Noiz sortua: 2017-11-29 13:30:23

Mundua

Europa eta Afrika, desorekari irtenbidea eman beharrean

Gaur eta bihar egingo dituzte bilerak Europako Batasunak eta Afrikako Batasunak, Abidjanen, Boli Kostan.

Afrikako hamarnaka herritar etorkinak behin-behinean hartzeko zentro batera iristen, Melillan (Espainia). /
Afrikako hamarnaka herritar etorkinak behin-behinean hartzeko zentro batera iristen, Melillan (Espainia). / Francisco G. Guerrero/EFE

Berria -

2017ko azaroak 29

Europa zahartuz doan neurrian gaztetzen ari da Afrika, eta gero eta gazteagoa eta jendetsuagoa izango da, gainera, eta iparralderako emigrazioa, handiagoa. 1.200 milioi pertsona bizi dira, munduko biztanleen %15, eta 2050ean 2.400 milioi izan ditzake. Europako Batasunak, berriz, inbertsio handiak ditu Afrikan: hidrokarburoak, ikatza eta eguzki energia behar ditu, beste gauza askoren artean, eta ustiaketa egiten jarraitzeko itsas eta lur ibilbide seguruak ere bai. Egoera horri aurre egiteko, beraz, hobetu eta egonkortu egin behar du harremanak, baina desorekak eta Europaren nagusitasunak ez ditu errazak egiten Europako Batasunaren eta Afrikako Batasunaren arteko hitzarmenak: oso mantso jartzen dira indarrean hartutako erabakiak, eta maiz alferrikakoak izan dira.

Premiazko erantzunak behar dituzte, ordea. Migrazioa da mahai gainean dagoen gai nagusietakoa. Batetik, emigrazioa geldiarazteko sorlekuetan inbertsioak bultzatu nahi ditu EBk, eta baita segurtasunari dagozkionak ere, Europako merkatuak behar dituen ibilbideak ziurtatzeko. Baina herri askotako gobernu ahulak edota gerrek ez dute erraz egiten proiektuak bideratzea, eta iparraldera ez iristeko segurtasun tapoiek, hau da, herrialdeetako mugetan segurtasuna indartzeko inbertsioek, ez dute arazoa konpontzen, gerratik edo pobreziatik ihesean dabiltzan herritarrek beste bide batzuk bilatzen dituztelako, are arriskutsuagoak, mafien esku daudelako. Hor dago azkenaldian plazaratu den adibide krudelenetako bat: Saharaz hegoaldeko emigranteek jasaten dituzten esplotazioa eta esklabotza, bizitza hobea aurkitzeko zeharkaldian. 

Bileraren lehen puntua, beraz, Afrikako gazteentzako inbertsioa izango da: nola eman ikasteko eta garatzeko aukera, eta nola sortu lanpostuak, euren herrietan gera daitezen. Horrez gainera, beste gai hauek ere landuko dituzte:

Bakea eta segurtasuna.

Gobernagarritasuna, giza eskubideak, migrazioa eta mugikortasuna.

Inbertsioa eta merkataritza.

Eskumenen garapena.

Merkataritza askea. Bi kontinenteen arteko merkataritza askea bultzatzeko aurrerapausoak egitea izango da goi bileraren beste egiteko bat. Nigeriaren ezezkoa da gaur egun oztopo nagusia, eta akordioa egiteko kide guztiek onartu behar dute. Nigeria inguruko ekonomia indartsuenetakoa da, eta baldur da bere manufaktura industriaren kalterako izango dela, eta oro har ekonomia osorako, ez litzatekeelako gai izango atzerriko lehiari aurre egiteko.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna