Serbia

Bizi guztiko espetxealdia ezarri diote Mladici

Askorentzat "gerrako heroia" da oraindik ere buruzagi militar ohia. Azken epaia amanda, urte amaieran desegingo dute Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegia.

Biktimen senideek protesta egindute Hagan. BAS CZERWINSKI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2017ko azaroaren 22a
16:32
Entzun

Gerra krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta Srebrenicako genozidioaren erantzule izatea egozten zioten Bosniako Serbiarren buruzagi izandakoari. Haren aurkako 11 salaketetaik hamar ontzat eman dituzte epaileek, eta bizi osorako kartzela zigorra ezarri diote gaur oraindik askorentzat "heroia" denari. Helegitea jarriko duela iragarri du Mladicek.

Auzitegiko buru Alphons Orieren arabera, "musulmanik gabeko lurraldea" eraikitzea zen Mladicen asmoa, eta horretarako "egitasmo kriminal bat" jarri zuen martxan, Sarajevoko herritarrak izutzea helburu zuena. Bosniako hiriburua setiatuta eduki zuten 1992ko maiatzetik 1995eko azarora bitartean.

Aurrez aipatutako krimenez gain, pertsekuzioa, deuseztatzea eta hilketa, deportazioa eta gizatasunaren aurkako ekintzak, zibilen artean beldurra sortzeko kanpaina, tratu krudela eta gizatasunik gabekoa eta zibilak erasotzea eta bahiketak ere egotzi dizkiote Mladici.

Mladic 2011ko maiatzean atxilotu zuten, hamar urte luzez ihesean eta ezkutuan bizi ostean. Haren abokatuek osasun arazoak argudiatu izan dituzte epaiketa atzeratu eta zigorra saihesteko. Baina ez dira bakarrak izan. Bosniako Serbiar Errepublikako presidente Milorad Dodikek behin baino gehiagotan esan izan du ez luketela buruzagi ohia zigortu behar, "patriota gisa" jokatu zuelako, eta ohartarazi zuen zigor batek haren inguko "mitoa" handituko lukeela.

Bosnian, 1992 eta 1995 bitartean izan zen gerra; 100.000 pertsona hil ziren, eta 1,8 milioik ihes egin behar izan zuten. Gertatutako sarraskien artean larrienetako bat da Srebrenicako genozidioa, non 8.000 musulman hil zituzten. Hain zuzen ere, Bosniako serbiarren buru izandako Radovan Karadzici 40 urteko kartzela zigorra jarri zioten iazko martxoan, Srebrenicako eta Sarajevoko sarraskien erantzule izatea egotzita.

Bukatu dituzte lanak

Hogei urteko ibilbidearen azken epaia izan da Mladic general ohiaren aurkakoa. Izan ere, urte amaieran desagertuko da Jugoslavia ohiko gerra krimenak ikertu eta epaitzeko bereziki sortutako auzitegia. Denbora horretan 161 salaketa ikertu dituzte, tartean gaurkoa. Hortik aurrera eta erabakitzeke dauden helegiteak NBEren menpeko beste auzitegi batek hartuko ditu bere gain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.