Durangoko 52. Azoka

110.000 bisitari baino gehiago izan ditu azokak

Datorren urtean, Sormen Bekarako deialdia egingo dute lehen aldiz. Abenduaren 5etik 9ra izango da 53. azoka.

Gaur du azokak azken eguna. /
Gaur du azokak azken eguna. / Monika del Valle/Argazki Press

Berria

2017ko abenduak 11

Gustura gelditu dira antolatzaileak. Azoka itxi aurretik komunikabideetara bidalitako prentsa oharraren arabera, 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du eta 110.000 bisitari baino gehiago. Bost egunetan lehena, abenduaren 6koa, izan zen mugituena, eta gaurkoa lasaiena. Dena den, orokorrean azoka orekatua izan da.

Azoka fisikoak ez ezik, birtualak ere gero eta arrakasta handiagoa du. Abenduaren 6an www.durangokoazoka.eus webguneak marka guztiak hautsi zituen, 8200 bisitarirekin egun bakarrean. "Kulturaren plaza bizitzekoa zela aldarrikatu zuen iaz Azokak, eta aurten ere, hori agerian geratu da: azoka merkatua da, baina aldi berean jaia da, parte-hartzekoa, bizitzekoa da".

Guneak ere gero eta gehiago ezagutzen ditu jendeak, bakoitza bere alorrean "erreferente" bihurtzen ari direlako. Horien artean, aipatu beharrekoa da Ahotsenea, hamar urte bete baititu aurten. "Zuzenekoen karpan musikak inoiz baino aniztasun handiagoa izan du estiloetan, musika ere aldatzen doalako seinale".

Landakon parte hartu duten argitaletxe, diskoetxe eta gainontzeko eragileek aditzera eman dutenez –behintzat Azokako antolakuntzak jaso dituen iritziak–, aurtengo edizioan asko saldu da: kasu batzuetan edizioak agortu dira, eta badira aurreikuspenak gaindituta bueltatu diren erakusketariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna