Aurrekontuak

EAJk eta PPk Arabako kontuak adostu dituzte

Foru aldundiari "egonkortasuna" emango diola ziurtatu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. Akordioa gaitzetsi du EH Bilduk: "Ahaldun nagusiari inposatu egin diote zeinekin negoziatu".

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Jose Luis Cimiano Ogasun konseilaria, artxiboko irudi batean. /
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Jose Luis Cimiano Ogasun konseilaria, artxiboko irudi batean. / Juanan Ruiz/Argazki Press

Iñaki Lasa Etura

2017ko abenduak 7

Askatu da Arabako aurrekontuen korapiloa. EAJk eta PSE-EEk osatutako Foru Gobernuak eta PPk 2018ko kontuak bermatuko dituen akordioa sinatu dute. Alderdi popularrak jakinarazi du berria, alderdiaren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Ana Moralesek egindako prentsaurrekoaren bitartez. Arabako "politikaren norantza aldatzen" duen akordioa dela adierazi du, eta pozik azaldu du "EH Bilduren influentzia" desagertzea dakarrela: "erradikalitatetik aldentzen da, eta pertsonengan eta haien ongizatean pentsatzen du". Ondorioz, bultzada jaso du gutxiengoan den EAJren eta PSE-EEren gobernuak, urtebetez bada ere.

Oso pozik mintzatu da ere Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia. Hazkunde ekonomia bermatzeko tresnarik egokiena "egonkortasuna" dela nabarmen du. "Akordioak aldundiaren proiektu nagusiak aurrera ateratzea ahalbidetuko du, ez dio uko egiten proiektu bat berari ere.

Jakina zen EAJren, PSEren eta PPren arteko negoziazioak bide onetik zoazela eta aurrekontua gero eta gertuago zegoela. Hasierako desadostasunak konponduta, elkarrizketa bideratu eta bideraktu zuten azken egunetan hiru alderdiek.Gonzalezek jakinarazi zuen PPrekin azken egunotan izandako negoziazioak nahikoa aurreratuta zeudela eta «diru sail zehatzen» inguruan ari zirela hizketan. «Akordioa lortzeko eginahalak egingo ditugu», ziurtatu zuen. PPk ere aitortu zuen «sintonia ona» dagoela gobernuarekin.

EAJk eta PSE-EEk EH Bildu izan dute bidelagun aurreko bi urteetako aurrekontuetan. Egoera, baina, aldatu egin da Eusko Jaurlaritzan PPren babesa izan zutenetik. Horregatik, gaurko akordioa gaitzetsi du EH Bilduk, eta beste aurrekontuekin lotu du berria. Kike Fernandez de Pinedo koalizioaren Batzar Nagusietako bozeramaileak adierazi du erabakia ez dela Araban hartu, "beste joko zelai batean", baizik. "Ahaldun nagusiari Sabin Etxeatik inposatu diote zeinekin negoziatu behar zuen. PPrekin adostu behar zuela esan diote". Politika neoliberalen garaipena dela zehatu du, eta Araba dela galtzaile. Osoko zuzenketa aurkeztuko du EH Bilduk.

Aldundiko akordioak ez du islarik izan, oraingoz, Gasteiko Udalean. Zail du babesa lortzea Gorka Urtaranek, bai PPrekin bai ezkerreko alderdiekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna