Euskal Iheslari Politikoak

Erbestea "zigor latza" dela salatu dute

Euskal Iheslari politikoen egoera "zailari" irtenbidea emateko garaia dela salatu dute gaur hainbat iheslari ohik. Estatuen "mendeku gosea" alde batera uzteko eskatu dute.

Kalera Kalera ekimenaren agerraldia. /
Kalera Kalera ekimenaren agerraldia. / Juanan Ruiz/Argazki Press

Edurne Begiristain -

2017ko abenduak 13

Lau urte igaro dira ehunka euskal iheslari politikok Miarritzen euren ekarpena zabaldu zutenetik. 2013ko ekainean iragarri zuten eragile aktiboa izan nahi zutela gatazkaren konponbidean, eta euskal errepresaliatuak etxera itzultzeko garaia zela. Ordutik, 125 iheslari itzuli dira euren sorterrietara, azkenak duela hamar egun inguru. Oraindik, baina, euskal iheslari asko dago erbestean, eta horietako asko "egoera larrian", Jon Irazola iheslari ohiak gaur Gasteizen deitutako prentsaurreko batean azaldu duenez. Gaurko agerraldian, iheslarien egoera "zaila" dela salatu dute hainbat iheslari ohik, eta irtenbidea emateko garaia dela azpimarratu.

Iheslarien egoera latzaren arrazoi batzuk aipatu dituzte prentsaurrekoan: besteak beste, justiziak iheslarien zigorren preskripzioa aintzat ez hartzea, Alemanian izandako azken atxiloketak, deportazioak, eta erbestean iheslariek dituzten bizi baldintza txarrak. "Erbestea zigor latza da", ondorioztatu du Irazolak.

Egun 85-100 iheslari inguru daudela azaldu du Irazolak. "Kopurua ez da zehatza guk ere ez baitakigu nortzuk diren eta non dauden". Horietatik hamabost deportatuak izan dira, beste asko gaixorik daude edo 60 urte baino gehiago dituzte, 40 inguru gerra zikinaren ondorioz erailak izan dira, eta beste bederatzi gaixotasun baten ondorioz hil dira erbestean. Horietako bat, Javier Perez de Nanclares gasteiztarra izan da.  Mexikon hil zen, joan den azaroaren 18an. Haren aldeko omenaldia iragarri du EIPK-k larunbaterako, Gasteizen, 19:00etatik hasita, Auzolana frontoian.

Horiek hala, iheslari ohiek "irtenbidea" eskatu dute erbestean dauden euskal herritarrentzat. Torturapean irekitako sumarioak bertan behera utzita eta preskripzioa aplikatuta askok eta askok etxerako bidea hartuko lukete, Arturo Villanueva iheslari ohiak azaldu duenez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna