Hilberria

Luis Iriondo Etxaniz aktore eta musikagilea hil da

Larunbatean hil zen aktore eta musikagile azkoitiarra, 86 urterekin.

Luis Iriondo, artxiboko irudi batean. /
Luis Iriondo, artxiboko irudi batean. / Imanol Otegi/Argazki Press

'Urola Kostako Hitza' -

2017ko azaroak 27

Eusko Jaurlaritzako Harreman Publikoetarako arduraduna izan zen, eta Euskadiko Kutxako publizitate arduraduna ere bai —langintza horretan zela euskararen aldeko kanpainak egin zituen—. La Voz de España egunkarian eta Loiolako Herri Irratian kolaboratzailea izan zen, eta ETBko zuzendaria 1982tik 1984ra. Administrari ikasketak egin zituen, eta Bizkaiko Kutxan eta Azkoitiko Aforasa enpresan ere lan egin zuen.

Iriondoren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da, astelehena, 19:00etan, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian.

Txikitatik zituen gustuko komunikazioa eta ikuskizunen mundua; gaztetan Los Contrapuntos musika taldea osatu zuen lagun batzuekin batera, eta hainbat disko grabatu zituzten: Aquí las Vascongadas, Navidad vasca, Cantos vascos, Romería en el Pais Vasco, Agur jaunak! eta Kontrapuntoak euskeraz, besteak beste. Donostiako Viktoria Eugenian eman zuten lehen kontzertua, eta, geroago, konposatzaile lanetan ere aritu zen Mocedades, Manolo Escobar, Sara Montiel eta Concha Velascorentzat, besteak beste.

1970eko hamarkadaren hasieran, zinemaren munduan hasi zen lanean, Ferran Llagostera zuzendariaren bidez, eta hainbat dokumental egin zituzten elkarrekin. 1978an, Companys, proces a Catalunya pelikularekin debutatu zuen aktore bezala, eta geroztik hainbat ekoizpen zinematografikotan parte hartu zuen aktore, gidoilari eta ekoizle gisa, hala nol, Ikuska-3 (1979), El pico (1983), La monja alférez (1987) eta Terranova (1990) lanetan. Ekoizpen zinematografikoetan aritzeaz gain, hainbat liburu ere argitaratu zituen, baita bidaia liburuak ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna