Ekialde Hurbila

Hirugarren Intifadarako deia egin du Hamasek

Trumpek Jerusalem Israelgo hiriburutzat hartzea erabaki izanak "aro politiko baten amaiera" dakarrela ohartarazi du Haniyehek. Greba orokorra antolatu dute mugimendu palestinarrek.

Soldadu israeldarrak Belenen, Zisjordanian. /
Soldadu israeldarrak Belenen, Zisjordanian. / Abed Al Hashlamoun/EFE

Berria

2017ko abenduak 7

"Abenduaren 8a haserrearen eguna izango da eta Jerusalemen askatasuna izeneko Intifadaren hasiera", ohartarazi du Hamaseko buru Ismail Haniyehek. Haserre hitz egin du berak ere AEBetako presidenteak egindako iragarpenaren ondotik. Hamaseko buruak erantzun dio Donald Trumpi esanez Jerusalem ez dela ez mendebaldekoa eta ezta ekialdekoa ere, "Palestina osoaren hiriburu" baizik.

"Osloko tuneletik irten" eta egungo egoeraz hitz egiteko bilera batera deitu du Haniyehek Palestinako Aginte Nazionala ere. "Erabakiak hartu behar ditugu, politikak egin eta Jerusalemen eta Palestinaren aurkako egitasmo berri honi aurre egiteko estrategiak adostu".

Hamaseko buruarekin bat etorri da Palestinako lehen ministro Rami Hamdala ere eta nabarmendu du Jerusalemek palestinarren hiriburu izaten jarraituko duela, atzerriko agintariek egiten dituzten adierazpenak egiten dituztela ere. "Palestina 1967ko mugetara itzuliko da eta Jerusalem izango du hiriburu. Trumpen erabakiaren aurka egingo dugu".

Istiluak Zisjordanian eta Gazan

Gutxienez 31 palestinar zauritu dira Israelgo soldaduekin izandako enfrentamenduetan, haietatik 11 tiroz. Zisjordanian 24 pertsona artatu behar izan dituzte, lau tiroek eragindako zauriengatik eta gainontzekoak gomazko balek jota. Tul Karmen eta Qalqilyahen izan dira liskarrak.

Mugimendu palestinarrek greba orokorra antolatu dute eta zenbaitek borroka armatura itzultzeko deia egin dute. Bestalde Tel Avivek iragarri du gogortu egin dituela Zisjordaniako segurtasun neurriak datozen egunetarako deitutako protestak direla eta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna