Argentina

Beste maputxe bat Macriren zerrenda beltzean

Rafael Nahuel hil zuen Poliziak Bariloche inguruan, herenegun, Nahuel Huapi parketik maputxeak indarrez ateratzen ari zirela. Protestak izan ziren atzo Argentinan.

Santiago Maldonadoren omenezko ekitaldia. EFE
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko azaroaren 27a
15:12
Entzun

Nahuel Huapi parkeko lurrak berreskuratu nahian okupatu zituzten maputxeek ostegunean, baina larunbatean, Argantinako segurtasun indarrak sartu, handik atera, eta tiroz hil zuten Naguel 27 urteko gaztea. Beste hiru maputxe ere zauritu zituzten, horietatik bat larri. Patagoniako eremu osoa hesitu zuten ondoren segurtasun indarrek. Luis Pilquiman maputxeen eremuko buruetako batek esan zuenez, "lurrak hutsarazi zituztenean umeak eta emakumeak zeden bakarrik. Gizonek mendira alde egin zuten. Haiei jarraitu, eta tiroka hasi ziren, ez besterik".

Santiago Maldonado udan desagerrarazi zuten maputxea agurtzeko ekitaldia egiten ari ziren unean bertan gertatu zen Nahuelen heriotza. Joan den ostiralean, Justiziak familiaren esku utzi zuen Maldonadoren gorpua. Esan zutenez, autopsiak baieztatu du itota hil zela, familak ematen duen bertsioa ukatuz. Maldonado udan desagertu zen, eta urriaren 17an agertu zen ibai batean hilotz. 80 egun egin zituen desagerturik. Abuztuaren 1ean Argentinako Jendarmeria Nazionala maputxeen aldeko manifestazio bateko parte hartzaileei jazarri zitzaienean desagertu zen 28 urteko gaztea. Protesta Chubut probintziako Lof Cushamengo landako komunan egin zuten, Facundo Jones Huala preso politiko maputxea aske uzteko eskatzeko, eta Benetton Italiako arropa markak Patagonian erositako lurrak maputxeenak direla aldarrikatzeko.

Ez da berria maputxeen kontrako jazarpena, baina Mauricio Macri presidente denetik, areagotu egin dira maputxeen lurrak husteko ekintzak. "Talde terroristak" daudela-eta segurtasun indarren presentzia nabarmen handitu da Patagonia eremuan. Atzo protesta egin zuten, bai Barilochen eta baita Argentinako beste hainbat hiritan ere, hilketa eta jazarpena salatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.