Literatura

Mendia dute "gertaleku" Aingeru Epaltzaren 'Mendi-joak' liburuko ipuinek

Lau urte igaro dira 'Erresuma eta fedea' trilogiaren hirugarren nobela kaleratu zuenetik; XVI-XVII. mendetik gaur egunera jauzi egin du, eta mendia eta mendizaletasuna erabili ditu gaur egungo gizartearen hainbat aje islatzeko.

BERRIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2017ko azaroak 28

Mendian edo mendizaletasunean girotu eta oinarrituriko hamar ipuin bildu ditu Aingeru Epaltzak Mendi-joak (Elkar) ipuin liburu berrian. Mendizalea da Epaltza bera, mendizaletasuna "ia obsesiboki" bizi duena. "Hala ere, nik literatura ez dut ulertzen gatazkarik gabe, eta egungo gizartearen arazoak azaltzeko mendizaletasuna egokia dela iruditzen zitzaidan, mendizaletasunaren bidez azal baitaitezke kontsumismoa, elkartasun eza, matxismoa, nagusikeria, enpatia falta...". Mendizaletasuna bera izan liteke "patologia bat", idazlearen hiztetan. "Zaletasuna bihur liteke obsesio. Eta nik ere obsesio hori bizi dut"

Ipuinetako asko kokatu ditu bere mendigune gogokoenetan, Aralar-Malloetan, Nafarroako nahiz Frantziako Pirineoetan, eta Marokoko Atlasetan. Ipuin bakarra kokatu du inoiz egon gabeko mendi batean, Kilimanjaron, hain zuzen ere. Gisa guztietako ipuinak idatzi ditu. Badira nobela txiki baten luzera izan dezaketenak, 50 orri ingurukoak, eta badira 10 orritara iristen ez direnak ere. Lehen pertsonan idatzitakoak, hirugarren pertsonan onduak eta baita bigarren pertsonan osatuak ere. "Beldur nintzen protagonista gehienek nire antza handiegia izango ote zuten, hau da, 60 urte ingurura hurbiltzen ari den gizon batena, zeinak bikotea duen eta guraso den. Horregatik, bestelako pertsonaiak ere eraiki nituen, emakumezkoak eta baita haurren bat ere". 

Erdi-Aroan kokaturiko trilogia idatzi ondoren "desintoxikatu" beharra zuen Epaltzak. "Horretarako mendirako joera berreskuratu eta idatzi egin dut. Eta idatzi dut oso bestelako tonuan. Hizkera ere desberdina da".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna