SOS deia Europari

ANCk eta Omnium Culturalek Bruselan antolatutako manifestazioak aurreikuspenak gainditu ditu. 45.000 lagun izan dira, Poliziaren arabera.

Jendetza bildu da Bruselan, preso politikoen askatasuna eskatzeko. /
Jendetza bildu da Bruselan, preso politikoen askatasuna eskatzeko. / Omnium

Samara Velte

2017ko abenduak 8

11:30ean ziren abiatzekoak, baina uste baino jende gehiago elkartu dela-eta orduerdi pasatxo atzeratu behar izan dute irteera. Azkenean, Belgikako Poliziak hasiera puntua aldatu eta ibilbidea luzatu du. Hain zuzen ere, 45.000 lagun bildu dira Belgikako hiriburuan, Poliziaren zenbaketen arabera. Horien artera bildu da Carles Puidemont presidentea ere.

Lepoko hori bat darama soinean —manifestari orok daramate zerbait horia—, horixe izan baitzen antolatzaileek eskatu zutena: horiz janztea Brusela, presoen askatasuna eskatzeko aldarrikapen gisa.

Junts per Catalunyako eta ERCko hautagaiak ere elkartu dira manifestaziora, baita CUPeko ordezkariak ere. Hasierako pankarta eramaten, berriz, ANC Biltzar Nazional Katalaneko Agusti Alcoberro eta Omnium Culturaleko Marcel Mauri presidenteak doaz, Meritxell Serret kontseilariarekin eta PDECateko koordinatzaile nagusi Marta Paskalekin batera.

"Generalitateari babesa emateko Bruselara etorri den Katalunia hau, hori baketsuz jantzi den hau, hau bera da guk nahi dugun Europaren aurpegi atseginena", esan du Carles Puigdemont presidenteak Belgikako hiriburura joandakoei eskerrak emanez.

Preso politikoak askatzeko eskatzera joan direla Bruselara berretsi du Marta Rovira ERCko buruak, protesta hasi aurretik egindako adierazpenetan: "Boz hauek garbiak izan daitezela eskatzen dugu, berdintasunean egin daitezela, eta preso politikoak ere hautagai dira, eta beraz kanpainan parte hartzeko eskubidea dute".

Alcoberrok presio egiteko eskatu dio Europari Kataluniako errepublika eraikitzeko negoziazioak has ditzaten Espainiako agintariek. "Aurki, Europako banderak beste izartxo bat edukiko du", iragarri du. Europan egun oraindik preso politikoak eta erbesteko gobernuak daudela salatu du Maurik bere aldetik eta sostengua helarazi dio Generalitateari: "Ez dugu bakarrik utziko bere herriaren ideien alde egiten duena".

Atzotik katalanez josia zegoen Brusela, baina azken orduan milaka lagun heldu dira autobusez, hegazkinez eta autoz: 250 autobus iritsi dira. Europako Batasuneko bihotzera euren aldarrikapenak eramateko asmoz, eta kargugabetu duten gobernuari babesa ematera. "Gauzak gerta daitezen nahi dugu, Europak entzun gaitzala", azaldu dute antolatzaileek.

Bi aurpegi

Europako Batzordeko presidenteorde Frans Timmermansek ontzat eman du gaur Bruselan egin duten manifestazioa, baina, aldi berean, parekatu egin du aurrez Espainiaren batasunaren alde egin direnekin. "Bi aldeetako ordezkariak ikusi ditugu euren iritzia adierazten. Norbait legearekin ados ez badago zalantzan jar dezake, baina onartu ezin dena da hari entzungor egitea".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna