Euskal presoak

Parisko manifestazioaren unean uneko kontakizuna

'Orain presoak' lelopean manifestazio jendetsua egin dute Parisen. Harekin bat egin du azken asteetan Frantziako espetxeak igaro dituen birak.

BERRIA

Berria -

2017ko abenduak 9

*Euskal presoek bizi duten salbuespen egoera salatu eta behin betiko amaitzeko eskatzea izan da protestaren da helburua.

*Espainia eta Frantziako legediek gaixo dauden presoak aske uztea ahalbidetzen duela gogorarazi dute hizlariek, eta horretarako urratsak egiteko eskatu diete agintariei.

*Bake prozesuan parte hartzeko eskatu diote bakegileek Madrili, eta hura horretara bultzatzeko Bilbon urtarrilean egingo den manifestaziora joateko galdegin diete herritarrei.

Zuzeneko kontakizuna

18:08
2017-12-09

Frantzia, gerturatze eskari indibidualak aztertzeko prest

"Printzipioz, Justizia Ministerioak ez du ezer euskal atxilotuen hurbiltzearen kontra, beti ere eskari horiek koadro indibidul baten barruan egiten badira, eta ez koadro koletibo batean". Frantziako Justizia Ministerioko bozeramaile Youssef Badr-en ahotan jarri dituzte Frantziako hedabide batzuek hitz horiek; atzo esan bide zituen. Ministerioak berak ez du adierazpen ofizialik egin gaurko Parisko martxaren ondoren, baina hedabide horiek azaldu dute banakako eskariak aztertzeko prest legokeela gobernua; ez, ordea, eskari kolektibo bati erantzuteko, eta euskal presoen izaera politikoa aitortzeko.

Badr joan den urriaren 16an izendatu zuten Justizia Ministerioko bozeramaile. Epaile izandakoa da, eta gaztea da; 36 urte ditu. Bakegileekin elkarrizketak martxan direla onartu du, eta bide onean doazela erantsi: "Bada elkarrizketa eraikitzaile bat".

Euskal presoen auzia ez da Justizia Ministerioak eskuetan duen bakarra. Preso korsikar askok irlara eramateko egindako eskariak ere aztertzen ari da Frantzia.

Mikel P. Ansa

Mikel P. Ansa

14:43
2017-12-09

Mixel Berhokoirigoin, bakegilea

"Preso eta iheslari guztiak itzuliko diren bakea nahi dugu, biktima guztiak aitortzea ahalbidetuko duena; baina bake hori bakoitzak elikatu behar du, eta bakoitzaren urratsak bultzatuko du bestearena. Espainiako Gobernuak ere bake prozesuan sartu behar du, urratsak egin behar ditu, eta horregatik dei egiten diogu jendeari parte har dezan urtarrilean Bilbon egingo den presoen aldeko manifestazioan".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:35
2017-12-09

Michel Tubiana, Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea

"Ez du merezi beste hamar urtez mendekua eta gorrotoa bultzatzen jarraitzea. Pentsatzea preso direnek beren ekintzetatik haratago erantzun behar dutela okerreko ideia da. Eskatzen dugu euskal presoak besteen pare tratatzea. Ez dugu onartzen gure ondokoei uztea bake prozesuan aurrera egiteko eginbeharra. Ez dugu nahi hamar urte barru ere bortizkeriaren ondorioez hitz egiten jarraitzea. Asko nahi dugu; hesiak ireki nahi dtugu, bakearen aldeko borroka, bizitzaren aldeko borroka delako"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:26
2017-12-09

Juana Haranburu, Frederic Haranbururen alaba

"Presoen senideok sufritzen dugu. Salbuespenezko neurria da larriki gaixo dauden presoak ez askatzea, nahiz eta Frantziako eta Espainiako legeek hori aurreikusi. Presio izugarria bizi dugu. Horren ondorio dira errepidean hildako 6 senide eta lagunak. Neurri horiek guztiek oinarrizko eskubideak, bizitzeko eskubidea, urratzen dute. Horregatik hemen, Parisen, diogu: nahi ditugu bizirik eta etxean!"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:21
2017-12-09

Fabienne Servan Schreiber

"Armak isildu dira, eta gudariak bake prozesu batean sartu dira, gizarte zibilaren sostenguarekin. Horregaik dei egiten diegu agintariei erantzun diezaioten euskal presoen egoerari eta aplika ditzaten indarrean dauden legeak, presoak gerturatuz eta gaixo daudenak aske utziz"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:12
2017-12-09

Jean Rene Etxegarai

"Gatazka luzeegia bizi izan du Euskal Herriko gizarteak. Aieteko Konferentzia egin zela badira zazpi urte, eta Frantziaren eta Espainiaren isiltasunaren aurrean gizarte zibilak esku hartu zuen duela urtebete Luhuson. Orain hurrengo urratsa pesoen salbuespen egoera amaitzea uste dugu".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:09
2017-12-09

Funosas: "Hau ez zen posible izango gizarte zibilaren, instituzioen eta hautetsien parte hartzerik gabe. Mila esker!"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:08
2017-12-09

Anaiz Funonsas, Bake Bidean

"Aurreikuspen guztiz gainditu ditugu. 11.000 pertona gara gaur Parisen, 'Orain presoak!' esateko"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

14:00
2017-12-09

Bakegileen eskaera

"Amaitu euskal presoei ezarritako salbuespen neurriak eta sakabanaketa politika"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:38
2017-12-09

11.000 lagun Parisen

Antolatzaileek eman dituzten lehen kopuruen arabera, 11.000 pertsonatik gora bildu ditu euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:27
2017-12-09

Julien Bayou, Frantziako alderdi berdeko bozeramailea

"Luhusokoa egin zenetik historikoa da egiten dena gizarte zibilak bultzaturik. Salbuespen erregimena bukatu behar da orain. Urruntze neurriak arriskutsuak dira bai presoentzat, baita familientzat ere"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

13:17
2017-12-09

Azken egunetan Frantzian egin duten espetxeen bira eta Parisko manifestazioa bera ezinezko lirateke Espainian, hala iritzi dio Foro Sozialeko kide Teresa Todak: "Imajina dezagun esetxe biraren antzeko zerbait Espainian: Guardia Zibila izango genuke espetxe atarian".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:57
2017-12-09

Jose Bove, eurodiputatua

"Eri dauden presoak berehala askatuak izan behar dira, besteak hurbildu behar dira. Seinale bat behar dugu ministro anderea, seinale bat".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:51
2017-12-09

Presoen senideen egoera gogorarazi dute bakegileek sareetan zabaldutako mezuan: "Hemen daude senideak ere, urruntzearen ondorioak zuzenean pairatzen dituztenak, ehunka kilometro egin behar dituztenak gertukoak ikusi ahal izateko".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:27
2017-12-09

Euskal presoak etxeratzearen aldeko oihuak nagusi uneotan Parisko 18 juin plazan. Manifestazio buruan, berriz, dena prest. Bertan dira Frantziako Asanbleako hainbat parlamentari.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:21
2017-12-09

Gramond: "Etsaiak nor ditugun argi izan behar dugu. Itxaropenak ez ditut etsaiarengan; nik itxaropenak herriarengan ezarriak ditut. Indarra hortik aterako da, eta behartuak sentitzen direla erranen nuke"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:19
2017-12-09

David Gramond, euskal preso ohia

"Espetxean nengoelarik, manifestaldi bakoitzean gizarte zibilak parte hartzen zueneko oroitzapen onak ditut. Nire ustez preso guztiak hor izanen dira, irratia pizturik edo, ahal dutena egiten dute gurekin izateko"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:11
2017-12-09

Dena prest manifestazioa hasteko. Kartela zabaldu dute dagoeneko, eta laister abiatuko dira.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

12:10
2017-12-09

Benoit Hamon sozialista

"Euskal gizartea eta ordezkari politikoak oso engaiatuak dira. Edo Frantzia posizio zaharkitu batean gelditzen da edo presoen hurbilketa bermatzen du, eskakizun zilegia delako"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:49
2017-12-09

Michel Tubiana: "Uste dut oraindik badela bide egiteko baina gobernuari erran behar diogu bere politikan aldaketak eman behar dituela"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:47
2017-12-09

Rafa Diez: "Pozgarria da gaur Parisen egotea"

Frantziako hiriburuan da Rafa Diez ere, euskal presoen salbuespen egoera salatzeko. "Beste epetxe politika bat behar dugu, presoak etxeratzea ahalbidetuko duena. Gaurtik hasi behar dugu dinamika bat lortzeko".

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:43
2017-12-09

Espetxeen bira

Hogei kartzelatatik igaro da espetxe bira, euskal presoen egoera salatzeko asmoz. Baikor agertu da Emilie Marin Bagoaz mugimenduko eleduna. "Espetxe zuzendariekin ere hitz egin dugu, eta egoera azaldu diegu, eta berdin egin dute presoen senideek ere. Frantziako jendeak ez du gaia ezagutzen"

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:38
2017-12-09

Heldu da bigarren trena ere —bi tren berezi zituzten antolatuak—. Montparnasse betetzen ari da, eta laster autobusak ere irtsiko dira. Ondoren, berriz, espetxeetarako martxako kideak.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:02
2017-12-09

Frantziako Alderdi Sozialistak ere babesa eman dio manifesazioari.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

11:01
2017-12-09

Jende ugari dagoeneko Montparnasseko tren geltokian. Heldu dira lehen trenak, eta minutu gutxi barru autobusak iritsiko dira. Orotara 10.000 lagun inguru espero dituzte gaurko Parisko kaleetan.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor

10:45
2017-12-09

12:00etan harrera egingo diete espexeetarako martxan parte hartu dutenei, eta handik ordu erdira abiatuko da manifestazioa.

Arantxa Elizegi Egilegor

Arantxa Elizegi Egilegor


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna