Euskal presoak

Urtarrilaren 17an emango dute Sorzabalen euroaginduei buruzko epaia

Istanbulgo protokoloa ezarri diote, Espainian atxilotua izan zenean torturatua izan zen aztertzeko. Egileek "sinesgarritasuna" eman diote Sorzabalen testigantzari. Prokuradoreak txosten hori eta garaiko epaileenak eskatu ditu.

Sorzabalen tortura salaketari buruzko prentsaurrekoa, 2002an
Sorzabalen tortura salaketari buruzko prentsaurrekoa, 2002an / Jon Urbe (Argazki Press)

Berria

2017ko abenduak 6

Parisko Helegite Auzitegiak atzeratu egin du Iratxe Sorzabal euskal presoaren kontrako euroaginduen epaia. Bere abokatuak eskatuta, Istanbulgo protokoloa ezarri diote, 2001ean Espainian atxilotu zutenean torturatua izan zen aztertzeko. Txostean egin duten perituek "sinesgarritasuna" eman diote Sorzabalen testigantzari.

Prokuradoreak txosten hori eta orduan haren zaintzaz eta tortura salaketaz arduratu ziren epaileenak eskatu ditu. Ondoren erabakiko dute epaileek.

2015eko irailaren 22an atxilotu zuten Sorzabal, David Plarekin batera, Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta geroztik preso dago Frantzian.

2001ean atxilotu zuten Espanian. Polizia etxean zegoela, bere buruaren kontra deklaratu eta hiru atentatutan esku hartu zuela esan zuen. Deklarazio hori ukatu egin zuen geroago, eta torturapean egin zuela adierazi zuen, torturak salatzeaz batera.

Espainiako Auzitegi Nazionalak hiru euroagindu eskaera egin ditu haren kontra, 1995ean eta 1996an Asturiasen (Espainia), Alacanten (Herrialde Katalanak) eta Irunen (Gipuzkoa) gertaturiko hiru atentatu direla eta, presoa Espainiara bidali eta han epaitzeko asmoz.

Tortura salaketa "sinesgarria"

Sorzabalen abokatu Xantiana Cachenautek Berria-ri azaldu dionez, Instabuleko protokoloarekin eginiko azterketaren emaitzek "sinesgarritasun handia" eman diote tortura testigantzari. Sorzabalek berak hartu du hitza gaurko saioan. Abokatuaren arabera "emozio askorekin" aipatu du "oso bortitza" izan dela azterketa egin beharra, "berriz bizi" behar izan dituelako "torturatua" izan zeneko momentuak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna