Alaves 1-2 Eibar

Eibarrek eraman du jaitsieratik urruntzeko derbia

Eibar Alavesi nagusitu zaio Mendizorrotzan, eta garaipenak jaitsiera postuetatik urruntzeko balio izan dio. Aldiz, azken-aurreko postuan gelditu da Alaves, 6 punturekin.

Eibarko jokalariak Alavesi eginiko goletako bat ospatzen, gaur, Mendizorrotzan.
Eibarko jokalariak Alavesi eginiko goletako bat ospatzen, gaur, Mendizorrotzan. Janan Ruiz/Argazki Pres

Berria

2017ko azaroak 25

Hasieratik izan da gehiago Eibar, eta jokoan erakutsi duen nagusitasunak gola izan du sari 32. minutuan. Alejok eskuin hegaletik jarritako erdiraketak Alavesen arean utzi du baloia, eta hainbat aldaratzeren ondoren, Jordanek atea zulatzea lortu du.

Lehen zatia amaitzear zela are gehiago zaildu zaio partida Alavesi, epaileak txartel gorria atera baitio Santosi —2. txartel horia zuen—, Arbillari buruan ostikoa emateagatik.

Bigarren zatiaren hasieran ere Eibarren aldekoak izan dira aukerak. Charlesek buruz errematatu du Caparen erdiraketa bat 50. minutuan, baina Pachecok zailtasun handirik gabe gelditu du. 69. minutuan, ordea, Chalesek berak buruz egin du Eibarren bigarrena, Alejok eskuin hegaletik egindako erdiraketa baliatuz.

Eibarren bigarren golaren egileari txartel gorria atera dio epaileak 83. minutuan, baloirik gabe ostiko bat emateagatik, eta ondorioz, hamarna jokalarirekin gelditu dira Alaves eta Eibar.

Partidaren azken txanpan, 90. minutuan, markagailuko aldea murriztu du Alavesek, Burguiren egindako golarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna