku hartzea bukatzea, eta Kataluniako instituzioak defenditzea.

4. Espainiako Gobernuari eskatzea onartzeko eta bere gain hartzeko abenduaren 21eko hauteskundeen emaitzak, "edonolakoak direla ere", nazioarteko komunitatearen aurrean. Parlamentuak eta Gobernuak erabakitako akordio eta dekretuen kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako salaketak atzera botatzea ere bai.

5. Europako Batasunari eskatzea zaintzeko Kataluniako herritarren eskubideak.

6. "Kataluniako ekonomiaren aurka Espainiako Gobernuak gidatu duen kanpainak" eragindako kalteei kontra egitea.

7. Eskola katalana defenditzea "estatuaren esku hartzeetatik".

8. "Herri akordio handi bat sustatzea, borondate demokratikoa eta eratzailea izango duena, eta parte hartzeko moduetan oinarrituko den eztabaida eta erabaki tresnen bidez oraindik eta gehiago zabaltzea herritarren gehiengo zabal bat, Kataluniak erabakitzeko eskubidea libreki erabiltzeko nahia duena".

9. "Espainiako Estatuarekin negoziazio bat lortzea, eta baita Europako Batasunarekin ere —nazioarteko zuzenbide subjektu den heinean—, eta horretatik abiatuta, Parlamentuak eta Gobernuak inolako errenuntziarik egin gabe aldez aurretik, posible egitea Kataluniak independentzia erabatekoa eskuratu ahal izatea eta Errepublika Katalana modu eraginkor eta baketsuan artikulatu ahal izatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.